Wi-Max antenen kari zabaldu den eztabaida publikoa Garazirat heldu da
Jean Jacques Lasserre deputatuak Departamendua «numerizatzeko» helburua finkatu bazuen ere, gaur egun Ipar Euskal Herriko barnealdean milaka etxe dira oraindik «eremu zurian». Wi-Fi antenak hedadura laburrekoak izanik, Wi-Max antenak plantatzea proposatzen da. Baina, herritarrek internetendako konexio hobe ukan nahi badute ere, haien osasuna eta inguramena jokoan ezartzearen kontra daude. Arazo honen aitzinean, Maulen, Izura eta Donaixtin piztu diren eztabaida publikoak Garazirat heldu dira orain.
Gaxuxa Arranbide / Maite Ubiria
Izan ere, heldu den ostiralean, hau da otsailaren 13an, gaueko 21.00etan « Luisen etxea » ostatuan garaztarrek batzar nagusia antolatu dute « eremu zuriak » ekiditeko Wi-Max sistemaren ondorio positibo edota negatiboak balantzean jartzeko
Wi-Max sistema erabiltzeak herritarrari merkeago ateratzen bazaio ere, antenek igortzen dituzten elektromanetikoen uhinek kezka eragiten dute. Zientzialari batzuk osasun kalteei buruz frogak erakutsi dituzte eta biztanleek konexio azkarraren truke osasuna eta inguramena jokoan ezartzearen beldur agertzen dira.
Horrez gain, asurantza bulegoek uhinek eragin dezaketen arriskuak bermatzeko zalantza agertu dute eta arriskuak neurtuak izan arte gehienek beren gain hartzea balizko kalteak errefusatzen dute.
Botere publikoari begira, informazioa eske
Maulen, Izuran ala Donaixtin bezala Garazi-Baigorri eskualdeko biztanleek Kontseilu Orokorrari eta Herri Elkargoari Wi-Max sistemak eragin dezakeen arriskuen informazioa zabaltzea eta internet konexioa ukaiteko irtenbide posibleak atxematea galdegin diete.
Funtsean, zalantzak agertzen dituzten herritarrek zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko fibra optika hedatzea dela usterik, herritar guziek zerbitzu berdina jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dute.
Interes ekonomikoengatik beren osasuna kaltetua izatea errefusatzen dute eta horretarako, soluzio bide bat atxeman nahian, Garazin ere Batzar Nagusi baten antolatzea erabaki da.
Gisa hartara, otsailaren 13an, gaueko 21.00etan «Luisen etxean» tabernan hitzordua finkatu du herritar talde batek jendeari informatu eta soluzio bideak proposatzeko helburuarekin.
Priartem elkartearen filma pasatu ondoren, eztabaida proposatua izanen da. Bertan izanen dira, Etienne Boyer web editorea, hartzez xiberutarra eta "Mauvais berger" liburuaren egilea, eta baita Pierre Etcheberry eta Laurent Caudine, Mithikile-Larrorin sorturiko "Comité pour le Haut débit par la fibre optique" elkartearen partaideak ere.
(Irakur ere: Milaka etxe oraindik «eremu zurian» Ipar Euskal Herriko barnealdean)





