Poliziak bahitu izanagatik Juan Mari Mujikak ezarritako salaketa bere egin du instrukzio epaileak
Xiberoan bizi den herritar ataundarrak salatu zuenez abenduaren 11ean kalez jantzitako poliziek bahiturik eduki zuten bi oren eta etxola batean galdeketa egiteaz gain poliziarekin kolaboratzeko eskaintza egin zioten. Espainiako poliziak ziren itxura guztien arabera bahiketa hura burutu zutenak. Horrela salatu zuen ataundarrak Baionako Auzitegian. Oraingoan instrukzio epaileak bere egin du salaketa hori.
Xiberoko Domintxaine herrian bizi den herritarra Donepaulera (Baxe Nafarroa) joan zen abenduaren 11ean erosketak egitera. Parkinean zegoela frantsesez mintzatzen ziren poliziak bertaratu eta komisaldegira laguntzeko agindu zioten.
Autoan sartu eta jada espainiar agenteak ondoan zituelarik Larzabaleko bidean abiatu ziren. Xiberua eta Baxe Nafarroa arteko mugan dagoen Pagola-Oztibarre inguruko baso batera eraman eta etxola batean bi orenez bahiturik izan zuten, itaunketa ilegala eta mehatxuak eginez.
Juan Mari Mujikak publikoki salatu zuen gertaera hura, prentsaurreko batean, eta bere abokatuak, Maritxu Paulus-Basurkok, salaketa judiziala ezarri zuen Baionako epaitegian.
Orain arte Frantziako poliziaren esku egon da ikerketa. Prokuradoreak ere deklarazioa hartu zion Mujikari.
Amnistiaren aldeko mugimenduak gaur jakitera eman duenez orain bere egin du Baionako instrukzio epaileak, inkestarekin aurrera eginez.
(Entzun: Mujikaren abokatu den Maritxu Paulus Basurkoren adierazpenak Info7 irratian)





