Trenbide berriaren aurkako mezuak marraztu dituzte RN10 errepidean

Argitaratua: 2010-01-18 13:16:32

Bide margolariak lanean Urruñako errepide batean.

Joan den asteburuan RN10 bidea hartu zuten bidaiariek ohikoak ez diren mezuak atzeman zituzte Lapurdiko errepide nagusi honetan. Gauean AHTren aurkako militanteek Ziburu eta Pausu arteko bideetan beren aldarrikapenak marraztu zituzten. Hogoi bat jendek, bi talde ezberdinetan banaturik, hartu zuten parte ekimenean. Argi bereziekin hornituriko autoak, trafikoa zaintzeko ekipak, txaleko horiak soinean... Errepidetan lan egiten duten beharginen itxura hartu zuten gau batez «Urruñan eta eskualde osoan txikizio handia sortuko duen azpiegitura» onartzen ez duten herritarrek.

Maite UBIRIA | URRUÑA
Larunbat goizean ez ohiko irudia zuen RN10 errepideak. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugatik, Pausu auzotik, eta Ziburu artean, Ketxiloa auzoraino, AHTren aurkako lemak nonahi agertu ziren.

Bide nagusi horretan, "LGV non, AHT ez" leloak pintura zuriaz marraztu zituzten bezperan herritar batzuk trenbide berriak Urruñan eta eskualde osoan izanen duen eraginaz ohartarazteko.

AHTren aurkako elkarteetan murgiltzen diren 20 bat herritarrek hartu zuten parte ekimen horretan. Bi taldetan banaturik, Urruña erdialdetik abiatuta batzuk Pausu aldean jardun zuten eta besteak Ketxiloa auzoa bitartean ibili ziren.

Errepide nagusia izanik, aparteko segurtasun neurriak hartu zituzten istripuak ez sortzeko. «Gizon horiek» erabiltzen dituzten autoak -argia eta guzti-, txalekoak, trafikoa ordenatzeko ekipak.... 2 orenez bideetako beharginak bezala jardun zuten, denok batera, erretretari hurbiletik begiratzen dioten herritarrek zoin herri aldarrikapen anitzetan eskarmentu handia duten militante gazteek.

Lana amaitzerakoan kontent agertzen ziren. «Dena ongi pasatu da, ez da inolako ezustekorik gertatu, eta emaitza ona izan da, garbia» aipatzen zuten AHTren aurkako margolariek.

Anekdota bakarra, polizi nazionala margo lanetan ari zen talde batengana hurbildu zen. Zeinek agindu du lan hau ? Galdegin zuten poliziek. "Odile de Coral auzapezak" erantzun zion militante batek.

Urruñako UMPko auzapeza, beste hainbat hautetsi bezala, AHTren aurkako banderola berriki hartu duenez, «erantzun naturala» eman dutela azaltzen zuten ondoren trenbide berriari muzin egiten dioten herritarrek.

Cade elkarteak eta AHT Gelditu Elkarlanak ! heldu den larunbatean Hendaia eta Irunen artean deitu duten manifestaziori «bidea baizik ez diogu ireki» azpimarratzen zuten Urruñako bide margolariek.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi