Non da Jon gure lankidea ? galdera pausatu dute Sokoako beharginek Hendaian
Apirilarez 18az geroztik desagerturik dagoen Jon Anza iheslari politikoak Sokoa entrepresan lan egin zuen gaixotasun larri batek jo aintzin. Hori gogoratuz, eta bereziki, bertoko eragile politikoak eta sindikatuak interpelatzeko asmoz, hilabeteko azken ostegunean elgarretaratzea eginen dute Hendaiako autoportuko biribilean bere lankideek. LAB sindikatak deituta, mobilizazioa egin dute gaur eguerdian.
ĢEzinezkoa zaio demokrazia eta pertsonen eskubideen baloreei lotuta dagoen pertsona orori ixilik gelditzea egoera honen aintzineanģ uste du LABek eta horrexegatik bertako eragile politiko eta sindikalez gain, hendaiarrak orokorrean interpelatzeko asmoarekin, hilebateko azken ostegunean elgarretaratzera deitzen du.
Hartara, hilabeteko azken ostegunetan eguerditik ordu batetara Hendaiako autoportuko biribilean Nun da Jon gure lankidea? galdegiteko elgarretaratzea eginen du Sokoako LABek. Gaur, elgarretaratze berri bat egin dute eguerdi eta oren baten bitartean Hendaiako autoportuko biribilean. Bestalde, Jon Anza non dagoen galdetuko dute, baita ere, gaur arratsaldean eta bihar Hego Euskal Herrian. Amnistiaren aldeko Mugimenduak deituta, Donostian 19:00etan, Bilbon 19:30ean eta Gasteizen 20:00etan, bilduko dira gaur, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean. Iruņean, berriz, bihar eginen dute elgarrateratzea, 19:00etan.
Mobilizazio iraunkor bat proposatzea
Euskaraz eta frantsesez idatzitako pankarta bana zabaldu dute gaur Joncaux lantegi eremuaren sartzean bildu diren lagunek. Oren batez, 40 bat langile txandakatu dira parkarta eramaten edo-ta garraiolari artean traktak banatzen.
Heren Muruaga, LABeko ordezkaria eta Baionako Lan Auzitegiko kontseilariak ekimen honen estreinaldian, joan den ekainean, Kazeta.infori azaldu zioenez, "gure helburua da mobilizazio iraunkor bat proposatzea, eta aitzina begira gaineko sindikatekin mintzatuko gira gure lankide zenaren desagerpena aitzinean bere jarrera azaltzeko aukera emanez".
Urtebete luze lana konpartitzen
Jon Anzak Sokoako lantegian egin zuen lan. Urte bete baino gehiago izan zen gaur eguerdian elgarretaratzean izan diren lagunekin lantokia konpartitzen. Kontratu finkoa bazuen. Alta, osasun arazoak zirela medio, lana utzi behar izan zuen.
Hala eta guziz ere, bere lankideek "oroimen onak" gordetzen dituztela nabarmentzen dute. "Langile ona zen, beti laguntzeko prest zen horretakoa", aipatzen du Ahetzen bizi zen iheslariaren lankide batek.
Orotarat 250 bat lagunek jarduten dute Sokoako entrepresan, horietatik 150 bat Jonek lan egin zuen lantegian. Azken lan hauteskundeetan LAB izan zen langileen artean boz gehien bildu zuen sindikatak. Alta, ordezkari kopuruan CFDT segitzen du izanen sindikatu nagusia.
(Irakur ere: Baionako besten kari ere Askatasunak hitzorduak jarri ditu )





