«Euskal gazteria aitzina!» harrabotsa Donibane Lohizuneko karriketan

Argitaratua: 2009-07-12 01:49:29

Eguzkiak gogor jotzen bazuen ere, kementsu egin dute Donibane Lohizune eta Ziburu arteko bidea larunbat arratsean Segik antolatutako manifestazion parte hartu duten mila lagunek. Luis XIV plazatik abiatu eta jendez josita zeuden erdiguneko karrikak igaro dituzte. Oihuek eta leloek ez zuten etenik izan ibilaldi osoan: «Euskal gazteria aitzina!», «Borroka da bide bakarra», «Segi borrokan, segi antolakuntzan», «Independentzia eta sozialismoa», «Euskal Herria ez da salgai» eta «Utzi bakean Euskal Herria» izan dira aldarri errepikatuenak.

Arantxa MANTEROLA / DONIBANE LOHIZUNE
Joan den ekainaren 27an eta 30ean izandako polizi operazioan atxilotuak izan ziren hamabi pertsonetatik, epaileak Fresnes eta Fleury-Merogiseko espetxeetara igorri dituen hiru gazteei elkartasuna eta sostengua adierazteko, «Eneko, Gilen eta Ibai askatu» aldarria ere ozen jaurtiki dute manifestariek.

Oporretan edota asteburu luzea  profitatuz kaleetan zebiltzan turista askok, harrituta, mobilizazioaren zergatia galdetzen zioten elkarri. «C’est pour le prisonniers politiques basques» zioten batzuk. Beste batzuk, ordea, azalpen zabalagoa izateko aukera izandituzte banatzen zitzaizkien eskuorriei esker.

Horrela, azken hilabeteetan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan izan diren atxiloketa, etxe-miaketa eta fitxaketa uholdearen berri izan dute. Bi herri lapurtarrak elkartzen dituen zubia igarota, Michele Alliot-Marie Justizia ministro izendatu berriaren etxerainoko bidea hartu du martxak.

Hurbiltzea lortu du baina bide erdian poliziak ezarritako heziak martxa geldiarazteko erabili dute.

Une horretan manifestarien oihuak areagotu egin ziren eta tentsio uneak ere izan ziren. Poliziak gas negar-eragilea erabili zuen manifestariei aurka egiteko; baita hauek erantzun ere hainbat objektu jaurtiz, tartean ke-poteak, eta haizeak bultzatutako ke-lainoarekin inguratuta geratu ziren jendarmeak.

Ke-poteek apenas izan dute eraginik manifestariengan, haizeak poliziarengana itzultzen baizituen ke-lainoak. Aurrez aurreko tenkadurak hamabost bat minutu iraun du, manifestariek Ziburuko plazarako bidea hartu duten arte. Han, Segiko ordezkari baten interbentzioak eman dio amaiera mobilizazioari.
Txantaian ez erortzeko gomendioa
Eusko Gudariak abestu aitzin, gomendio argia zuzendu die hizlariak bertaratutakoei eta, batik bat, gazteei. «Badakigu errepresio-estrategiak ez duela, seguru asko, etenik izango. Baina argi izan bezate ez garela beren txantaian eta manipulazioan eroriko; ez ditugula beren gezurrak sinetsiko; ez dugula ‘lagun batek salatu zaitu’ eta antzekoak irentsiko, gezur hutsa baitira. Guk konfidantza osoa dugu gure kideengan eta hemendik sostengua helarazi nahi diegu, bereziki, espetxeratutako gure hiru lagunei».

Atxiloketen egunetan izandako mobilizazioen eta atzokoaren garrantzia nabarmenduta, hori ez dela «aski» gaineratu du hizlariak: «Elkartasun-adierazpen bikaina izan dira egun hauek, ehunka izan baizarete karrikan egunero, baina hori ez da nahikoa. Egiten dugun lanarengatik omen gara arriskutsuak. Bada, lanean eta borrokan jarraituko dugu. Ez gara makurtuko».


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi