UEUren sortzaileak omenduko dituzte Baionan eginen diren ikastaroen karietara

Argitaratua: 2012-06-03 21:38:48

Udako ikastaroen Irati Iciar arduraduna eta UEUko Karmele Artetxe zuzendaria. Bob EDME argazkia.

Udako Euskal Unibertsitateak ( UEU ) 40. urtemuga ospatuko du aurten eta horren kari, 40 ikastaro proposatuko ditu uztaileko lau asteetan zehar Eibar, Iruņea eta Baionaren artean. Kurtso horietan artea eta musika, ingeniaritza, teknologia, osasuna, zientziak edo gizarte zientziak jorratzeko aukerak eskainiko ditu Lapurdiko hiriaren unibertsitatean zortzi ikastaldi antolatuko dira uztailaren 4tik 6ra IUTan. Aurtengo eskaintza oparoa bada ere, UEUk egoera ekonomiko gogorra pairatzen duela ezin da ahantzi, Eusko Jaurlaritzaren eskutik jasotzen zituen diru laguntzak galdu bait ditu.

Mattin PETRISSANS l BAIONA
UEUren lehen urratsak 1970ko hamarkadaren hastapenean Iparraldean egin ziren. 70tik 72ra Jean Haritxelhar eta Piarres Xarriton euskaltzainak izan ziren Kultur Asteak deitutako ekimenen bultzatzaile nagusienak. Jorratutako gaiak bi ardatz nagusitan banatzen ziren: euskal kultura/gizartea eta erlijioa.

"Antolatzaileen xedea, ordea, nahiko zabala zen: euskaldunak elkar ezagutzea, elkarren berri jakitea, egun batzuetan elkarrekin bizitzea eta lantaldeak sortzea. Dena den, helburu zabal horiek ez zitzaizkien batzuei nahikoak iruditzen eta asmo eta jomuga handiagoak jarri behar zirela uste zuten. Karlos Santamaria euskal matematikari eta pentsalari handiak Kultur Aste haiek Udako Unibertsitate bihurtzea zeukan euskalzale hark buruan" zehaztu du UEUko Karmele Artetxe zuzendariak.

Udako Euskal Unibertsitatearen lehen jardunaldia 1973ko agorrilaren 28k irailaren 8ra arte Donibane Lohizunen gauzatu zen. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren baimenarekin, Iparraldeko kontseilarien eta auzapezen eta Euskaltzaindiaren baimenarekin plantan ezarri zuten.

Karmele Artetxek ohartarazi duenez, UEUk urtez urte egindako ekarpenak ainitzak dira: "Euskara unibertsitate esparruan landu zitekeen apustua, euskarazko hiztegi teknikoaren definizioa, euskal komunitate zientifikoarentzat bilgune izatea, proiektu berritzaileak martxan jartzeko gaitasuna, unibertsitate mailako testugintzan eta formazioan egiten duen lan erreferentziazkoa eta noski, Euskal Unibertsitatearen aldarria".

Haren sarearekin dituen harremanak areagotzen ditu UEUk
Haatik, UEUk 40. urtemuga ospatzen badu ere, haren egoera ekonomikoa ez da hain zoriontsua Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak kendu bait dizkio, ia 180 000 euro. Erran gabe doa, UEUko funtzionamenduak ondorio latzak pairatu dituela. Adibidez, Baionako langilearen uzteko behartuak izan dira.

"Izan ere, gure bazkide eta gertu diren elkarte, erakunde edo banakoek ekartzen diguten babesa eta laguntza izugarria izaten ari da eta horrek beste 40 urtez aurrera egiteko nahikoa indar ematen digu. Harreman haiek indartzen ditugu. Aurtengo Udako ikastaroak horren isla izatea nahi dugu" dio Artetxek.

UEUk garai zaila ezagutzen badu ere, Karmele Artetxek aipatutako dinamikaren laguntzarekin, 40 ikastaro proposatuko dituzte uztailean zehar. Azken urteetako kopuru haundiena da. "40. urteurrena ospatzeko aurten 40 ikastaro antolatu ditugu, azken urteetako kopururik handiena. Guretzat erronka handia izan da kopuru hau antolatzea betiko kalitateari eutsiz krisi garai honetan, baina gure bazkide eta gertukoek erakutsi duten babesa izugarria izan da. Beraiei esker aurkezten dugu aurtengo eskaintza oparoa" osatu du UEUko udako ikastaroen Irati Iciar arduradunak.

Ikastaroetako tokien atxikitzeak hasiak dira
Ikastaroak 15 tokitara mugatuak direnez, eta batzuk jadanik betetzen hasia direnez, antolatzaileek aholkatzen dute ahal bezain fite izen emaitea UEUren webgunearen bitartez. Parte hartzeko formulen prezioak 65 eta 160 euroren artekoak dira gutti gora jakinez bazkide, langabetu, erretiratu edo ikasle izanez prezio apalagoak lortzen direla.

Baita ere, opari ideia bila direnentzat, 30 euroko bonoen erosteko aukera bada, egiazko balioa 33 eurokoa ukanen dute UEUk %10a eskaintzen bait du. Haiekin, ikastaroen gehigarriz, UEUen liburuak edo aldizkarietako harpidetzak erosteko ahala bada.

Horra zoin diren Baionan eskainiko diren ikastaroak:

( Xehetasunak: www.ueu.org. )


Komentarioak

Komentarioa idatzi