Sei hilabete gordeta izan ondoren, Aurore Martinek berriz ere bizitza publikoa egiteko hautua hartu du

Argitaratua: 2011-06-03 22:33:47

Aurore Martin, Giza Eskubideen Ligako ordezkari batekin, euroaginduaren aurkako manifestazio batean.

Iazko abenduaz geroztik gordeta den Aurore Martin-ek berriz ere bizitza publikoa egiteko asmoa agertu du. Horrela iragarri du Batasunako militanteak Mediapart interneteko hedabideari eta "Le Journal du Pays Basque" kazetari eskeinitako elkarrizketaren bidez. Mediapart-ek eginiko elkarrizketa ordainduz baizik ezin da irakurri ahal baina Daylimotion-en solasaldiaren bideoa sartu dute. ( Elkarrizketaren lehen zatia: hemen ) ( elkarrizketaren bigarren zatia: hemen ).

Mediapart internetezko frantziar hedabideak eta "Le Journal du Pays Basque"k Baxe Nafarroako militanteari eginiko elkarrizketaren pasarte batzuk zabaldu dituzte ostiral arratsaldean. Dagoeneko Karl Laske kazetariak Aurore Martini egin dio elkarrizketa Dailymotion-en ikusgai den bideo baten bidez.

Solasaldi horren hastapenean, bere aurkako euroagindua salatzeko 2010ko abenduaz geroztik gordeta den militante abertzaleak berriz ere bizitza publikoa egiteko asmoa agertu du. ( Entzun Aurore Martinek eginiko iragarpen hori, euskaraz, hemen).

Martinek azaldu duenez, "sei hilabete hauetan etxetik etxetik eta familiaz familiaz ibili naiz eta hori aski denbora da. Uste dut neretzat onargarria den muturreko egoera batera iritzi naizela eta, horregatik, ondoko egun edo asteetan, oraindik ez dakit oso ongi nola, baina berriz ere bizitza publikora itzultzea aurreikusten dut".

"Le Journal du Pays Basque" kazetari emandako elkarrizketan gordeta izan den denbora honetan, oztopoz oztopo, bere militantziarekin segitzeko ahaleginak egin dituela erran du azken kantonamendu bozetan Atharratzen hautagai ordezko gisa aritu zen militanteak.

Hauteskunde horietan baina baita Hego Euskal Herriko herri bozetan ezkerreko abertzaleek egin dituzten emaitzak aipagai izan ditu Aurore Martinek. "Azken zortzi urtetan ilegalak izan eta gero haien asmoa zen gure proiektua tipitzea. Gure proiektua deuseztatu nahi zuten jendartearen gutxiengo baten sostengua baizik ez genuela erranez. Alta, gure proiektua egigarria dela eta sinesgarria dela erakutsi dute emaitza historiko horiek" nabarmendu du Batasunako ordezkariak.

Militante independentistak gogora ekari duenez, bere euroagindu auzia Alderdien Legean oinarritzen da eta espainiar estatuak lege hori "ezker abertzalea jazartzeko" egin zuela azpimarratu du. "Hala nola biolentziaren aurkako kondena alde bati baizik ez zaio eskatzen, estatu espainiarrari ez baitio galdeginen Jon Anzaren desagerpena kondenatzea".

"Anaitasunean mitin batean hitza hartzeagatik eta iritzi artikulu bat Gara egunkarian idazteagatik", hau da iritzi askatasunean kokatzen diren ekintza batzuengatik "terrorismo delitua" egotzi diotela salatu du Martinek Mediapart-ekin izandako elkarrizketan.

Bere "militantzia politikoaren baitan" eginiko ekintza horiek aitzat hartzen dituela adierazi du Martinek. "Ezin dut besterik egin, gainera, leporatzen dizkidaten delituak zabal eman dituzte-eta hedabideetan", gaineratu du  "12 urteko espetxe zigorra" arriskatzen duen militanteak.

Aurore Martinek hitz gogorrak ditu Frantziako justiziak bere auzian erakutsi duen jarrera dela-eta. Karl Laske kazetariari aitortu dioenez, "hasieratik inpresioa neukan prozedura guztia maskarada bat zela".

Prozedura judiziala, "maskarada bat"
Euroagindaren auzian "soilik 3 minutu izan ditut nire arrazoiak emateko epailearen aitzinean" nabarmendu du Martinek. Kasazio Auzitegiak izan duen jokabideak prozedura osoaren desmasia erakusten duela uste du militanteak. "Kasazio Epaitegiak gutun bakar bat igorri dit: helegitearen kostua jakinarazteko, ez ordea hitzordu bat emateko epailearen aurrean hitza hartzeko" deitoratu du.

Aurore Martinek guztiz barneratua dauka zein den bere etorkizun hurbila. "Badakit atxilotua eta espainaratua izanen naizela, eta han kartzelara joanen naizela", aitortu du militante abertzaleak.

Izan ere, bere kasua aurrekari bat dela eta "ikuspuntu politiko batetik oso larria dela" azpimarratu du. Bere ustez, bere kasua salatzeko eginiko mobilizazioek ez dute auziaren emaitza aldatuko. Dioenez, "Kasazioak hitz egin du eta kitto". Alta, euroagonduaren kontrako mobilizazioek eragina izanen dutela, agian, espainiar estatuan eta, batez ere, geroari begira, nabarmendu du Martinek. Bere ustez, mobilizazioen bidez freno bat ezarri zaio "espainiar eta frantziar estatuen estrategia errepresiboari".

Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua
Era berean, bere kasuak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu zabala mantxan jartzeko parada eman duela goraipatzen du. Mugimendu hori estatu frantziarrean eragina lortu du.

"150 preso politiko bere espetxeeta dituen estatu frantsesak ezin du gehiago ukatu gatazka honen partaide bat dela" azpimarratu du Aurore Martinek.

Gogoratu behar da heldu den ekainaren 18an euroaginduaren aurka eta eskubide zibil eta politikoen defentsan ekitaldia eginen dela Biarritzeko Iraty gelan. Bestalde, Europako salbuespen legeriak deusesatzea galdeginez eta Biarritzeko ekitaldian parte hartzeko deituz ehun bat pertsonalitatek euroagiduaren aurkako manifestua zabaldu dute.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Miren

2011-06-03

Ongi etorri !

icon

2011-06-04

Ongi etorri kartzelara ... ?

icon

edurne

2011-06-04

ongi etorria presoak askatuko dituen Euskal Herrira.

icon

2011-06-04

Maleruski, frantsesez erraten den bezala, "ez da bihar bezpera"...

Gora Aurore, ta preso, iheslari ta sasitar guztiak
Jo ta ke

icon

Miren

2011-06-04

Ongi etorri berriz ere gure artera, bizitza publikora, bizitza 'normalizatura'... nahiz eta ziurrenik arriskuan izan. Erabakia hartuta badauka, alde positibo eta negatiboak pisatu dituelako izango da... eta jakin dezala herria bere gibelen, bera sustengatzen dagoela. Beraz bai, ONGI ETORRI !

icon

okabe

2011-06-05

ANIMO! Egun berezia beti zurekin ibilitzen! ANIMOOOO! Borrokan eta maitasunan!

Komentarioa idatzi