Prefetak gogoratu duenez auzapezek ezin diote inolako sostengurik eman Bateraren kontsultari
Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Baionako suprefetak ez-ohiko agerraldia burutu dute gaur goizean suprefeturan. Prentsa aitzinean Batera plataformak heldu den martxoko hauteskundeen egunarekin burutu nahi duen herri kontsultari buruz mezu irmoa helarazi dute Philippe Reyek eta Eric Morvanek. Legea begiratuta auzapezek ezin diotela inolako laguntzarik eman Baterari kontsulta hori gauzatu ahal izateko oharrarazi du Rey prefetak. «Ziur naiz hauteskunde egunean auzapezek duten ardura beteko dutela» gaineratu du Estatuaren ordezkariak. Ipar Euskal Herrian berezko lurralde elkargo baten sorrerari buruz galdetzeko Baterak antolatu kontsulta lagundu ezgero «legearen arabera kargua galtzeko arriskua zutela» oharrarazi zuen jadanik prefetak Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko auzapez guzier igorritako gutunean.
Maite UBIRIA / BAIONA
Rey prefetak gogoratu duenez auzapezek herri edo eskualdeko aferei buruz erreferendumak edo kontsultak egiteko gaitasuna dute soilik. Ondorioz, legeari begira, «ezin dutela inondik inora Baterak antolatutako kontsulta baten antolaketan parte hartu» gaineratu du Estatuaren ordezkariak.
Ipar Euskal Herriko auzapezei urtarrilaren 22an igorritako gutunean «prefetak zuzenbideak eta legeak zer dioen eta bozketa egunean auzapezek bete behar duten lana besterik ez ziela gogorazi» azaldu du Rey prefetak. Batera plataformak «mehatxugarritzat» jo zuen idatzi hori herenegun egindako agerraldian.
Elkarteek antolatutako herri galdezketei buruz duen iritzia galdetuta Reyek hauxe azpimarratu du: «Elkarteek eskubide osoa dute kontsultak burutzeko baina auzapez batek ezin du herritarra nahastu, ezin herri, eskualde edo estatu beraren baliabideak helburu horretarako baliatu».
AHTri buruz edo La Posten estatusari buruz egindako kontsultetan jokabide berdina hartu zuela azpimarratu dute prefeta eta suprefetak. «Orduan ere auzapezei kontsulta horietan ezin zutela parte hartu gogorazi zitzaien», nabarmendu dute.
«Auzapezek oso ardura zehatzak dituzte hauteskundeak antolatzeko orduan eta ardura horiek argiki gogoratu nahi dizkiet» erran du prefetak.
Bozketa egunean auzapezen jokabidea behatzeko neurri bereziak hartuko dituen galdetuta, hauteskunde egunetan izanen den segurtasun sistema ez dela aldatuko erantzun du.
Bere azken ageraldian prefetak «jarrera libertizida» duela salatu zuen Baterako kidea den Rene Etxegarai Baionako hautetsiak. Horregatik KAZETA.INFOk bozketa egunean hartuko duen jarrerari buruz pausatutako galdera baliatu du prefetak «izendapen» hori, ironiaz, errefusatzeko.
«Zure galdera horrekin ea auzapez bakoitzaren gibelean CRS bat jartzeko asmoa dugun jakin nahi buduzu, nbeten batek libertizidatzat jo duen prefeta honek ez ohiko neurririk hartzeko asmorik ez duela esango dizut» azaldu du Estatuaren ordezkariak.







