Non da Jon? galdera Michele Alliot-Marie ministroaren belarrietara eraman dute
Bostehun bat lagun elkartu dira, larunbat arratsaldean, Askatasunak Biarritzen deitu duen elgarretaratzean. Non da Jon? galdera pausatu dute UMP alderdiak burutu duen ekitaldiaren atarian. Jon Anzaren desagerpena salatzeko ekimena hurbiletik jarraitu du Poliziak eta une batzuetan tentsioa handia sortu da. Hainbat lagun zauritu dira Poliziak manifestarien kontra bortizki jokatu ondoren.
Askatasunak luzaturiko deialdiari jarraituz ehunka lagun bildu dira, larunbat arratsaldean Biarritzen. Hitzordua Clemenceau plazan ezarria zen, arratsaldeko 6etan. Izan ere, Poliziak inguruko kaleak hartuta zituen manifestarien galdera Bellevue Kasinoan burutzen zen ekitaldi politikoan entzun ez zezan.
Bertan tentsio mementuak bizi dira, Poliziak manifestarien protesta oztopatu baitu. Orduan, manifestapena hondartza aldera eraman dute, Bellevue kasinoaren gibelaldean. Hantxe, traktak banatu dituzte hondartzan zegoen jendeari Jon Anzaren desagerpenaren berri emateko.
Alta, poliziek bortizki jokatu dute. Makilkada zein gazak erabilita manifestarien aldarria isilarazten ahalegindu dira. Askatasunako ordezkari batzuk zauritu dira. Beste manifestari bat erietxera eraman dute buruan zauritua izan eta gero.
Hala eta guztiz ere, manifestari batzuk kasinoraino arribatu dira. Mementu horretan, Michelle Alliot-Marie kalera atera da eta buruz-buru izanki, garrasika bada ere, Non da Jon ? galdera luzatu diote Frantziako Barne ministroari.
Poliziaren oharra eta prokuradorearen inkesta
Non da Jon ? galdera ahoz ahoz pasatzen den unean, Poliziak Ahetzeko bizilagunaren desagerpenari erantzunak bilatu beharrean gertakari larri hori salatzeko, gaur arratsean, Biarritzen Askatasunak deitu duen protestari buruz beldur-mezuak zabaltzeari ekin dio.
Hala, Biarritzeko komertsanten artean, UPM ekitaldi baten atarian antolatua zen elgarretaratzean jende anitz bildu zitekela eta istiluak sortzeko arriskua zegoela ohartarazi du Poliziak oharra baten bidez.
Bestalde, joan ostiralean "Le Journal du Pays Basque"k informazio berriak plazaratu zituen Baionako prokuradoreak afera honen karietara zabaldu duen inkestari buruz. Hala nola, tren geltokietan eginen dituzten grabaketak ezabatu dituztela jakin dugu.
«Espainiar estatuarekin eskuz esku errepresioaren aldeko apostuan jarraitzen du frantziar estatuak eta Jonen desagerketa izan da apostu errepresibo honen azken gertaera» salatu du Askatasunak.
«Frantziar gobernua desagerketa honen harira mantentzen ari den isiltasuna oso susmagarria egiten zaigu eta erantzunkizun guztiak argitzeko eskera luzatzen dugu» gaineratu du elkarteak.
Espreski, "Le Journal du Pays Basque" k Baionako prokuradoreak daraman ikerketari buruz datu zehatzak emanen ditu. Hala nola, Ahetzeko bizilagunak egin zuen bidaia segitzeko baliogarri izan litezken grabaketak desagertu direla argitaratu du aipaturiko kazetak. Iduriz, 72 ordu soilik gordetzen dituzte grabazioak. Bestalde, geltoki guzietan bideo-grabaketa sistema ez da ezarria.
Bestalde, helikoteroz ibilbidea miatu dutela azaldu du prokuradoreak. Bir manera berrogei bat erietxe eta osasun zentroetan galdezkatu ondoren Anzaren arrastorik ez dute aurkitu. Bere diru txartela eta osasun karta ez direla erabiliak izan baieztatu du, bestalde, prokuradorearen enkarguz PJk eraman duen inkesta.





