Urtarrilaren 29ko argazki indartsua errepikatu da Baionako karriketan
Milaka eta milaka herritar atera dira goiz honetan Baionako karriketara sindikatuek egindako deialdia babestuz. Urtarrilaren 29an Lapurdiko hiriburuak eskeini zuen iduri indartsua errepikatu da gaurko mobilizazioan. Zortzi sindikatu biltzen dituen konfederazioak eta LABek deitzen zuten Frantziako Gobernuaren politika ekonomikoa kalean salatzera. Oihartzun zabala izan du gizartearen protestak, beste behin ere pilota Eliseoren teilatuan ezarri duelarik.
Maite UBIRIA | BAIONA
Greba eta mobilizazio eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian zein Estatu frantziarrean ere. Joan zen urtarrilaren 29an lehen mobilizazio orokorra burutu zuten sindikatuek. Eta gaur beste hainbeste egin dute. Baionako karriketara atera diren herritarrek mezu zehatza helarazi diote Sarkozy presidenteari: langileak ez dira prest kapitalistek sortutako krisiaren ondorioak ordaintzeko.
Urtarrileko manifestazioan 9 000-14 000 pertsona artean atera ziren kalera, eta gaurko mobilizazioan maila berdinekoa izan dela erran daiteke. U-29an 9 000 manifestari izan zirela Baionako protestan jakinarazi zuen Poliziak. Sindikatuek, aldiz, 14 000 manifestari ikusi zituzten Lapurdiko hiriburuan.
Gaur, Poliziak 9 500 herritar izan direla karriketan azaldu du, eta sindikatuek, bere aldetik, «urtarrileko kopurua zertxobait hobetu dugula» kontatu digute. Bere esanetan, 14 000-15 000 herritarrek bat egin dute sindikatuek luzaturiko deialdiarekin.
Martxa anitza eta koloretsua
Goizeko 10.30ak zirelarik abiatu da manifestazioa St Ursulatik. Buruan, protestaren deitzaileak: intersindikala osatzen duten zortzi zentralak. Ondoren, bata bestearen atzetik, sindikatu zein lan arlo ezberdinetako hamaika banderola. Aurreko lerroetan, Baionako CAF-eko langileak ziren. Manifestazioa baliatu dute zerbitzu publiko hori Baionatik eramateko arriskuaz herritarrei ohartarazteko. Sinadura bilketa burutu dute.
Euskal kostaldeko eritxea edo Hendaiako Itsas ospitaleko langileak han ikusi ditugu ere, zerbitzu publikoen defentsa eginez. Urtarrileko martxarekin aldenduta, arlo pribatuko langileen presentzia apalagoa sumatzen zen gaurko martxan. CGT-eko ordezkari batek aipatu dugunez, «hainbat langilek arazoak izan dituzte greba egiteko, joan zen urtarrileko protestarekin bat egin ondoren presio handiak izan baitira lantoki anitzetan».
Izan ere, bertan egon dira, besteak beste Angeluko Carrefourre-ko langileak eta baita Castoramakoak ere. Oro har komertzio arloko langileen lan ordutegien luzapena eta igandeko lanaldia salatu dituzte.
Irakaslek eta ikaslek borroka eredugarria eramaten dute azken hilebeteotan Hezkuntza ministaritzak bultzatzen dituen erreformak errefusatzeko. Gaur ere bere aldarrikapenak toki berezia hartu dute karriketan. IUT-eko ikasle eta irakasleek zabor zakuekin jantzi dira, gainera, eta irrifarren artean baliorik gabeko unibertsitateko diplomak banatu dituzte jende artean.
Arlo ezberdinetako langileak, medikuak bata txuria jantzita, abokatuak toga beltzarekin, garbiketa edo lorezaintza zerbitzuetako enplegatuak buzo berdeekin, trenbideetako edo aeroportuko langileak uniformatuak... Martxa koloretsua suertatu da.
Banderola ofizialetan gizarte mugimenduaren aldarrikapen nagusiak irakurri ditugu: soldata hobeagoak, langabeziari stop, SMIC-en igotzearen beharra, pentsioak berbalorizatzea, prekarietatea murriztu...
Krisiari aurre egiteko umorea lagun
Sindikatuek adostutako erreibindikazio-kaieratik haratago, aberastasunaren banaketa eta justizia soziala aldarrikatzen zuten herritar askok kartel tipien bitartez. Askotan, oso era umoretsuan. Emakume bat ikusi dugu bere txakurrarekin batera martxan parte hartzen. Paparrean kartel bat zintzilik zuen «txakurrak bezala tratatzen gaituzte» leloarekin.
Lelo eta oihuen galeria anitza zen benetan. "Begiak ideki eta borrokatu" zioen NPA alderdiko militante gazteak zeraman afitxa. Frantziako people ezagun batek bota zuen esaldi lazgarri baten gainean trufa eginez hala zioen beste slogan batek: "Rolex bat ez duenak lehen harria bota dezala". "Casse-toi pauvre con!", Sarkozyren esaldi famatua ez da falta ere.
Europako bozkak begibistan direlarik, Front de Gauche, Ecologie, NPA eta beste hainbat alderdietako militanteak buru-belarri ibili dira traktak banatzen.
Bestalde, manifestazioaren atzekaldean kokatu diren LABeko manifestariek (500 bat ziren), prest izan dituzte Martinika eta Guadalupeko langileen eraman duten borroka luzea eta arrakastatsua.
Bir maneran, "paperik gabeko" herritarren eskaerak eta etxebizitza duinaren aldeko aldarriak present izan dira gaurko martxan.
Martxa Herriko Etxean bururatu da, eguerdiak pasatxo, eta bertan sindikatuek deia luzatu diote Frantziako Gobernuari herritarren ahotsa entzun dezan. Sindikatuen konfederazioak berretsi digunez, bihar bilera eginen dute gaurko mobilizazioaren bilana egiteko eta geroari begira zer nolako urratsak emanen dituzten zehazteko. LAB sindikatuak, bere aldetik, gaurko egunatik haratago protesta mugimendu zabal, anitza eta iraunkor sortzearen beharra aldarrikatu du.





