RFFk mendebaldeko ibilbidea hautatu duela iragarri ondoren hilaren 23an izanen den mobilizazioan parte hartzeko deia berretsi dute AHTren aurkako taldeek
AHT berriaren batzorde kudeatzailea bilera egiten ari da goiz honetan Bordelen. Bertan, RFFko arduradunek tren berriaren perimetroa ezagutzera eman dute. Azkenik, tren konpainiak mendebaldeko ibilbidea hautatu du. Hau da kostaldetik hurbilago dagoen bidetik igaroko litzateke tren berria. Laburbildurik, hegoaldean Azkaineko lur eremuak hunkitu arren, trenbide berriak ez du Larrun mendia hunkituko, aldiz, Urruña zeharkatuko du. Lapurdi iparraldean ez da Uztaritzetik pasako.
Idoia ERASO / BAIONA
Mendebaldetik ala ekialdetik. Finean, bi ibilbideen artean hautua egin behar zuen RFF konpainiak. Gaur Bordelen eginiko bileran mendebaldeko ibilbidea hautatu duela iragarri du tren konpainiak. Tren konpainiak azaldu duenez, ibilbidearen kilometro bateko perimetra ezarri du mahaigainean. RFF edo Frantziako Trenbide Sarea erdi publikoa erdi pribatua den erakundea da eta Estatuko trenbideen jabea da. Gaurko erabakiaren ondoren Gobernuak 500 metroko zabalera izango duen perimetroa aurkeztuko du 2011ren hasieran. Ondoresn inkesta publikoa eginen da eta eta hortik ibilbide zehatza definituko da.
RFFk aurkeztu xartan, Uztaritzetik igaro beharrean, AHT berria Bassusarri eta Arrangoitzetik pasatuko da. Ondoren, Donibane-Lohizune, Ziburu eta Urruña hunkituko ditu. Gaur ibilbide ofiziala ezagutu aitzin, horren berri eman dute AHTren kontrako taldeek bere webgunean. Hona hemen xarta.
Xarta larunbatean eman zuten argitara trenbide berriaren kontrako kolektiboek. Hori dela eta CADEko bozeramailea den Victor Pachonek salatu du gaurko bilkuran erabakitzeko elkartu zirela esaten ari zirenei «orain arte egin den gezurretako konzertazio guztia laburbiltzen du».
AHTaren kontrako iritzia prefetaren aitzinean
Natura 2000 izendapena duen Larrun menditik ez da finean pasatuko tren berria. Hala ere, Azkaine herriko beste lur eremu batzuk hunkituko ditu. Berria ezagutu ondoren, gaurko bileran presente izan den Azkaineko auzapezak, Jean-Louis Laduchek, argi utzi du orain arte egin duten bezala azpiegituraren aurka mobilizatzen segituko dutela. Azpiegituraren kontra dauden hautetsi eta kolektiboen iritziak Gobernuari helarazteko arratsaldeko ordu bietan Akitania Eskualdeko prefetarekin hitzordua finkatu du Laduchek.
Hiriburuko auzapeza den Alain Iriart egitasmoa aurkeztu zenetik kontra agertu da. Kozertazioa benetakoa balitz erakundeen, auzapezen eta elkarteen iritzia kontutan hartu beharko luketela salatu du. «Gure iritziaren gainetik pasatzen ari direa eta lukete horrela egin beharko» adierazi du Hiriartek Bordelen.
AHTaren kontra borrokatzeko Azkainen sortu den kolektiboak Bordelen bilkura gauzatzen ari zen bitartean azpiegituraren kontrako komunikatua igorri du, bilkuran ezagutzera eman den informazioa asteburutik Interneten eskuragarria baitzen.
Bir maneran, AHTren aurka diren taldeek, eta bereziki Cade elkarteak, ibilbide bat edo beste hautatua "borrokaren xedea berdina dela" nabarmendu dute. Azpiegituraren aurka sorturiko herri mugimenduan elkartasuna nagusitzen dela aldarrikatu eta hilaren 23an Hendaia eta Irun lotuko dituen manifestazioan parte hartzeko deia berretsi du Cadek. Arratsaldeko lauretan izanen da eta AHT Gelditu! kolektiboarekin batera antolatua izan da.
Maiatzean bilkura berri bat antolatuko du gaur datu hauek ezagutzera eman dituen Gidaritza Komiteak. Bertan Lapurdin egingo den konzertazio berriaren emaitzak eskeiniko dira, bestalde ingurumenarengan eta paisaiarengan azpiegiturak izango lukeen eragina aurkeztuko da. Kontraesan handien sortzaile izan den freta edo merkantzien aurrikuspen berrien ikerketa ere aukeztuko da maiatzean.
Azkenik egitasmoaren aldaketak dakartzan aurrekontuen berrikuspena ere emanen da ezagutzera bilkuran. Aurrikuspenak baino garestiagoa izango dela aitortu dute Gidaritza Komiteko kideek. Garestitzearen arrazoietako bat Lapurdiko ibilbidean lurperatua izanen den tartearen zabalkundea da. Aurretik %30a lurperatzea aurrikusten bazen egun %60a lur azpitik pasatzea gogoetatzen da







