Juan Mari Mujika Dorronsoro ataundarra oren batzuk bahiturik izan dutela Pagolako basoan salatu dute
Xiberoko Domintxaine (Domezaine) herrian bizi den herritarra Donepaulera (Baxe Nafarroa) joan zen abenduaren 11ean erosketak egitera. Parkinean zegoela frantsesez mintzatzen ziren poliziak bertaratu eta komisaldegira laguntzeko agindu zioten. Autoan sartu eta jada espainiar agenteak ondoan zituelarik Larzabaleko bidean abiatu ziren. Xiberua eta Baxe Nafarroa arteko mugan dagoen Pagola-Oztibarre inguruko baso batera eraman eta etxola batean bi orenez bahiturik izan zutela, itaunketa ilegala eta mehatxuak eginez, salatu du gaur, Baionako Auzitegian, bere abokatuak.
Maritxu Paulus-Basurko abokatuak eman ditu jakitera gaur goizean Baionako hotel batean eginiko agerraldian "kasu larri honen" nondik-norakoak. Juan Mari Mujika Dorronsoro bertan zen baitaere, baina gertakari iluna gertatu zenetik "beldurrez bizi da" nabarmendu du bere abokatuak. Esker-eskuin, giza eskubideen defentsan ari diren elkarte ezberdinetako ordezkariak zituen. Batzuk, Oroit eta Sala erakundeko ordezkari den Jakes Bortairuk gogorazi duenez, GALen garai ilunetan lan franko egin zutenak.
Paulus-Basurkok azaldu duenez, joan zen abenduaren 11ean, goizeko bederatziak aldera, Domintxaineko bizilaguna erosketak egitera joan zen Donapaulera. Autoan bueltan zelarik, hiru polizi hurbildu ziren, baita beraiekin batera komisaldegira joaiteko agindua eman ere.
Ez zuten ez armarik ez identifikaziorik erakutsi, baina frantsesez mintzatu zirenez, Mujikak ez zuen zalantzarik izan. Behin autoan zelarik bere akatsaz konturatu zela azaldu du bere abokatuak. Han ziren beste bi polizi gehiago, eta laster gaztelania entzuten hasi zen.
"Lehen mementutik berataz trufatu ziren egindako hanka sartzeagatik" azaldu du Paulus-Barsurkok, baita bere bizitzari buruzko zuten informazio maila handia berehala erakutsi zutela nabarmendu ere.
Autoa Donapauletik atera, Larzabaleko bidea hartu eta, ondoren, bidexka batetik Pagola aldeko baso batera abiatu zen. Aintzira edo laku baten ondoan gelditu ziren, bertan auto eta polizi gehiago zirelarik.
Familiarekin mehatxu
Egurrezko etxola batean sartu eta itaunketa jarraitu zen. Ataundarraren alaba orain dela gutti kartzelan sartu zuten Espainian, Segi auzia dela-eta, eta bere bizkar gainean, eta baita bere emaztea eta semea aipatuz ere, mehatxu larriak egin zizkioten, presioa etengabe eginez beraien kolaboratzailea bilakatzeko.
"Zortea izan duzu, orain dela 20 urte fite pasatzen zen hau, pare bat tiro buruan bota eta kitto" errateraino iritsi zirela azaldu du abokatuak. Beste une batean erreza zela hiltzea baino nahiago zutela "zure bizitza bukaeraino sufriaraztea" azaldu zion polizi batek.
Gertakariaren kari xehetasunak eman ondoren, gaur goizean bertan Baionako Auzitegian salaketa jarri dutela azaldu du abokatuak. Espreski, hiru ustezko delituengatik plenta ezarri du Mujikaren abokatuak: bahiketa, mehatxua eta boztizkeria.
KAZETA.INFOk pausaturiko galdereei erantzunez, larritasun pareko gertakizunen berri ez dutela ukan orain arte erran du Paulus-Basurkok. Alta, bere alboan zuen Muriel Lucantis-ek, Askatasuneko ordezkariak azaldu duenez, "Lapurdin zein Baxe Nafarroan espainiar polizi anitz ibiltzen dira, eta jendea gelditu eta gauzak esaten ibili direla ere badakigu, baina gertakari hau beste gauza da, oso larria da".
Horregatik, gizarte eta politika arloko ordezkariekin bilerak burutzen dituztela iragarri du Lucantis-ek. Askatasuneko bozeramaleak bere kezka azaldu du frantziar agintarien portaeragatik.
"Bost agente, hiru auto...... hori bezalako operazioa frantses agintarien konplizidaderik gabe egin al da?" galdetu du, ondoren beste galdera pausatu duelarik. "Sarkozyk eta Alliot-Mariek medio guziak espainiar agintarien esku ezarriko dituztela esate dutela hau ere egiteko prest direla ulertu behar dugu?".
Alarma soziala pizteko mementua
Oroit eta Sala elkartearen izenean, Jakes Bortairuk frantziar poliziaren parte-hartzearen gainean zalantzarik ez dagoela azpimarratu du. "Zalantza da ea operazio ilegal hau mamitzen duten ala GAL garaian bezala sosa batzuen truke esku kolpe bat emanen dute espainiar polizia laguntzeko".
"Alarma soziala pizteko mementua da" gaineratu du Bortairuk. "Biziki larria da gertatutakoa, eta herritar guziak, gizarte osoa, lanjeran dira horiek bezalako gauzak pasatzen diren estatu batean", adierazi du.
"
Komentarioak
Joseba
2008-12-19
Hamen dogu berriz ere Gerra Zikina!
Aitor
2008-12-28
Alde hemendik!


- 




