Udan ere ikasten ahal da !!
Joseba Manterola Iturralde. UEU-ko Ipar Euskal Herriko ordezkaria.
Ikasturtearen bukaeran giroak opor gustua hartzen du gehiengoarentzat. Batzuk planak aspalditik eginak badituzte, beste batzuk aldiz ideia edo gogo berezirik gabe gelditzen dira. Eta bi kategori horien artean badira ikasturtea pitin bat luzatzeko prest azaltzen direnak.
Atsedenaldia hartu baino lehen edo oporretara joan aitzin, oraindik indar pixka bat duten batzuk. Indarra pixka bat baina gogo haundiak, gelditzen zaien zukua ongi baliatzeko. Hauek, udaren hasiera ikasteko baliatzen dute. Haien ezagutzak burutzea dute helburu. Modu ludikoan, giro onean eta euskaldunean bereziki.
Hauek dira Udako Euskal Unibertsitateak, urtero antolatzen dituen udako ikastaroak, aurten 38. edizioa izanen delarik. Eta giro euskaldun edo euskaltzale hori azpimarratzekoa da, euskaraz ematen diren formakuntzak eskaintzea dedikatzen den beste erakunderik ez baita.
Aukera ona beraz, euskaraz bizitzeko edota praktikatzeko gogoa duenarentzat. Horrek indar gehiegirik ez du eskatzen. Udaren hasiera dela ez da ahantzi behar, horregatik opor giroa guztiz ez bada ere, giro lasai eta alaia mantentzen saiatzen da beti eta argi izaten da parte hartzen duen jendearen buruetan, ikasleak nahiz irakasleak, antolatzaileak ahantzi gabe. Jakin-minak duela jendea bultzatzen erran genezake eta izena emateko zalantzak dituenarentzat, beldurrik gabe egiteko errango nioke. Usaian ikastaroa hasi eta berehala zalantzak desagertzen baitira.
Badira ikasitakoa baliagarri izanen dutela dakiten batzuk, lanerako batez ere baina ez baitezpada. Eguneroko bizian zer edo zer praktikan ezartzen ahalko dutela ere. Jakintza elikagai bat da eta pertsona moduan garatzeko balio zaie.
Ikusi, ikasi, entzun, heldu zion kantuak eta horretan gira. Inoiz ez da hain errexa izan ikastea. Hain errex eta hain hurbil !! Hauek dira UEUren ikastaldien ezaugarriak. Publikotik hurbil egotea eta parte hartzeko behar dituen errextasun guziak eskaintzea. Gaia hautatzerakoan aukera ematea eta ateak zabal zabalik ukaitea ikaslegoarentzat. Ikastaroetan parte hartzeko atzematen diren oztopo guziak ezabatzea da erronka.
Eskaintza zabala beraz, lau astez 35 ikastaro eskainiko baitira Baiona, Eibar eta Iruņan, sei sail nagusietan banatuak, gizarte zientzietatik, osasun zientzietara, ingeniaritza, teknologia, artea eta musikatik pasatuz. Gai anitz, publiko mota eta gustu guziei erantzuteko, eta Euskal Herriko hainbat tokitan publikoarekin hurbiltasuna segurtatzeko.
Baionako ikastaroak 2. urterako, IUTean iraganen dira. Ez dut uste toki egokiagorik atzematen ahal zela horretarako eta eskertzekoa da, benetan. Azpiegitura eta baliabideen aldetik dena izanen dugu gure esku eta 38. edizio hori ongi pasatzeko baldintza guziak bilduak dira.
Baionako alde zaharreko kaskoan kokatua den Gaztelu Berrian egonen gira uztailaren 5a eta 9a bitartean eta han elkar ikusiko dugula espero dut !!
Informazio guziak ukaiteko edo izena emateko, http://www.ueu.org gunean sartu. Bestenaz deitu Baionako bulegora 05 59 25 60 56 edo mezu bat bidali iparralde@ueu.org helbidera.














