Ziburuko Kaskarotenia, Seaskako 30. ikastola

Argitaratua: 2012-09-10 22:46:38

Marinela eskola eremuko lur sail batean ezarriko dute behin behineko ikastola. Nicolas MOLLO argazkia.

Ikasturte berria, ikastola berria. Oraindik ere Ziburuko Herriko Etxeari alokatutako lursaila hutsik bada, hilaren ondarrean Ziburuko Kaskarotenia ikastolaren hasikina bertan sortuko da. 4-5 haurrekin abiatuko dira klaseak, bungalow batean. Herriko Etxeak haurrendako gunea ezarri nahi du Marinela auzoan. Bertan, gaur egun, lanak egiteko hetsia den eskola publikoa eta Luma haurtzaindegia daude. Etorkizun hurbilean, bungalow batean abiatuko den ikastolaren egoitza irankorra altxatu nahi luke Seaskak.

Kaskarotenia du izena eta Ziburuko Marinela auzoan kokaturik da. Guy Poulou auzapezak behin behineko ikastola gune horretan plantatzeko baimena eman ondoren, eraikitzeko baimenaren zain dira ikastolako burasoak. Izan ere, lursaila egokitzeko lanak martxan dira dagoeneko.

Iparraldeko ikastolen elkarteak hilaren 24an nahi luke ikastola berria irekitzea. Izan ere, aurkezpen ekitaldian izan diren Ziburuko bi axuanta, Isabelle Du Barbier Gorostidi eta Henri Anido, zuhurrago agertu dira.

Marinelako eskola publikoa hetsia da beti, egoitzan lanak ez baitira bururatuak. Horrek burasoen kezka sortzen du, haurrak Sokoara eraman behar dituztelako. Eskolatik metro gutti batzutara Luma haurtzaindegia dago eta horren aldamenean ikastola berria irudikatzen dute burasoek.

Izan ere, lur eremu publikoa izanik egitasmoa gauzatzeko oztopo guztiak ez dira desagertu. Hezkuntzako aferak kudeatzen dituen Du Barbier kontseilariak azaldu duenez, Herriko Etxearen asmoa eskolaren inguruan haurrendako gunea sortzea da. Litekeena da bertan eraikitzea ikastola berria. Agian.

Kostako herri bakarra ikastolarik ez duena
Hendaiatik Baionara, kostako herri bakarra da Ziburu ikastolarik ez duena. Lauzpabost haurrekin bada ere, egitasmoa abian jartzea inportantetzat jo du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. "Ikastola bat emeki-emeki eraikitzen da eta bost urteren buruan ikusiko duzue zein ikastoka polita eta gotorra ukanen dugu Ziburuko Herriko Etxearen proiektuen baitan", adierazi du, baikorki.

Aitzineko urteetan bezala, garapen bidean segituko dute Ipar Euskal Herriko ikastolek, aurten lehen aldiz     3 000 ikasleren kopurua gaindituko dute. Iaz 2 856 ikaslek hasi zuten ikasturtea Seaskako sarean diren 29 ikastoletan. Aurtengo sartzean 2 959 ikasIe ziren eta ekaina aitzin 3060 ikasle izanen dira 30 ikastoletan.

Konduan izanik aitzineko urteetan ideki dituen ikastolak etengabe garatzen ari direla, Ikastola tipiak indartzeko parioa egin du Seaskak. Esaterako, hilaren 22an Itsasuko ikastolako estreinaldia eginen dute.

Bestalde, ondoko asteetan beste hiru urteko hitzarmena izenpetuko dute Seaskako arduradunek eta Frantziako Hezkuntzako Akademia Ikuskaritzak.


Komentarioak

Komentarioa idatzi