Thierry Biscary: «Ez jin turista gisa, zatoz BasqueCamp-ean parte hartzerat»

Argitaratua: 2008-10-16 11:23:09

Thierry Biscary, Ttirritt, larunbat honetan, urriaren 18an eginen den Basquecamp-aren bigarren edizioaren antolatzaileetako bat da. Bidarteko Izabeleko teknopoleko Estia Unibertsitatean, «adituak baino, zerbait emateko eta ikasteko dutenak elkartu nahi ditugu», azaldu dio KAZETA.INFOri barnekaldetik blog-aren kudeatzaileak.

BarCamp ekimena web 2.0 apustuari lotuta dago. Laburbildurik, joan zen ekainean Larrabetzun eta asteburu honetan Bidarten egingo duten topaketa mota hau sarearen bitartez antolatzen da eta Ortzaizeko kantariak azaldu digunez, «asmoa da, geroxeago ere, bertan izandako eztabaiden berri ematea sareaz baliatuz».

Aldez aurretik, II. Basquecamp-era hurbilduko diren lagunek eztabaidarako gaiak proposatzeko parada izan dute. Besteak beste, hauek dira beren wiki-an azken egunotan aipaturiko gai batzuk: logizien librea, etorkizuneko Internet, "programazioa nire amatxiri azalduta", euskarazko baliabideak Interneten edo informazioa eta sarea.

Eta nola iraganen da topaketa? Goizeko bederatziak aldera Estiako sarrera nagusian jarri dute hitzordua. Bertan parte-hartzaile bakoitzak bere burua laburki aurkeztuko die gainerako lagunei. Ondoren, antolatzaileek (orotara zazpi lagun arituko dira, besteak beste, euskara-frantsesa itzulpenak bermatzeko, azaldu du Biscary-k) oinarrien berri emango dute.

Arau nagusia hauxe da: «Ez jin turista gisa, parte-hartzaile aktiboa izatera baizik». Antolatzaileek nabarmentzen dutenez, logizien librearen izpiritua bereganatuz, ekimenaren funtsa jendearen artean harremana sortzea da.

Ondoren, gaiak zehaztu eta Estian hartu dituzten zazpi gelatan banatuko da jendea. Hortik aurrera, talde bakoitzak bere saioa animatuko du: zertaz mintzatu erabaki, nola erabili eskura dituzten tresnak (Internet, bideo pantailak...) zehaztu...

Ttirrittek aitortu duenez, «oraino ez dugu erabaki ea bilera orokorra antolatzen dugun eguna bururatzeko, nahiago dugu bertan deliberatu nola laburbildu BasqueCamp-ean pasatzen den guztia».

Zergatik antolatu BasqueCamp-a? Biscaryk bi arrazoi nagusi aipatu dizkigu. Lehena, orokorra, «egun teknologia berriak oso azkar hedatzen ari dira eta sarritan hobekuntza berriez profitatzeko dirua ordaindu behar da; gure ustez, hau bezalako topaketek beste aukera bat emanen dute, Internet arloan ibiltzen den jendea elkartzen da eta beraien artean ezagupenak, asmoak, informazioak...trukatzen dituzte».

Jarraian, bigarren arrazoia mahaigaineratu du. «Euskal Herri mailan gure arteko loturak sendotzea inportantea da. Ene ustez, interesgarria da hegoaldeko eta iparraldeko jendea elkartzea, elkar ezagutzea, eta are gehiago errango nuke, lortzen badugu urte batean han bestea hemen BasqueCamp-a antolatzea, oso aberasgarria izanen delakoan nago».

AEBetan egin zuten munduko lehen BarCamp-a, Kalifornian, 2005ko abuztuaren 19tik 21era ospatu zena. Aste bakar batean antolatu bazuten ere, 200 bat lagun bildu ziren. Geroztik, 31 herrialdetan egin dute, eta horien artean, noski, Euskal Herria ere bada.
(II. BasqueCamp-ari buruzko xehetasun guziak: http://barnekaldetik.blogspot.com)

(Ttirritekin elkarrizketa irratian. Soinua: http://www.irratia.com)


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Teketen

2008-10-16

Han edukiko gaituzu!

icon

ptx | irratia.com

2008-10-16

Basquecamp-2 kari, guk ere elkarrizketa egin diogu Barnekaldetik blogaren egileari.
www.irratia.com euskarazko irrati digitalean duzue entzungai.

Komentarioa idatzi