HZk lortu zituen emaitzak hobetu eta 5.603 boz lortu ditu EHAk eta PNBk 3.000 bozka eskuratu ditu

Argitaratua: 2009-06-07 23:03:00

Euskal Herriaren Alde (EHA) hautzagaitzak orain dela bost urte Herritarren Zerrendak eskuratu zituen emaitzak aise gainditu ditu. Espreski %6,15 boz lortu ditu Ipar Euskal Herrian. Orotara 5.639 bozka eskuratu ditu Ixabel Etxeberria buru zuen zerrendak Pirinio Atlantikoetan, prefeturak emandako datuen arabera. 5.603 boz Euskal Herrian. Jean Telletxea buru zuen PNBren zerrendak, bere aldetik, 3.000 bozka lortu ditu Iparraldean eta beste mila bat Biarnon. Hona hemen Etxeberria eta Telletxearen balorapenak.

Ixabel Etxeberriak azaldu duenez, oso pozik dira lortutako emaitzekin, «boz abertzale sendotu eta azkartu egin delako». Oro har «abertzaletasuna indarturik atera dela» hauteskunde hauetatik erranez, aitzina begira ekarlanean aritzeko «arrazoi gehiago» direla nabarmendu du Urruñako hautetsiak.

Prentsa-ohar baten bidez EHAk hauxe erran du: «Ez dugu dudarik emaitza hori hurbiletik begistatua izanen dela Pariseren partetik bainan baita ere Europako instantzia zenbaitzuetatik. Euskal Herria, bere eskubide nazionalak onartuak izan behar dituen Herri bakarraren izaite aldarrikapena ozenki entzun dela gaur Estatuu frantsesean eta espainolean bainan baita ere Europan».

«Dudarik gabe emaitza hori, kanpainan gogorki lanean aritu diren militanteeri zor diegu eta baita ere gure zerrenda sustengatu duten laguneri. Horiekin batean, eskertu nahi ditugu, nola ez, EHA bozkatu duten milaka herritarrak» gaineratzen du oharrak.

EHAk 5.603 bozka lortu ditu Iparraldean. Pirinio Atlantikoetako prefeturak emandako ofizialen arabera, departamenduan 5.639 ( *). Hots, Herrritarren Zerrendak orain dela bost urte lortu zituen emaitzekin aldenduta, 500 boz gehiago eskuratu ditu Ixabel Etxeberria buru duen zerrendak.

Telletxearen balorapena
Lehen aldiz bakarrik aurkezten zen beste indar abertzaleak, PNBk, emaitza aipagarriak lortu ditu. Jean Telletxea buru zuen zerrendak 4.000 bozka eskuratu ditu Pirinio Atlantikoetako departamenduan, eremu zentristan bere marka ezarriz.

Telletxeak nabarmendu duenez lehen aldikotz aurkeztu direla aintzat harturik emaitza ona egin dute jeltzaleek. Bir maneran, EHAk lortu dituen emaitzak aipagai izan ditu Urruñako hautetsiak. Bere ustez, 5603 bozka horiek eta ABk lortu dituenak -«nahiz eta zehazki ezagutu ez xifra»- «abertzaleek bere pisua dutela» erakusten dutela azaldu du Telletxeak.

Frantziako hego-Mendebaldeko hautes-barrutiak artifiziala dela eta zilegitasunik ez duela «Euskal Herriaren nortasun kulturala adierazteko ez duelako balio» azaldu du Telletxeak, eta horregatik Euskal Herriko zazpi lurraldeak aintzat hartuko lituzkeen euro-barrutia aldarrikatu duela kanpainian zehar gogora ekarri du.

(*) Oharra: Hego Mendebaldeko hautes-barrutian EHAk 5 800 boz eskuratu ditu; PNBk 4275; Europe Ecologiek bi hautagai lortu ditu, 415 000 boz eskuratu eta gero.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi