Frantziako Poliziak etxeko lehergailua indargabetu du Basusarrin

Argitaratua: 2010-02-08 12:48:41

Poliziak etxeko lehergailu bat indargabetu du atzo arratsaldean Basusarrin. Baionako auzitegiak azaldu duenez, Pariseko «terrorismoaren aurkako» brigadak bere gain hartu du ustezko erasoari buruzko inkesta. EitB.com atariak zabaldu duenez,  "Kasu bonba" leloa ezarri dute etxe lehergailua utzi duten tokian. AFPk, aldiz,  «higiezin espekulazioaren kontrako » lelo bat agertu dela etxean nabarmendu du.

Hiru Gurutze kartieran kokaturik dagoen txalet batean eraso bat gertatu zen atzo arratsaldean. France Bleu irratiak bere eguerdiko albistegian nabarmendu duenez, "kanpotiar jendeak berriki erositako txalet" horretan  "ezezagunek borta bortxatu, etxean sartu eta gazaren gakoa zabaldu zuten".

Bestalde, Eitb.com atariak nabarmendu duenez, txaleta barruan etxeko lehergailua atzeman zuten poliziek. Kanpin gas botila batekin egina zen lehergailuaren ondoan "Kasu bonba" zioen afitxa bat ezarria zen.

AFP berri agentziaren arabera, txaletan "higizin espekulazioaren kontrako" leloa ezarri dute.

Atari horrek Paul Baudry Basusarriko auzapezaren adierazpenak jasotzen ditu. Bere erranetan "logikaren kontrako bidean urrats berri bat" da igandean gertatutako erasoa.

Suhiltzaileek jaso dute deia
Arratsaldeko zazpiak zirelarik, suhiltzaileek frantsesez eginiko deia jaso dute. Pertsona ezezagun batek Basusarriko txalet batean lehergailua ezarri dutela "higiezin espekulazioa" salatzeko azaldu zuen. Erasoa "Euskal Herria ez da salgai" kanpainiaren barruan kokatu du pertsona horrek. Erran bezala, Baionako poliziek gaz botila batekin eginiko lehergailua atzeman eta indargabetu zuten.

Joan den abenduan Irrintzi taldearen aurka buruturiko polizi operazioaren ondoren gertatzen den lehen erasoa da Biarritz eta Arrangoitze artean kokatzen den Basusarrin atzo gertatu zena. Euskal herrikoak ez ziren bi gazte espetxeratu eta gero higiezin bulegoak eta bigarren etxebizitzak jo mugan ezarri zituen taldea desegina zela iragarri zuen orduan Poliziak.

"Euskal Herria ez da salgai", 80. hamarkadan Ipar Euskal Herrian buruturiko turismo eta espekulazioaren aurkako kanpainiaren leloa bereganatuz, hamarnaka eraso egin ditu Irrintzik azken bizpahiru urtetan.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi