Informazio Zerbitzuetako burua zen ETAk Arrigorriagan hil duen espainiar polizia
Espainiako polizi bat zendu da goizeko bederatziak eta bostean Arrigorriagan gertatu den atentatuaren ondoren. Ustez ETAk bere kotxe azpian ezarritako lehergailua leherrarazi eta gero hil da, Bilbon, Informazio Zerbitzuetako burua zen Eduardo Puelles Garcia inspektorea. Patxi Lopez lehendakariak atentatuaren kontrako manifestazioa deitu du, bihar arratsalderako, Bilbon.
Lehen berrien arabera, leherketa Arrigorriagako Santa Isabel karrikan suertatu da. Auto batek sua hartu du leherketaren eraginez. Horren ondoren, bertze lau bat autok sua hartu dute.
Hastapenean, leherketa izan dela soilik baieztatu du Gasteizko Gobernuaren Barne Sailak eta auto barruan pertsona bat zela gaineratu du Rodolfo Ares buru duen departamenduak. Handik gutxira, Bilboko axuranta, Ibon Aresok, hauxe erran du: "Liteekena da hildakoa segurtasun indarren kidea izaitea".
Goizeko 10.00ak zirelarik, Arrigorriagan gertatu den atentatuan hilik suertatu den pertsona Espainiako Poliziaren kidea dela azaldu du Barne Sailak. Eduardo Puelles García inspektorea bere autoa hartzera zihoala horren azpian ezarritako lehergailua zartatu da. Leherketaren eraginez, autoa kixkalita gelditu da.
PPren sostenguz Patxi Lopez sozialistak Lehendakaritza hartu eta hilabete batera gertatu da atentatua. Lopez lehendakariak CCOO sindikatarekin aurreikusia zuen bilera bertan behera utzi du. Bir maneran, Nafarroako lehendakariarekin bihar Lopezek burutu behar zuen bilera ezeztatua izan da.
Bestalde, Espainiako presidenteak, Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Suediako lehen ministroarekin, Frederik Reinfeldt-ekin, Bruselan aurreikusia zuen bilerarekin beste horrenbeste egin du.
Aresen agerraldian Gasteizen
Barne sailburuak, Rodolfo Aresek, atentatua "irmoki kondenatu" eta "euskal gizartearen kondena baketsua" aldarrikatu du. Aresek baieztatu duenez, atentatua izan eta gero Lopez lehendakariak alderdiekin hartu-harremanak abiatu ditu atentatuari "erantzun bateratua" emaitea proposatzeko.
Jakin berri dugunez, bihar, arratseko 18.00etan, atentatua deitoratzeko manifestapena deitu du lehendakariak. Atentatuan hildakoa "gutarra zen, Euskadi eta euskal herritarren defendatzaile bat".
À lire aussi: Attentat à la voiture piégée près de Bilbao )
Entzun: Xabier Arzallus Info7 irratian: "ETAren aurkako borroka galduta dauka Espainiak"
Irakurri ere: "Bistan da ez da isileko su-etenik". Xabier Letonak "Argia"n idatzitako artikulua)







