Tren bidezko zama garraioaren aldeko ekimen berriak ostiralean deliberatuko dira
Larunbatean Baionan freta defenditzeko CADEk, CGTk eta Bizik antolatu zuten mobilizazio egunaren bilana oso positiboa egin dute deitzaileek. Elkartaratzean eta hitzaldian agerian gelditu ziren gaiak lantzeko eta etorkizunera begira garatu daitezken beste ekintzak erabakitzeko bilkura eginen dute hiru taldeek ostiralean.
Idoia ERASO / BAIONA
Eguraldi kaxkarra egin arren bai elkartaratzean baita ondoren izan zen mitzaldian berrehun bat pertsona inguru elkartu ziren. CGTko Peio Dufauk eta CADEko Victor Pachonek oso positibotzat jo dute larunbateko ekimenaren partehartzea. Bereziki Lan Burtsan egin zen mintzaldi-eztabaida aipatu du Dufauk: «Gela osoa betea zen, oso interesgarria izan zen».
Gizartea mobilizatzea lortu baldin bada ere SNCFak inolako berririk ez duela eman nabarmendu du CGTko kideak. «SNCFak ez du batere erantzunik eman. Mintzaldira etortzeko gomita igorri genien, horrela enpresaren iritzia emateko, baina ez dugu batere berririk izan».
Trenen erakunde publikoak orain arte aurrikusia zuen politikarekin aurrera darrai. «Apirilean 34 lanpostu txikituak izanen dira Baiona eta Hendaiako geltokietan. Gehienak Euskal Herrian geldituko dira, hiru Bordelera joanen dira eta bat Parisera, baina nahi duelako. Orain beldur gira ekainean beste lanpostu andana bat kenduko baitituzte» azaldu du Peio Dufauk.
LAB ez dute gonbidatu
Larunbateko ekitaldirako antolatzaileak CADE, Bizi eta CGT izan baziren ere Berdeen partiduak eta LAB sindikatuek mobilizaziora joateko deialdia egin zuten. Sindikatu abertzaleak CADErekin batera agiri komun bat atera zuten larunbateko ekimenetara deialdia eginez. LABek ezin izan zuen antolatzaileen artean parte hartu izan CGTren blokeoarengatik.
Ostiraleko bilkurara ere sindikatua abertzalea ez da gonbidatua izanen: «CGTk LABekin badu arazo bat eta ezin da sindikatu horrekin zerbait antolatu. Oso gaizki ikusten dut baina horrela da» azaldu du Peio Dufauk. Bai abertzaleei baita beste elkarte eta eragilerekin lanean arituko direla gehitu du sindikalistak: «Entsaiatuko gara gure mugimendua zabaltzen».
Tren langileen egoera arazo soziala da
«Xeminotekin garatu dugun elkarlana oso interesgarria izan da. Trenbideen arazoa soziala dela erakusteko. Xeminotak gizartearekin elkartu dira eta guk ere ingurumenaren gaia ikuspegi sozialetik jorratu dugu. Elkarlan oso emankorra izan da» azaldu du ingurumenaren aldeko kolektiboaren bozeramailea den Victor Pachonek.
Bai zama lanetan baita bidaiarien zerbitzuetan lan egiten duten langileen egoera zerbitzu publikoaren deusestatzearen parte dela salatu du CADEko kideak. «Sarritan eztabaida grebalari eta erabiltzaileen arteko karikatura bezala erakutsia da, baina guk gizarte sozialaren alde borrokatzen den hiritargoa bultzatu nahi dugu».
Hendaiako geltokiko fret zerbitzua atxikitzearen alderdi positiboak ekarri ditu gogora Pachonek. Alde batetik tren luze eta pisuen abantailak aipatu ditu «Tren luzeak direnean tren arin eta txiki gutxiago direla erran nahi du. Horrela ingurumenaren aldeko apostua egiten da. Gainera trenbideen ondoan bizi diren pertsonentzako egunean tren gutxiago pasatzen direla suposatzen du». Bestalde tren luze horiek Hendaian osatzearen alde agertu zen, horrela lanpostuak atxikitzen direlako.





