Olentzerori lehen harrera eginen diote gaur eskola anitzetan eta asteburuan herriz herri ibiliko da menditik etorritako ikazkina

Argitaratua: 2009-12-18 13:36:19

Olentzerori kantuak eta marrazkiak, arnoa eta gazta eskeini zizkioten Urruñako eskoletako haurrek joan den astelehenean izandako bestan.

Eguberriko oporraldiaren abiatzea ospatzeko besta anitz badira arrats huntan Ipar Euskal Herriko eskoletan. Exenplu soil bat, Urruñako Piarres Larzabal kolegioan arratsalde huntan ikasleen musika saioa antolatu dute. Afixan: eguberriko kantuak, komitak, eta sorpresak. Bihartik aitzin ikazkinari agurra emateko parada ukanen da herri anitzetan. Besteak beste, Hazparne, Baiona edo-ta Biarritzen ekitaldiak antolatu dituzte.

Asteburuan menditik etortzen den ikantza Iparraldeko txoko anitzetan azalduko da solztizio berria datorrela iragartzeko. Bere ibilbide guzia zehaztea zaila bada ere, ondoko lerrotan Olentzerok eginen dituen hainbat agerraldi aipatzen ditugu.

Hazparnen, herriko UCAk proposatzen duen eguberriko merkatuaren kari, Eihartzea kultur etxeak Olentzero inguruko animazioak antolatuko ditu abendoaren 19an, ibiakoitzarekin.

Biarritzen, Arrokak eta eskolek antolaturik, larunbatean, goizeko 10.00etatik landa etorriko da Olentzero ttipi eta handien pozerako. HItzordua Baratze Publikoan da. Ondotik, desfilea izanen da Biarritzeko karriketan, Merkaturaino. Bertan, «Olentzero Kantuz» berezia izanen da. Eskoletako haurren marrazkien erakusketa merkatuan bertan eginen dute. Bestalde, arratsaldeko 16.00etatik landa, mediatekako gazte eremuak eta Euskara bulegoak " Pello eta Otsoa"? Prokoviev-en musika olerkiaren euskarazko bertsioaren erakustaldia antolatzen dute. ( Sartzea urririk da ).

Baionarat battelekuz arribatuko da ikazkina
Ohi bezala, Olentzero Baionarat etorriko da Eguberriko aintzinero larunbat huntan ere. Ikazkina battelekuz arribatuko da Errobi behera Lapurdiko hiribururat. Goizetik animazio anitzek airostuko dute hiria eta arratsaldean gomita bereziak izanen dira Olentzero errezibitzeko.

Hiruki elkartearen eskutik dator Olentzero Baionarat baina herriko beste elkartek anitzek lagunduko dute ikazkina bere ibilbidean. Hauxe Olentzerok Lapurdiko hiriburuen duen programa:

  • Goizeko 10.00etan : Auzoen animazioa izanen da Baionako koroekin, Erro Bat eta Jo Txistuako txistulariekin.
  • 12etatik 12ak30tarat : Olentzeroren bila doatzin batteleku desfilea Errobin behera.
  • 14 etan : Orai Bateko joaldunen eta tanborradaren desfilea (San Izpiritu, San Andres, Baiona haundian ) AB Boum batukadak lauzkaturik.
  • 15ak30tan: Olentzeroren arribantxa battelekuz Xaho gunerat. Ondotik ibilaldia karriketan, Orai Bateko Joaldunak eta Tanborrada, Jo Txistua, Baionako Dultzaineroak, AB Bum Batukada, Ikastolako haur eta goizeko kantariekin bai eta Tudelako kantari eta eltzegor jo egileekin.
  • 17etan : Olentzero Herriko Etxeko lehioan eta koroen kantaldia Tanborradarekin.
(Baionako Olentzerori buruz xehetasun guziak: www.hiruki.net )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi