Zezenketaren geroa iluntzen ari da... baita Euskal Herrian ere ?
Zezenketaren geroa iluntzen ari da. Zezen-plazetan publikoaren kopurua apalduz doa eta kostuak, berritz, etengabe gora doaz. Iazko sasoinan, Baionan zortzi zezenketa ekitaldi antolatu ziren iaz, tauromakiaren defendatzaile sutsua den Jean Grenet auzapezaren sosteguz. Emaitza ez zen ona. Zezenketa horiek 2 milioi euroko buxetarekin egin zituzten. Alta, 55 000 sartze baizik ez zituzten saldu. Ondorioz, zezenketek 400 000 euroko defizita sortu zioten Herriko Etxeari. Bistan da, heldu den ekainean eginen diren hauteskundeetan bere deputatu postua atxiki nahi duen Jean Grenet Baionako auzapezarentzat bilana ez da ona. Hori gutxi balitz, zezenketen aurkako mugimendua Legebiltzarrerako hautagaiengana zuzendu da "animalien aurkako tortura" amaitzeko engaiamendua har dezaten eskatzeko.
Mattin PETRISSANS | Maite UBIRIA
Krisia dela-medio, zezenketen aurkako iritziak zabalduz doaz. Iazko irailean Kataluniak zezenketak debekatzeko eman zuen urratsak eztabaida pizteko balio izan du. Zezenketen karietara sortu duen mugimendu berrienetariko bat aipatzearren, Euskal Herrian, Gipuzkoako Urola bailaran osatu den Muu herri ekimena aipatu daiteke. Heldu den ekainaren 3an zezenketen aurkako eskaerak bilduko dituzte Zestoan. Muu-ren webgunean zezenketaren aurka diren herritar batzuen lekukotasuna bildu dituzte:
Espainian zein Frantzian kinka txarrean dira zezenketak. Reuters-ek horren berri emanez erreportaia egin du aste honentan bere Frantziako bezeroendako. El Pais kazeta iturria gisa aipatuz, 2007 eta 2010aren artean %34 zezenketa guttiago antolatu direla Penintsulan oroitarazi du lehenik eta behin berri agentziak.
Hexagonoan ere, bilakaera ildo berekoa da. Hiriek zezenketari eta haien pestetako antolakuntzari zuzentzen dieten buxeta ttipituz doa.
Neurriak zezenketak salbatzeko Frantzian
Frantzian honako hirietan antolatzen dira zezenketak: Akize, Mont-De-Marsan, Vic-Fezensac, Béziers, Nîmes eta Arles hirietan. Euskal Herriaren kasuan Baionan da zezen-plaza nagusia.
"Frantziako zezenketa jokoan zen. Aktibitateak beste ikusgarri guziek pairatzen duten ikusleen kopuruaren apaltzea ezagutzen du" azaldu dio Reuters prentsa agentziari.
Mont-de-Marsanko auzapeza eta Frantziako zezenketa hirien batasuneko lehendakaria den Geneviève Darrieussecq-ek. Landes-etako hiriak zezenketari zuzenduko buxeta murriztuko du aurten. Iaz 1,35 milioiko buxeta baliatua izan zen. Aurten, 1,2 milioi eurokoa da aurrekontua.
Gers departamenduko Vic-Fezensac hirian aldiz, herritarren %51aren baimenarekin, erabaki da bi urterendako Pentecôtavic pestaren bertan behera uztea. Arrazoina ? Iaz 70 000 presuna hurbildu ziren bestara eta horrek kudeaketa arazoak eragi zituen. Asteburu luze honetan zezenketaldia izanen da. Auzapezak 7 000 zezenzale inguru espero ditu. Besta zezenketara mugatzeko erabakiak ika-mika sortu du.
Tauromakiako hirien izenean, Jean Grenetek desmartxak egin ditu Espainian. Zezen hazleek prezioen tipitzea nahi du. Horrekin batera, zezenketarako txartelen apaltzea nahi du.
Zezenketek miresmena sortzen dutela, oraindik ere, Iparraldean ukatzekorik ez da. Horren adibide, maiatzan zehar Salbatore pesten 10. urtemuga markatzeko, Peña Idiak elkarteak tauromakiari buruzko erakusketa antolatu Hazparnen bertako Herriko Etxea eta Haspand-Art elkartearen laguntzaz. Emazteeo Dote taldeak agiria plazaratu du ekimen horri kritika eginez. ( Hemen agiria ).
Greneten hautuak: zezenketak eta errugbia
Baionan, Herriko Etxeak besten pribatizazio bidea ideki du. Hala, heldu den uztailaren ondarrean ospatuko diren bestek laguntzaile prbatu esanguratsua dute. AB errugbi taldeko lehendakaria, Alain Afflelou enpresariak 500 000ko ekarpenari esker besten egitaraua ez da murriztuko.
Izan ere, bestetatik landa ospatzen diren zezenketekin zer gertatuko den jakiterik ez da. Aldaketa politikoa martxan da Estatu frantsesean. Ekainean Legebiltzarrerako bozak izanen dira. Presidentziarako hauteskundeek emaitza historikoa utzi zuten Lapurdiko hiriburuan. Ezkerrak antzinamendu azkarra egin baitzuen. Laster, Legebiltzarrerako bozak izanen dira eta, hauteskunde horiek oso ezberdinak badira ere, Jean Grenetek, lehen aldikoz, arriskuan ikus dezake bere deputatu postua.
2014an, berriz, herriko hauteskundeak izanen dira. Zezenketa Frantziako ondare gisa hartzeko lan kementsu egin duen Grenetek auzapeza izateari utziko balioke ? Baionako auzapez berriak nola "toreatuko" luke zezenketen gaineko eztabaida ?
( Zezenketaren aurkako mugimenduaren gainean informazio anitz zabaltzen du Jenofa Cuisset blogariak )





