Prat auzia dela-eta Paueko jujeari helerazitako gutuna
Maiorga Ramirez Erro (Bilduko parlamentarioa), Bakartxo Ruiz Jaso (Bilduko parlamentarioa), Xabier Lasa Gorraiz (Aralarko parlamentarioa Nafarroa Bai-n) eta Asun Fernandez de Garaialde y Lazcano (Aralarko parlamentarioa Nafarroa Bai-n)
Euskal Herrian egoera berria dago. Urteotako indarkeria egoerari amaiera emateko aukerak zabal-zabalik daude, modu justuan eta demokratikoan. Nazioarteko Aieteko Konferentzian pertsona esanguratsuek, bertako eragile politikoekin eta sozialekin hitz egin ondoren, ekarpen inportantea egin dute. Halaber, ETAk, bere aldetik, borroka armatuaren zikloa bukatzeko erabakia publikoa egin du.
2003an Espainiako Alderdien Legea jarri zen indarrean euskal independentismoa legez kanpo uzteko asmoz. Horren ondorioz euskal independentisten kontrako jazarpen politika abian jarri zuen Espainiako Gobernuak. Horren ondorioz, hainbat erakunde ilegalizatu zituzten. Egoera horretan, Ernesto Prat jazarpen hau ekiditeko, bere bizilekutik kanpo bizitzera behartua egon da baina elkartasuna aurkitu zuen Euskal Herriko beste eskualde batean..
Euskal Herrian bakea eta demokrazia eraikitze bidean ilegalizazio aroari bukaera eman behar zaio lehenbailehen. Oraindik ere, ehunka independentista daude Espainiako kartzeletan jarduera politiko hutsa egiteagatik: Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Egin egunkariko zuzendaria eta zuzendariordea…
Bake eszenatokiak ezinbeste eskatzen du jarduera politikoagatik preso daudenak askatzea eta politika egiteagatik beste inor ez atxilotzea. Bake iraunkorra lortzeko prozesuan aurrera egiteko, denon parte hartze eta konpromisoak beharrezkoak dira, ireki den egoera itxaropentsu hau trinkotzeko.
Tribunal honi arduraz jokatzeko eskatzen diogu. Ildo horretatik Espainiako agintariek ideia politikoen kontra daramaten politikari jarraipenik ez emateko eskatzen dizuegu. Kasu honetan, Ernesto Pratek bere ideia politikoengatik pairatzen duen egoera injustua zuzentzeko neurriak har ditzazun.
















