Uztaritzek ere euskara ospatzen du martxoan
Herriko Etxeak, Uztaritzeko Euskaraz bai jarraipen taldeak eta Kontseiluak Euskaraz bai hilabetea aurkeztu dute, joan de larunbatean, Uztaritzen. Denen artean prestatu duten egitarauaren bitartez, euskaldun eta euskaltzale guztien gogoak asetzea espero dute. Aurkezpena Uztaritzeko merkatuan egin da. Herriko sarreran, Uztaritzen Euskaraz bai plaka zintzilikatu dute. Modu honetan, Anne-Marie Etcheverriak, Herriko Etxearen izenean euskararekiko eta Euskaraz bai desmartxarekiko duen atxikimendua adierazi du
Euskararen normalizazioaren aldeko borondatea bada Uztaritzen: «2007ean hasi ginen lanean Uztaritzen Bai Euskarari Akordioarekin herritar batzuen kezkei erantzun nahian. Geroztik, hainbat eragile engaiatu dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez eta euskararen normalizazioaren inguruko hainbat ekimen antolatu ditugu», adierazi du Ihintza Aldanak Kontseiluko ordezkariak.
Bidea luzea dela badakite, baina 3 urte berantago oraindik hor dira, gero eta egitarau aberatsagoak proposatuz, uztariztarrei euskaraz bizi nahi dutela eta bizitzeko aukerak sortu behar direla gogora ekarriz.
Hori da justuki Euskaraz bai hilabetearen helburua : euskaraz bizitzeko aukerak sortzea. Horretarako hilabete osoan zehar, hainbat ekimen ezberdin izanen dira.
Ostirala, 12an, gaueko 21:00etan Gaztelondoa gelan “Kutxidazu bidea Ixabel” filmaren proiekzioa izanen da.
Astelehena 22an, eskola ezberdinetako haurrek joko pista bat eginen dute herriko saltegietan.
Asteartea 23an, 10:00etan Lagunen etxean Gau eskolako ikasle batek aurkezturik Hansel eta Gretel antzerkia izanen da.
Ostirala 26an, goizeko 9:00etan Arruntzako eskolan Xan Errotabehere ipuin kontaketetan arituko da eta gaueko 21:00etan Uztaritzeko Elizan Oldarra taldearen kantaldia izanen da Ikastolak antolaturik.
Bukatzeko, martxoaren 28an, igandearekin 17:00etan Ttirritta ostatuan festa giroa izanen da dantzak, pintxoak…
Prentsa-oharrean, larunbatean egindako aurkezpenaren berri emateaz gain Kontseiluak uztariztarrak ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu.





