Prokuradoreak Jon Anzaren kasua salatzen duen banderola bat kentzea agindu du Baionan
Baionako Errobi ibaiaren ondoko etxe batetik eskegia den Jon Anzaren heriotzari buruzko banderola bat kentzea agindu du Anne Kayanakis prokuradoreak. Hiriko merkatuaren inguruan beste banderola batzuk ere zintzilikatuak dira, baina ez dute agintearen atentzioa erakarri, Jon Anzaren kasua salatzen duena izan baita indar polizialak kenarazi nahi izan dutena. Banderola bera atzo goizean Herriko Etxeko zerbitzuek kamioi batez lagunduta kendu nahi izan zuten ianeko. Langileek eraman ez dezaten etxeko biztanleek kendu zuten eta ondoren berriz zintzilikatu zuten.
Gaur arratsaldean polizia banderola eskegia zen etxera joan da eta kentzeko agindu du. Bertako biztanleek banderola kentzea errefusatu dute eta orduan poliziek agindua Kayanakis prokuradoreak emana zuela jakinarazi diete. Etxeko biztanleak identifikatuak izan dira eta erabakiak ondorioak izanen dituela jakinarazi diete indar polizialek.
Anne Kayanakis prokuradoreak etxeko biztanleek izun bat jaso dezaketela erran du, haratago joanen lirateken ondorio judizialak bazter batera utziz. Eskegiak diren beste bandera eta pankartei buruz prokuradoreak erran du: «Banderola eta afitxa araugabeei buruzko begiztapena eskatu dut eta Jon Anzari buruzko banderola izan da aipatua izan zaidan bakarra».
Banderolan Jon Anza erahila izan dela salatzen da eta herriak ez duela eraso hori barkatuko idatzia da: "Jon assassiné. Herriak ez du barkatuko". Militante abertzalearen irudi bat ere agertzen da pankartan izar gorri baten ondoan.
Herriko langileek kendua
Atzo goizeko zortzietan Herriko Etxeko langileek kamioi batek lagunduta Jon Anzaren heriotza salatzen duen banderola kendu nahi izan zuten lehen aldiz, baina etxeko biztanleek beraiek kendu zuten berriz ere eman ahal izateko.
Herriko Etxearen arabera kamioia lagunduta etxeetatik ateratzen ziren zutoihal eta banderolak kentzeko agindua zuten atzo goizean. Aldiz Anzaren banderola eman duten Baionako biztanleek beraien bizitokiaren inguruan beste banderola batzuk atxikiak izan direla nabarmendu dute.
«Mezua da arazoa sortzen duena, Jon Anzari buruzkoa delako. Objetua bera arazoa balitz ez lirateke hainbeste banderola eta bandera izanen, benetan denetan dira» adierazi du banderola eskegia den etxeko biztanle batek.
Komentarioak
Pierre
2010-07-30
Okupatzailearen ordezkaria den Prokuradoreari ez zaio gustuko berak Jon Anza hil eta desagerrarazi egitea. Bere krimena ahaztarazi Jon Anzaren bandera kentzeko agindu duela
Boltxebike
2010-07-30
Ahalgegarria.
"Egi osoa" atxeman nahi omen zuen prokuradore berak banderolaren kentzea agintzea, zinez zinismo maila altura heltzen da.
Dena erran nahi du.
Egia ez da etorriko Jonen erahiltzea eta bere gorpuaren "desagertzea" antolatu duen ber Estatuaren aparato polizial eta judizialetatik.


- 




