Prokuradorea euroaginduaren alde azaldu eta gero, heldu den asteartean jakitera emanen dute Ion Telleriaren aurkako auziaren epaia

Argitaratua: 2010-06-22 13:32:48

Ion Telleria gaztearen kontra espainiar Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua aztertu du gaur Paueko auzitegiak. Joan den astean iragan behar zen auzia baina azkenik gibelatua izan zen. Telleriak hartu du hitza gaur «lege injustoak» ez aplikatzea eskatzeko. Alta, prokuradoreak euroagindua onartzea eskatu du. Heldu den asteartean plazaratuko da auzi honen epaia.

Ion Telleriak azaldu duenez, «azken bi urtetan 200 bat gazte espetxeratuak, torturatuak eta kartzelaratuak izan dira» ideia politikoak soilik defendatzeagatik. Horregatik, «lege injustoak» ez aplikatzea galdetu dio jujeari. Prokuradorea, ordea, euroagindua onartzearen alde azaldu da. Gauzak horrela, heldu den asteartean jakitera emango du Paueko auzitegiak epaia

Auzia salatzeko eta orohar «frantziar estatuak gazte independentiston aurka abiatu duen jazarpena onartezina dela» adierazteko elgarretaratzea egin du atzo, Segi mugimenduak Baionan. 30 bat jende bildu dira espainiar Kontsulatuaren antzinean. Bidea moztu dute eta tentsio uneak izan dira poliziarekin. Idiazabalen 40 lagun bildu ziren beste protesta batean.

Segi mugimenduak zabaldu duen agirian azaldu duenez «gazteak atxilotu, fitxatu eta galdeketak egitea eguneroko ogi bihurtzen ari dira. Halaber, Espainiar estatuarekin elkarlanean, propagandan oinarritutako atxiloketak burutu dituzte azkenaldian. Segi gazte erakundearen eta oro har independentziaren alde lanean dihardugun gazteon kriminalizazioa da bilatu nahi dutena, proiektu politiko oso bat erasotzea funtsean»

«Aste batetik bestera, behin eta berriz errepikatu dira euro-agindu eskaerak aztertzeko epaiketak. Egoera honen aitzinean gazteak ezin gira geldirik egon» gaineratu du gazte mugimenduak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi