Prefeta eztiki mintzo denean...

Argitaratua: 2010-03-09 00:17:00

Gaizka IROZ argazkia.

Urtarrilaren ondarrean Pirinio Atlantikoetako prefetak Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako auzapez guzier igorritako gutun batek hautsak harrotu zituen. Eskutitz horretan, Batera plataformak antolatu herri kontsultari neholako laguntzarik ezin ziola eman oharrarazi zuen Philippe Rey-ek. Ondoren, Baionako suprefetuan eginiko agerraldian auzapezek irriskatzen zuten zigorraz mintzo zen. Hala ere, badira egun batzuk bigarren korreoa igorri du prefetak. Iduriz oraingoan goxoago mintzo da Estatuaren ordezkaria...

"La Semaine du Pays Basque" prefetaren bigarren gutun horren berri eman du. Astekariak ez du gutuna osorik argitaratu baina prefetak erabilitako formak "goxoagoak eta zuzenagoak" izan direla azaldu du.

Astekariak ika-mika izan zuen janeko afera honekin Rey prefetarekin. Izan ere, egiazki hautsak harrotu zituen erabakia, urtarrilaren 22an heldu zen. Baxe Nafarroa, Xiberoa eta Lapurdiko herriko etxe guzier igorritako gutun batean Bateraren kontsultari ezin ziotela neholako laguntzarik eman oharrarazi zuen estatuaren ordezkariak.

Ondoren, Baionako suprefeturan eginiko agerraldia "mehatxua" konkretisatu zuen prefetak. Bozketaren egunean CRSak ez zituela igorri erran bazuen ere, auzapezek legea bete behar zutela eta horrela ez bazuten egiten arriskua hartzen zutela azaldu zuen prefetak.

Bateraren agerraldiaren zain
Izan ere, Rey-en hitzek ez zuten aparteko emaitzarik eman. Batera plataformak martxoak 9an, asteartean, agerraldia eginen du Baionan. Bertan galdeketari buruzko azken xehetasunak emanen dituzte. Izan ere, ezaguna da 100 bat herrietan - litekeena da xifra hiri depasatua izatea janeko...- herri-kontsulta izanen dela. Hots, auzapez askok sostengu osoa eman diote galdeketari.

"La Semaine du Pays Basque"-en arabera, bigarren eskutitz horretan prefetak bozka egunean nola jardun behar den baizik ez du gogora ekartzen. Alegia, Bateraren kontsultak ez duela nahasmenik sortu behar eskualde bizketa ofizialarekin azpimarratu du prefetak. Janeko, hori ez gertatzeko neurri guziak hartuko dituztela iragarri zuen jadanik Batera plataformak.

Prefetak "tonua apaldu eta gero" heldu den igandean -eta egun horretan AHT kari kontsulta antolatua izaten den herrietan, bigarren itzuliarekin batera, martxoak 21ean- Bateraren kontsulta giro lasaian igaroko dela pentsatzeko arrazoi gehiago dira.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi