Oskorri taldeak urruñarrak dantza egitera gomitatzen ditu

Argitaratua: 2010-09-03 14:10:53

Oskorri taldea eta dantzariak oholtzan, aurtengo Bilboko Aste Nagusian. Marisol RAMIREZ-Argazki Press

Larunbat huntan abiatuko dira Urruñako bestak. Horren karietara, Oskorri taldearen kantaldia iraganen da, arratseko 22.0etarik goiti, frontoian. Kontzertu horretan, Bizkaiko taldearen kanta ezagunenak entzuteko parada izanen da. Hortaz gain, «Erreboluzio Frantsesean galdutako dantza zahar birsortzeko lana burutu du taldeak. Hots, Natxo de Feliperen taldeak helburu zehatza badu asteburu huntan: Urruñako jendea dantzarazi nahi du.

Gipuzkoako dantza zaharrak birmoldatzeko egitasmo honek urte askotako ibilbidea egin du, Natxo de Felipek azaldu duenaren arabera, orain dela 40 bat urte hasi baitzuten «Erreboluzio Frantsesean galdutako dantza zahar birsortuak» lana.

Laudioko lagun batek bere aitonak bildutako paper batzuk eman zizkien. Inprenta proba batzuk ziren, frantsesez idatzitako zuzenketekin. Urte batzuen buruan konturatu ziren Juan Ignazio Iztuetak egindako liburu baten probak zirela. 1789ko Frantziako Iraultzaren ondorioz, Europatik zetozen moden eragina areagotuz zihoan, eta Gipuzkoako dantza zaharren galeraren lekuko izan zen Iztueta bere gaztaroan. Horren aurka borrokatzeko, dantza horien gaineko ohar ugari eta doinuen partiturak bildu zituen, 1826an ateratako liburuan.

Hortik abiatuta, Oskorrik material gehiago erabili du, ikuskizunari forma emateko. 1840 baino lehenago, biolin-jotzaile eta musika irakasle batek, Woolf abizena zuenak, beste partitura batzuk bildu zituen Atarratzen.

Horien bidez, agerian geratzen zen Gipuzkoako dantzak Zuberoakoen parekideak zirela, antzeko esaldi eta eskema zituztenak. Atzo azaldu zutenez, jauziak, sauts, mutil-dantzak eta mutxikoak izeneko dantzak, funtsean, sistema bereko kideak dira. Iztuetaren liburuan sail horretako 18 dantza inguru daude, eta egitasmoa osatzeko, Baztango dantzariekin batera, dantzakera horiek moldatu dituzte gaur egungo pausoetara.

Dantzak nola ikasi
Larunbat huntan, arratseko 22.00etarik goiti Urruñan aurkeztuko dutem ikuskizun honen helburua, beraz, ondare hori berreskuratzeaz gain, birsortzea ere bada. Era berean, landutakoa irakasteko bide anitz ireki dituzte. Batetik, dantza hauek Interneten bidez ikasteko aukera. Youtube webgunean, «Oskorri dantzak» idatzi, eta hor agertuko dira egin dituzten moldaerak
«Oskorri Dantza Klub»
Geldirik egoteko aitzakia gutxi izanen da, beraz. «Jendea dantzara etortzea gustatuko litzaiguke», azaldu du De Felipek.

Bestalde, «Oskorri Dantza Klub» deritzona jarri dute martxan. Bertan izena ematen duten guztiek, aurrerantzean prestatzen joango diren dantzen musikak, bideoak eta emanaldi berrien deialdiak jasoko dituzte posta elektroniko bidez.

«Non egin behar dugun hurrengo kontzertua, zein dantza prestatu ditugun, aldaketarik baldin badago dantzaren batean... hori guztia. Esaterako, datorren astean maketa berri bat grabatuko dugu dantza berri hauekin eta bidaliko genizkieke mp3 berriak, haiek etxean izateko ordenadorean gordeta eta nahi dutenean entseatzeko.

Dantza taldeetatik harago, dantzazale orori luzatutako proposamena da honakoa eta, batez ere, «gaur egungo euskaldunek gozatzeko egina. Hiri ukitu bat eman nahiko genioke. Helburua ez da tradizio bat bere horretan errekuperatzea. Gure bertsioak modernoak dira, Baztango dantzariak prestatuak, gaur egun ezagutzen den urrats errepertorio osoa kontuan hartuta».


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi