«EHA sustengatzen dugu Europako herrien eta langileen ahotsa delako»
Breizh, Corsica eta Okzitaniako ordezkariak Lapurdirat hurbildu dira gaur. Beren herrialdetan berezko zerrendaaurkezteko paradarik ez dute ukan. Alta, Emgann, Anaram Au Patac eta Corsica Liberako bozeramaleek EHAri bozka ematea eskatu dute. Mateu Casanova okzitandarrak azaldu duenez, Euskal Herriaren Alde «Europako herrien eta langileen ahotsa bakarra delako» sistengatzen dute Ixabel Etxeberria buru duen hautagaitza.
MAITE UBIRIA | BAIONA
Kanpaina amaitzear delarik, «Frantziaren menpe» diren herri ezberdinetako ordezkariak lagun izan ditu EHA zerrendaburu den Ixabel Etxeberriak, arrats honetan, Baionan.
Corentin Lemonnier, Bretainiako Emgann ordezkaria, Mateu Casanova, Anaram Au Patac, okzitaniako mugimendu kidea, eta Corsica Liberako Paul-Felix Benedetti eta Olivier Sauli Lapurdirat hurbildu dira, Etxeberriak azaldu duenez, «gurekin batera herri gutituek dagokien tokia hartu behar dutela Europan aldarrikatzeko».
Corentin Lemonnier-ek azaldu duenez, «EHA sustengatzen dugu bereziki hiru arlotan jarrera amankomuna dugulako: autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dugu, tokiko politikak defendatzen ditugu, besteak beste kostalde eta barnealde arteko desoreka gainditzeko, eta langileen Europan sinesten dugulako».
Arrazoi berdinak emanez, «hegoaldean Alternatiba Internazionalistari gure sostengu osoa adierazi nahi diogu, baita erraitea ere igandean ospatzen dugula lortuko duten eurodeputatua», gaineratu du gazte bretoinak.
1995an sorturiko Anaram Au Patac-en ordezkariak herrien autodeterminazioa eta Europa soziala bultzatzeaz gain, «Europa militarraren aurka, NATOren aurka, mezu garbia pasatzen duelako» sostengatzen dutela EHA azaldu du. 2004an Cortin (Corsica) estatu gabeko herrialdeek sinaturiko hitzarmenaren segida naturala dela zerrenda Euskal Herriko ezkertiar eta abertzalea babestea azpimarratu du Mateu Casanovak.
Azkenik, Paul-Felix Benedettik hauxe azaldu du, «euskal borrokalarien elkartasunez emanen diogu sostengua EHAri». Estatu frantziarrak preso politikoen kontra aplikatzen duen «errepresio bidegabea» salatu du ordezkari korsikarrak.
Aipaturiko mugimenduek ez dute bereko zerrendarik aurkeztuko heldu den igandeko hauteskundeetan. Frantziak ezarritako hautes-eremu sistemak herri gutituak isilaraztea duela xede salatu dute. Korsikar ordezkariak proposamen zehatza egin du heldu den bozketara begira. «Estatuen eredua gaindituz, nazioak aintzat hartuko lituzketen zerrenda trasnazionalak ahalbideratzea».





