Parise eta Bruselara "seinale politiko argia" bidaltzeko bozkatzea inportantea dela gogoratu dute EHA zerrendaren sustengatzaileek

Argitaratua: 2009-06-03 12:53:37

Benat Elizondo, Urrunako hautetsia, Velerie Etcheverri (CGT) eta Jeronimo Prieto (LAB) sindikalistak, eta Garbine Eraso, Askatasunako kidea, izan dira gaur goizean Baionan EHAk antolatu duen agerraldian. Dagoeneko 1 000 bat jendek sostengatu dute hautagaitza ezkertiar eta abertzalea. Guzien izenean, heldu den igandea EHAri boza emanez Pariseko Gobernuari baina bereziki Europari "seinale politiko argia" bidaltzeko gomita zabaldu dute.

Maite UBIRIA / BAIONA
Garbine Erasok azaldu duenez, herritar anitzek hautagaitza ezkertiar eta abertzalea osatzeko badira aste batzuk soilik egin zuten deia berea egin dute. Hartara, bozkaabertzale.eu blogaren bidez 1 000 bat jendek bere sostengua eman dizkiotela dagoeneko Euskal Herriaren Alde zerrenda osatzen duten emazte eta gizoneri nabarmendu du. Gaurko ekitaldian, sustengu zerrenda horretan agertzen diren hautetsi, laborari eta artisten izenak azpimarratu nahi izan dituzte.

Hala nola, EHA sustengatzen dutenen artean 15 bat hautetsi, 30 laborari eta 35 artista agertzen dira. Azken atal horretan izen ezagunak agertzen dira, besteak beste Sustrai Colina, Karlos Aizpurua, Amets Arzallus, Ekhi Erramundegi, Odei Barroso edo Eneritz Zabaleta bertsulariek zerrenda abertzalea babestu dute. Beste hainbeste egin dute BKBO, Zein Ere, Ekintza, Mak, Zipotzero edo Mix6T musika taldeek.

Valerie Etcheverry eta Jeronimo Prieto, hurrenez-hurren CGT eta LAB sindikatuetako ordezkariek Europa liberala aitzinean " aberastasunaren bidezko banaketa aitzat hartuko duen bestelako eredu ekonomiko eta soziala" aldarrikatzen duen zerrenda ezkertiar eta abertzaleari bozaren bidez sostengatzera dei egin dute.

Jeronimo Prietok azaldu duenez egungo Europa aldatzeko ezkerretik abiatutako alternatibak beharrezkoak dira. Nabarmendu duenez, ondo ulertzen du herritar askok bere arrangura agertzea "Europako Konstituzioa ezetz esan eta gero Frantziak ez duelako hitz hori errespetatu".

Hala eta guziz ere, horrelako jokabide maltzurrarekin "amorratuta sentitzen diren" pertsona guzieri Frantziako Gobernuari, baina bereziki Bruselari, "seinale politiko garbia bidaltzeko" heldu den ekainaren 7an, EHAren alde bozkatzen, gomita luzatu diete.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi