Pertsona bakarra agertzen da identifikatu gabeko hildakoen fitxategian, eta ez da Anza; euskal herritarraren argazkia desagertutako pertsonen artean azaltzen da
Espainiako hedabideek zabaldu dutenez, desagertutako pertsonen fitxategia eta identifikatu gabeko hildakoen fitxategien artean datuak gurutzatu eta gero jakin ahal izan dute Tolosako gorputegian 11 hilabetez izan duten gorpua Jon Anzarena dela. Frantziako Barne ministaritzak interneten bidez zabaldutako fitxategietan soilik pertsona bat agertzen da identifikatu gabeko hildakoen artean. Eta ez da Jon Anza.
Maite UBIRIA | BAIONA
Jon Anzaren argazkia Frantzian desagertutako pertsonen artean agertzen zen atzo. Frantziako Poliziak eta Gendarmeriak hornitzen duten fitxategian segitzen zuen gaur. Orotara desagertuta dauden 61 herritar agertzen dira webgunean . Horien artean Anza. Lehen gogoeta: 60 milio biztanle duen herrialde batendako desagertu kopurua ez dirudi oso altua. Pertsonak desagertzen dira, baita agertu ere...
Litekeena aipatu web orrialdean kasu guziak ez agertzea. Edo beste fitxategi bat izatea. Justiziak argitu beharko du hori. Edonola ere, Anzaren argazkia hantxe izan da. Erietxetako arduradunek identifikatu gabeko paziente bat dutenean ez al dute jotzen edozein herritarrak kontsultatu dezakeen fitxategietara ? Bitxia.
Jarraitu dezagun fitxategietan kuxkuxeatzen. Hara. Identifikatu gabeko hildakoen fitxategian pertsona bakarra agertzen da. Emazte xahar baten marrazturiko portreta eta guzti. Hildako anonimo bakarra Frantzia osoan ? Gutxi dirudi. Frantzian, agian, forensek bere lana betetzen dut: gorpuak atzeman eta identifikatzen dituzte. Are gehiago, Jon Anzaren kasuan bezala, herritar horrek seguritate sozialeko zenbakia duenean. Gehiago oraindik Bordeleko erietxe batean puntako ebakuntza medikua egin diotenean eta xirurgia ekimen horren haritik tiratzekorik dagoenean. Zer esanik ez Baiona-Toulouse tren txartela atzematen dutenean bere poltsikoan... Familiak eta Poliziak erietxean pezkizak egiten dituztenean...





