UEUko ikastaroak gaur goizean hasi dira Baionan

Argitaratua: 2010-07-04 22:18:06

UEUk antolatuta, Udako Ikastaroak abiatu dira gaur goizean Baionan. Osasuna, historia, sexologia edo pedagogia bezalako gaiak tratatzen dituzten kurtsoak eskeiniko dira aste honetan Lapurdiko hiriburuko IUTan. Kazeta.info bertan izan da Itziar Salegik eskeintzen duen "Etxeko erremedio naturalak: sendabelarrak, aromaterapia eta elikagai sendagarriak" ikastaroan. Gizakiaren osotasuna kontutan hartuz gorputza sendatzeko bide ezberdinen berri eskeiniko du ostegunera bitarte.

Idoia ERASO/ BAIONA

Hamar ikaslez osaturiko taldea medikuntza tradizionaletik kanpoko medioen bitartez sendatzeko bideak ezagutza biltzera hurbildu da, Itziar Salegi Urbieta naturopataren eskutik. Gizakia eta gizartea osotasunean kontutan izanik Itziar Salegik, elikadura, sendabelarrak, kosmetika eta etxeko garbiketa landuko ditu heldu den egunetan. «Terapia naturalak zabaldu eta norberak bere burua zaintzeko tresnak eman nahi dizkiet ikasleei» azaldu du irakasleak.

Terapia "alternatibo" edo naturalak, hala ere oso zabalak izanik, ikuspegi oso ezberdinak eta batzutan kontrajarriak ematen dituela azaldu du Salegik. Hori dela eta norberari bere oreka bilatzea gomendatu die bere ikaskizunak entzutera hurbildutakoei. Horretarako tresnak eskutan izanen dituzte ikasleek, horrela ukenduak, kremak, olioak, edo jatekoak ere prestatzen ikasiko dute.

Ikuspegi zabala beste bide batzuen xeka direnentzat

Gehienak emaztekiak dira sendabelarren ikastaroan. Lehengo emagin edo sorginen jakituria bildu nahi duten belaunaldi berriak beharbada. Adin eta ezagutza maila ezberdinak dituzten pertsonak izanki ere denek nahi dute osasunbide tradizionaletatik kanpo diren bideak ezagutu.

Ianeko ileak zuri dituen Josunek argiki erran du garai bateko jakituria berrezkuratu nahi duela: «Gurasoengandik zerbait ikasi nuen, baina gutxi iruditzen zait eta gehiago ikasi nahi dut». Bestalde gazteagoa den Nerea mundu batera salto egiteko prestatu da Baionako ikastaroekin: «Nire ama baserrikoa da eta zerbait gauza ezagutzen ditu, nik orain arte medikamenduak hartzen nituen, baina horrekin akitua naiz eta sendatzeko beste bide batzuk ezagutu nahi ditut».

Ainhoak aldiz ianeko beste ikastaro batzuk eginak ditu eta sendabelarren munduan murgildua da, baina beti bada gehiago ikasteko parada eta «beste ikastaroetan hartu ezagutzak sakondu nahi ditut».

Ikasi eta aldi berean eztabaidatzeko ere etorri den jendea elkartu da Baionan. Horrela behin Itziarrek gaur egungo gizartean diren arriskuen zerrenda egin eta gero ikasle gazte batek denak kontutan izanik "ponpa" batean bizitzera behartuak ginela erran du klasean. Izan ere elikagaiek jatorrian dituzten kutsatzaileak, eta pretatuak direnen kontserbatzaile eta produktuak, uhin elektromagnetiko eta eguzkiarenak, medikamenduak, estresa eta emozioak, ezak eta gehiegi ditugun produktu kaltegarriak izan dira irakasleak aipatu dituen gaixotasunaren arrazoietako batzuk.

Ikasleari erantzunez Itziar Salegik bere aldetik, norberaren bizi moduan oreka bilatzearen garrantzia nabarmendu du, izan ere dena zuzen egin nahi izateak beldurra sortzen duela erran du, eta kanpokoak bezala barneko beldur, arrangura eta erruduntasunak ere gaixotasunaren sortzaile moduan izendatu ditu.

UEUko eskeintza aberatsa

Bigarren urtez, IUT-ko egoitzan ospatzen ari dira ikastaroak. Bi unibertsitateen arteko elkarlana azkartzeko nahikeria agertu dute Lore Arriondo, UEUko zuzendariak, eta Xalbat Berterretche, IUTeko zuzendariak, ikastaroak aurkezteko unean. Orotara 9 ikastaro antolatu ditu aurten UEUk Ipar Euskal Herrian.

Guztira 38 ikastaro antolatu ditu aurten UEUk. Horietarik 16 Eibarren, 9 Baionan eta 13 Irunean ospatuko direlarik. Udako Ikastaroetako arduraduna, Irati Iciar-ek azaldu duenez, bost jakintza arlotan banatuta egongo dira ikastaroak: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientzia aplikatuak, eta gizarte zientziak. Azken hau izanen da jakintzarik nagusiena, Baionan ere.


Historia ikastaroan, Eneko Bidegain kazetariak "Frantses sentimentuaren errotzea Ipar Euskal Herrian. Lehen Gerla Mundialaren ondotik" gaia jorratuko du, eta Josu Txueka, EHUko irakasleak "Verdunetik Hiroshimara. Gernika barrena" leloa duen mintzaldia eskeiniko du.

Bestalde, tantraren oinarri teorikoa eta meditazio eta masaje tantrikoa izanen ditu aipagai Elizabeth Olaskoaga Ezeiza, pedagogian lizientziatua eta sexologia ikasketak burutuak dituen UEUko kideak "Tantra: Maitasunaren atea" izena hartu duen ikastaroan.


Baionako udako ikastaroen eskeintza aberasteko nahian ohikoa denez hainbat ekintza osagarri antolatuko dituzte. Aurten, egoera ekonomiakoari buruz mintzaldia antolatu dute Behatokiaren laguntzaz.

Aurtengo ikastaroen beste berezitasun bat, ikasleek Angeluko aterpetxean gera daitezke.


Ikastaroei buruz xehetasun guziak: UEU-ren webgunean.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi