PNB, NPA eta FN alderdiek ez dute bigarren itzuliari begira bozka gomendiorik eman eta EAk PS-Europe Ecologie-Front de Gauche zerrenda sostengatu du

Argitaratua: 2010-03-20 20:34:05

Rousset, erdian, Front de Gauche eta Europe Ecologie-ko zerrendaburuekin lorturiko akordioa ospatzen Bordeleko mitinean.

Hiru hautagai izanen dira igande honetan ospatuko den Eskualdetako Bozketako bigarren itzulian. Alain Rousset sozialista eta UMPko Darcos-en artean Jean Lasalle zentristak lehiari eutsi dio. PS, Front de Gauche eta Europe Ecologie arteko akordioa eskuetan, Alain Roussetek abantaila guziak ditu. Europe Ecologie-ren partadide izanik, EAk jardungo Akitaniako lehendakariak gidatzen duen zerrenda bozkatzera deitu du. PNBk eta NPAk ez dute bozka deiarik zehaztu. Ultraeskuindarrek ez da ere. Bestalde, lurralde elkargoari buruz kontsulta burutuko du Baterak honako herri hauetan: Ahetze, Arbona, Azkaine, Basusarri, Bidarte, Biriatu, Senpere, Ziburu eta Urruña.

Roussetek abantaila guziak izanen ditu bigarren itzulian. Front de Gauche eta Europe Ecologie alderdiak bere aliatu naturalak ditu. Bi indar horiekin zerrenda fusionatu ondoren, garaipena eskura du PSk.

Europe Ecologiek 10 kontseilari gai postuen truke sostengua emanen dio AHT berriaren babesle sutsua den hautagai sozialistari. Roussetek garaitu ezgero, Bordeleko Kontseiluan Pirinio Atlantikoetako bi kontseilari izanen dira: David Grosclaude okzitandarra eta Alice Leiciagueçahar euskalduna. Jardungo erregio kontseilaria den Jean Lissarrek ez luke, akordio horren arabera, kadira bermaturik. Bestalde, AHT kari adierazpena negoziatu dute sozialistek eta ferdeek. Txosten independentea galdegiteko ados dira.

Front de Gauche-ren kasuan, bost kontseilari gai bermatuak lituzkete, horietarik bi Pirinio Atlantikoetakoak -biarnasa biak-. NPA alderdiak, alta, ez du bozka agidurik eman bigarren itzuliari begira.

Eskuin aldean gauzak zailago ditu UMPk aliantzak burutzeko. Modem-eko burua, Jean Lassallek, bigarren itzulian izanen dela baieztatu ondoren, bozka berriak eskuratzeko zailtasunak ditu Darcosen zerrendak.

Lassalle bigarren itzulia izaitea deliberatu eta gero, ultraeskuindarren bozak bereganatzea izanen da Darcosen esperantza bakarra. Hala ere, joan den igandean indarra galdu arren 89 000 boz atxiki dituen Front Nationalek hiru hautagaien artean hauturik ez duela eginen azaldu.

Azkenik, lehen itzulian 7 030 bozka lortu zituzte jeltzaleek ez dute bozka agindurik eman. Agiro baten bidez bere hautesleak beren iritziaren arabera bozkatzera gomitatu du PNBk.

Bestalde, joan den igandean AHT kari ereferenduma egin zuten hainbat herrietan Euskal Herrian lurralde elkargoa sortzeko asmoari buruz galdera pausatuko du Baterak. Honako herri hauetako bizilagunak kontsultan parte hartzeko deia zabaldu du plataformak: Ahetze, Arbona, Azkaine, Basusarri, Bidarte, Biriatu, Senpere, Ziburu eta Urruña.



Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi