François Fillonek barkamena eskatu du mitin batean bizirik dagoen polizi baten heriotza deitoratu izanagatik

Argitaratua: 2010-03-18 12:35:16

Fillon, asteazken gauean, UMPeko mitinean.

Eskualdeko Hautekundeetan bost egunetara, atzo, François Fillon, Frantziako lehen ministroak, bezperan Parise hegoaldean ustezko ETA kideekin izandako tiroketa baten ondorioz polizi baten heriotza baliatu du segurtasunaren aldeko diskurtsoa berpizteko. UMPko buruzagiak, ordea, petto izugarria egin du: Jean-Serge Nérin gogoan izateaz gain, bide batez, joan den astean Epernay-en izandako beste tiroketa batean «hil zen» polizia omendu du. Arazoa da bigarren polizi hori oso larri dagoela erietxean, baina bizirik ! Polizien sindikatuek kritika zorrotza egin diote Filloni «familiaren samindura areagotzeagatik» eta «bere bizitza arriskuan jartzen duten polizien lana»ren erabilpen politikoa egitea zilegia ez dela gogoratu dute. Lehen ministroak gutun bat bidali dio gaur koma egoera gainditu berri duen poliziaren emazteari barkamena eskatuz.

Maite UBIRIA | BAIONA
Astearte arratsean, Parise hegoaldean dagoen Dammarie-les-Lys herrian ustezko ETA kideak eta Frantziako polizien artean tiroketa bat suertatu zen. Gaur Frantziako hedabideek xehetasun berriak eman dituzte gertakari horri buruz. Dirudienez, polizi patruila bat bide ondoan zegoen «inguruko saltokien eguneko salmenten diru zama garraiatzen den furgoiaren ibilbidea zelatuz». Hots, poliziek bide bazterrean pertsona batzuk autoetan esentza jarriz ikusi zituztenean, ustezko ETAkideak zirela ez zekiten eta, seguruenik, «lapurketa arrunt» baten susmoa hartu zuten.

Autoetara hurbildu eta armak kendu ostean pertsona horiek -bostpasei- esku-burdinak jartzen ari zirelarik, beste pare bat auto heldu ziren. Ibilgailu horiek arribatu eta gero gertatu zen titoketa. Horren ondorioz, 52 urteko polizi bat hil zen.

Iparraldeko alderdi abertzaleek agiriak zabaldu zituzten atzo gertakari hori deitoratuz. (Ikus agiriak Euskal Herria atalean )

Batasunak «bere samindura» agertu zuen heriotza horren aitzinean eta prozesu demokratikoaren aldeko engaiamendua berretsi zuen. Ezker abertzaleak enplazamendu zehatza luzatu zitzaien ETA erakundeari eta Espainiako Gobernuari prozesu horren aldeko adierazpen argia egin dezaten.

Elgarretaratzeak eta politikarien bisitak
Heriotzak emozio handia sortu du. Telebista, irrati, egunkarietan... hedabide guzietan azaldu da atzo arratsean, Jean-Sérge Nérin-e omenez Dammarie-les-Lys-eko komisaldegian aitzinean eginiko elgarretaratzea. Estatu frantziarreko beste hainbat tokitan beste elkartasun keinuak hekdu ziren. 100 bat polizi bildu ziren Marseilan eginiko ekitaldian.

ETAren egoeraren karietara, azterketa, iritzi, eta espekulazio anitz azaldu dira egunkari gehienetan. Hala nola, L'Express astekariak elgarrizketa interesgarria plazaratu du Jacques Masey kazetariarekin. Erakunde armatua indarra erabilita soilik gainditzea ezinezkotzat jo du, negozioa aldarrikatu eta ezker abertzalearen presentzia hauteskundeetan baitezpadakoa dela gaineratu du. ( Ikus hemen elgarrizketa )

Izan ere, poliziek kutsu askoz sozialagoa eman diote gertakariari. Polizien sindikatuek beren kideak «ziblak bilakatu direla» salatu eta baliabide gehiago eskatu dituzte. Frantziako Gobernuak emozio horrekin jkatu nahi duela bistan da. Goiz huntan Nicolas Sarkozy Dammarie-les-Lys-eko komisaldegira joan da. Poliziaren familiarrekin mintzatu da frantziar presidentea. Ondoren zigorrik handiena eskatu du polizia hil dutenendako. 30 urteko kartzelaldia aipatuz, «Frantziako zerbitzarien hiltzaleek» bizitza osoko zigorra hartu beharko luketela gaineratu du.

Hala ere, polizien sindikatuak haserre dira oso eskuineko gobernuarekin. Zergatik ? Ustezko ETA kideekin izandako tiroketaren ostean gertatu den heriotzari erabilpen politikoa eman diotelako.

Dammarie-les-Lys-eko polizia omendu zuen. Baita, joan den astean, Épernay-en, eraso pairatu zuen polizia ere. «Bi heriotzak« deitoratu ostean, segurtasun ezaren aurkako politika zorrotzagoa eginen dutela erran zuen. (Ikus hemen Épernay-en izandako beste tiroketa horren kari atzo Kazetak jaso zuen aipamena )

"Segurtasun eza eguneroko borroka da biolentzia egunero birsortzen ari baita», adierazi du Fillonek, berehala ustezko ETA kide batek tirokatu eta hil egin duen polizia omenduz.

Fillon ez da hantxe gelditu. Ondoren, martxoaren 8arekin, Éparnay-en, «lapur talde batek egin eraso batean zauritu zen polizia zendu berri dela» iragarri zuen «hildako» hori ere omenduz. Arazoa da bigarren polizi hori erietxean dagoela, oraindik ere bizirik !

UMPk oso emaitza eskasak lortu zituen joan den igandean jokatutako Eskualdetako Hauteskundee lehen itzulian, eta Front National-eko hizkuntza bereganatuz heldu den igandean porrotaren tamaina gutxitzera jokatu zuen, nabarmenki, Fillonek.

France Inter GP-FO sindikatuko delegatu batekin mintzatu da eta honek gezurtatu egin du bere adiskidea hil izana. « Ebakuntza batzuk egin dizkiote bere bizitza salbatzeko. Horiek bezalako adierazpenek kalte handia egiten dute, lehenik eta behin familiaren samindura areagotzen dutelako, eta bestetik polizien morala hunkitzen dutelako. Hauteskunde garaian izaiteagatik, segurtasunari loturiko gertakariak erabiltzea ez da batere zentzuduna» azaldu du sindikatuko ordezkariak.

Gaur goizean, lehen ministroak gutuna igorri dio koma egoeratik atera berri den poliziaren emazteari atzo eginiko akats horrengatik barkamena eskatuz. Izan ere, gainerako alderdiek ez dute aukera galdu Fillonen aurka bere ziriak jaurtitzeko. ( Irakurri hemen alderdiek esandakoak )

(Irakur ere: Ezker abertzaleak Dammarie-les-Lys-en gertatutako heriotzaren karietara zabaldu adierazpena )

(Brian Currin, Hego Afrikako bitartekariak su-etena eskatu dio ETAri eta ezker abertzaleak azken gertakarien karietara egin duen adierazpena itxasopentsua dela azpimarratu du. Irakur albiste hau "Berria" kazetan )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi