Luhusoko Harri Xuri kultur gelaren egitarau hurbila

otsaila 3rd, 2012

Luhusoko Harri Xuri kultur gelako datozen bi emanaldiek zirkoa ukanen dute gai nagusitzat. Lehenean, otsailaren 4an larunbatez, Bord de Piste konpainiaren antzeztutako zirko ”Est-ce que tu m’aimes ?” ( Maite al nauzu? ) ikuskizuna proposatuko da 17:00 eta bigarrenean, otsailaren 17an ortziralez 20:30tan Dr Troll-ek magia emanaldi bat eskainiko du.

Larunbat huntan 17:00tan, Poiteau-Charantes eskualdeko Bord de Piste konpainiak antzerkia eta zirkoa uztartzen dituen “Est-ce que tu m’aimes ?” sorkuntza emanen du. Ikuskizunak amodioa ukanen du haritzat. Izan dadin ama baten maitasuna, grinazko amodioa, heterosexuala, homosexuala, haurren artekoa ( … ), amodioa beti zalantzan ezarria da.

Bi aste berantago, otsailaren 17an ortziralez 20:30tan magiak du jendea liluratuko Dr Troll-en emanaldiaren bitartez. Dr Troll izengoititzat duen Baptiste Arnaud-ek karten magiari buruzko hitzaldi historiko absurdoa proposatzen digu. Prehistoriatik geroa arte, erdi aroa eta filosofoen ekarmenak ahantzi gabe goraipatuak izanen dira. Karten izaera garai batetik bestera aldatuko da, prehistorian egurrezko taula haundiak ziren, iraultza industrialaren garaian lantegietako karta ttipiak…

( Harri Xuriren webgunea: www.harrixuri.blogspot.com )

Le Maire ministroa Itsas Lizeoa bisitatu eta arrantzaleen ordezkariekin elkartu da Ziburun

otsaila 3rd, 2012

Laborantza eta Arrantza ministroak etxea du Senperen eta maiz etortzen da Euskal Herrira. Gaur Ziburura etorri da bisitan eta horregatik goizetik ez ohiko CRS hedatzea zen Zokoan. Bruno Le Maire auzoan kokatzen den Itsas Lizeoan izan da, “arrantza, laborantza bezala, geroa duen jarduera dela baieztatzeko gogoz”. Eguerdian, ardi esne ekoizleak, lehenik, eta ondoren ELBko laborariak ministroaren kolaboratzaileekin elkartu dira sektoreak pairatzen duen krisiaz mintzateko. Bestalde, bere iritzia eman du AHTren egitasmoari buruz. Gaurko bisitan anfitrio lanetan aritu den Michele Alliot-Marie ministro ohiaren ildoa segituz, AHTren abantailak kolokan jarri eta egungo trenbideak arramoldatzearen alde azaldu da Le Maire.

Maite UBIRIA / ZIBURU

Bruno Le Mairek Itsas Lizeoan ematen diren formakuntzak hurbiletik ezagutzeko parada ukan du. Ikastetxeko arduradunek gero eta ikasle kopuru handiago duen egoitza erakutsi diote ministroari. Honen esanetan, matrikulazio inportanta horrek ageria uzten du “arrantza gero duen jarduera dela”.

Serge Larzabal, Larzabal Arrantza Batzordeko buruak bisitan hartu du parte. Ministroarekin ezadostasun handirik ez dutela arrantzaleek nabarmendu du. Are, arrantza kuotak direla-eta iazko abenduan izenpetu hitzarmen berriarekin kontent azaldu da.

Izan ere Larzabalen esanetan, “administrazio desmartxak arindu beharko lirateke sektoreak aitzina egin dezan”. Hain zuzen ere Lapurdiko arrantzaleek plantan ezarri nahi duten sasoineko aktibitate bati buruz mintzo da Larzabal kazetarien aitzinean.

Grezian edo Italian bezala, arrantza maite duten jendeei begira itsas ateraldiak antolatzeko nahikeria agertu dute hainbat arrantzalek. Izan ere, “segurtasun arauak zorrotzegiak dira”, omen, eta itsasontzietan moldaketa oso karioak behar dituzte egin arrantzaleek “aktibitate osagarri hori egiteko” .

Arrantza turismoa eta akuikultura

Ministroak “administrazio zama” arintzeko engaiamendua hartu du,” frantzia mailan aitzindaria izanen den arrantza turistikoa Euskal Herrian garatzeko bidean”.

Hortaz gain, sektorear ibegira zonbait helburu orokor aipatu ditu ministroak. Estatu frantsesean kontsumitzen den arrainaren %80a atzerritik datorrela erranez, arrain-haztegiak garatzearen alde azaldu da Le Maire. Izan ere, jasangarritasun aldetik zalantza aski direla aitortu du ministroak.

Akuikultura arrain kopurua handitzeko modua izan daiteke, baina zonbair ikerketeek diotenez “itsasoko bizia agortzetzeko faktorea ere bada”. Besteak beste arrainak elikatzeko sistemari buruz hobekuntzak behar direla eman onartu du ministroak.

Zientzialarien esanetan,  akuikulturaren hedapenak ekosistema osasuntsuak beharko ditu, bai kostaldeetakoak, bai ur gezakoak. Beraz, ingurugiroarekiko industriak duen jokabidea aldatu arte nekez ahalko da akuikultura bere ahalmen osoan garatu.( Xehetasun gehiago akuikulturaren gaiari buruz hemen ).

Le Maireren laguntzaileek laborariak errezibitu dituzte

Laborantza alorrean, ardi esne ekoizleak eta industria arteko desadostasunen berri baduela azaldu du Le Mairek. Egungo liskarrak gainditzeko lan egiteko prest azaldu da. CPLBko ordezkariak ez ditu zuzenki entzun ministroak. Izan ere, bere kolaboratzaileekin elkartu dira esne ekoizleak. Gisa bera, ELB sindikatuo kideek bilera egin dute ministroaren ordezkariekin. Ziburun pasatu diren bilera horietan sektoreak pairatzen duen krisia eta tokiko laborantzaren alde egiten duten apostua baieztatu dute ekoizleek.

Ihauteriak hor dira neguko hotzaren ostean udaberria helduko dela igurikatzeko

otsaila 3rd, 2012

Zirtzilak, kaskarrotak, mairuak, zanpantzar eta gainerako pertsonaiak prest dira gure herriko bazterrak girotzeko. Donibane Garazi edo Donapaleun Santibate ospatzen dute asteburu honetan eta ondorengoan Libertimendua. Uztaritzen, berriz, Hartzaro festibalak iragartzen du ihaauteria edo Donibane-Ziburun Sorgin Gaua. Neguko hotzaren ostean udaberria helduko dela iragartzeko prest gainean da ihauteria.

Amikuze eta Garazin Santibate ospatuko dute ibiakoitz honetan. Zirtzilak herrian zehar ibiliko dira kantuz ahal bezain bat jan eta edatekoren biltzeko eta ondotik gaitzeko pestaren egiteko.

Donapaleu aldeko jendea mozorroturik merkatuko plazara 17:30tan hurbiltzea gonbidaturik da hortik “Santibatek andere…” kantatuz abiatzeko. “Amikuze kantuz” taldearen laguntzarekin herrian ibiliko dira Aldaka gaztetxean arratsa bukatzeko tripota jatearekin.

Garaztarren zazpigarren Santibatea aldiz, ortziral huntan iragaitekoa da. 17:30tik goiti herriko zahar etxea eta ostatuen itzulia eginen dute zirtzilek jan eta edatekoaren eske. Gaualdiak 23:00tan bukatuko du Urkulu peñan tripota jatearekin.

Ihauteria bi kolpetan ospatzen dute eskualde honetan. Hala, otsailaren 12an, Libertimendua izanen da. Donapaulen igande goizean kabalkada izanen da eta ondotik zirtzil, dantzari eta bertsolarien arteko lehia publikoa izanen da plazan. ( Libertimenduko eguerdiko bazkarian parte hartzeko galdegina da lehen bai lehen izen emaitea 05.59.65.62.34 edo 06.81.51.96.83ra deituz).

Garaztarren ihauteria otsailaren 19an iraganen da. 09:30tan kabalkada izanen da herriko karriketan 11:00tan Libertimendu antzerkiak eta bertsoek giroa alaituko dutelarik. Bukatzeko bazkari bat eginen da Lasako gelan oren batak aldera. ( Izen emaiteak 06 14 17 44 97 ( Sandrine ) edo 06 73 42 32 00ra ( Patxi ) egin daitezke).

Hartza jaun eta jabe Uztaritzen

Otsailaren 10tik 21a arte artzaren jeikitzea ospatuko da Uztaritzen Hartzaro festibalaren bitartez. Aurtengo gaia perkuzioak izanen dira. Gomita nagusia Aragoiko Tambores de Teruel taldea izanen da Afrika, Brasil eta bistan dena Euskal Herriko talde ainitzen ondoan.

Asca, Izartxo eta Burrunka konpainiek kudeatutako lau dantza eta musikazko sorkuntza amaturren ikusteko aukera izanen da. Orotara perkusionista, musikari edo dantzari diren 500 artista amatur bilduko dira udaberriaren igurikatzeko. ( Egitarau zehatza eta xehetasun gehiago hemen ).

Ahatik, Hartzaro ez ha ihauteriari loturik Uztaritzen egiten duten ekimen bakarra. Ortziral huntan ( otsailaren 3an ) “Ihauteriak Euskal Herrian eta beste tokietan” lehiaketaren kari egin den pintura erakusketaren estreinaldia eginen da Lapurdi gelan 17:00tan. Ondoren, tindu lanak ikusgai izanen dira herriko komertzioetan otsailaren 10 eta 21aren artean, liburutegian izanen den Sain-Joseph lizeoko ikasleek egindako masken erakusketarekin batera.

Ziburu eta Donibane Lohizune aldean

Ortziral huntan, Arbonako Arantzola gelan, 19:00tan, “Zergatik ihauteriak? Hartza? Maskak? Etxez etxe?” lemapeko mintzaldia animatuko du Benat Zintzo-Garmendiak.

Ziburuko hartza, beraz, Uztaritzen baino pixka bat goizago jatzarriko da. Eta beraz, larunbat arratsalde huntan ( otsailaren 4a ), kaskarrotekin batera, Ziburu eta Donibane Lohizuneko karriketan gaindi ibiliko da.

Ondoren, Donibane Lohizuneko  Ducontenia etxean 18:00tan, Thierry Truffaut antropologoak Prehistoriaren geroztik hartzak kulturan eta pestetan uzten dituen aztarnei buruzko mintzaldi bat animatuko du. Ber egunean, 11:00tan, bainan Baionako Eusko Ikaskuntzan Lapurdiko ihauteri eta neguko ohiturei buruzko hitzaldia eskeiniko du Truffautek.

Otsailaren 10ean, ortziralez urtez urte arrakasta biltzen duen Sorgin Gaua antolatuko du Donibane-Ziburuko Ihauteriak elkarteak. 20:00tik goiti, Zanpantzarren, dantzarien, musikarien, su jaurtitzaileak eta joaldunen gaueko desfilea Ziburuko pilota plazatik abiatuko da eta ondotik, 21:00tan Mutxikoak dantzatzeko aukera izanen da Has bebido txarangak bazterrak alaituko dituelarik.

Biharamunean, Ihauteri Nagusien desfilea 16:00tan hasiko da Ziburuko plazatik. Txarangak, Ziganteak, Momozorroak, Akerra, batukada, apaindutako orgak eta hainbat animazioekin batera, mozorrutako nahi duten guziek desfilean parte hartzen ahalko dute. Zanpantzarren auzia eta erretzea 18:00tann eginen dira Donibane Lohizuneko Louis XIV plazan. Arratsean, 19:00tan Sardina erretegian izanen den zintzur bustitzearan ondotik, 21:00tan Nat eta Watson taldeak animatutako afari bat antolaturik da.

Zanpantzar herri ainitzetan sugarren artean amaituko da. Lehuntzen otsailaren 12an 16:00ko karro desfilearen ondotik, Bardozen eta Garazin otsailaren 18an edo Uztaritzeko Hartzaro festibalean otsailaren 21an adibidez, suan bukatuko bait du.

Baionari dagokionez Gazte Asanbladak du ekimenaren antolaketa eskutan hartzen. Otsailaren 17an, 19:00tan Kalostrape ostatuan hitzordua emanik da marrazki bizidunen gaia duen desfilearen hasteko triki eta bertsolarien laguntzarekin. Gaualdian, ostatuek ateak hetsiko dituztenean Patxoki idekiko da ospakizunak segi dezan.

Baina ihauteria heldu aintzin, Agate eguna da. Hori oroitarazteko ibiakoitz huntan kantuan eta eskean ibiliko dira Hazparnealdean. Iaz Beskoitzeko etxeak animatu ondoren, aurten Heletan ospatuko dute Santa Ageda, otsailak 4an ibiakoitzez.

( Ikusi ere: Ahari Kultur elkarteak euskal ihauteriari buruz eginiko erakusketa. bideoa)

Txus Martini askatasun eskaera ukatu diote bere osasu egoerak txarrera egin badu ere

otsaila 3rd, 2012

Txus Martin 2002ko urtarrilean atxilotu zuten. Estatu Frantziarreko espetxeetan 8 urte igaro ondoren Espainiara eraman zuten. 8 urte hauetan erabat bakartua egoteak eragin zuzena izan du egun duen gaixotasunean. Txus Martinek nahasmen eskizo-afektiboa du, delirio osagarriekin. 2010. urtean bere buruaz beste egiten ere saiatu zen. Bere egoera ez da batere ona. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak fiskaltzak aurkeztu txostenak soilik aintzat hartuta, Martin preso atxikitzea erabaki du.

Txus Martinek hiru prozedura ditu irekita Audientzia Nazionalean. Hiru prozeduretan prebentibo dago, hau da, ez dago sententziarik.

Hiru prozeduratako bitan oraindik ez da epaitua izan; 2011ko urrian prozedura bategatik epaitua izan zen, baina abokatuek ez dute oraindik sententziaren berririk.

Txus Martinen abokatuek hiru prozeduratan askatasun eskaerak tarteratu ziren, Txus Martinen osasun egoera oinarri hartuta. Behin-behineko askatasuna eskatu zen, prebentibo dagoelako.

Etxerat elkarteak azaldu duenez, eskaera egin zenean aipatu zen diagnostikatua duen gaixotasunaren ondorioz ezin dela espetxean egon, horrek bere egoera kaltetzen baitu.

Gainera, eskaeran egun duen gaixotasunaz gain, diagnostikoa ez dela osoa eta ondorioz bestelako gaixotasun bat izan dezakeela gaineratzen zen.

Txus Martinen kasuan behin-behineko espetxealdian egoteko arrazoiak ez direla ematen erantsi zuten abokatuek, arrazoi hauek emanaz: Ez dago ihes egiteko arrazoirik: gaixotasunaren ondorioz etengabe lagundua egon behar du; eta medikazioa kontrolatu behar diote. Ez dago beste delitu bat egiteko arrazoirik: gaixotasunaren eta egungo egoera politikoaren ondorioz ez baitago arriskurik; ez dago ikerketa oztopatuko lukeen neurriak hartzeko arriskurik: hiru prozeduren kasuan 15 urte baino gehiago igaro dira egitatean gertatu zirenetik, eta bestalde ikerketa gauzatzeko aldia amaitua da jada.

Martin behin-behineko espetxaldian dagonez, askatasun eskaerak ebaztea epaituko duen organoari dagokio, hau da, Audientzia Nazionaleko Bigarren Sekzioari erabakia hartzea.

Askatasun eskaerak tarteratu zirenetik, abokatuek zenbait idatzi igorri dizkiete Audientzia Nazionalari, honako hauek adieraziz:

  • Txus Martinen egoerak txarrera egin duela eta medikazioa igo diotela adierazi diete.
  • Diagnostiko integrala izateko eta protokolo medikuek ezarritakoa jarraituz, beharrezkoa den eskanerra gauza dadila eskatu zuten.

Informazioa hau izanda ere, Fiskaltza askatasun eskaeraren aurka agertu da, espetxeko medikuen informeetan oinarrituz. Espetxeko mediku informeek hau islatzen ez dutela salatu dute, are gehiago, espetxeak egindako informeek basauritarraren egoerak hobera egin duela adierazten dutela salatu dute.

Urruñako Ikastolaren aldeko kontzertua ostiral honetan

otsaila 3rd, 2012

Urruñako Ikastolak 106 ikaslekin egin du 2011-12 kurtsoaren sartzea. Urtarrilean sartu berri diren ttikiekin kontatuz, 110 haur izanen dira ikasturtearen amaieran badira hamar urte dozena bat haurrekin abiatu zen eskolan. Ikasleen kopurua handitzeari aurre egiteko lanak burutu berri dituzte. Horiek ordaintzeko hainbat ekimen martxan dira. lehenbiziko hitzordua, gaur, otsailaren 3an, antolatu kontzertuan.

Ikasleen kopurua etengabe emendatuz doa eta horri erantzuteko handitze proiektua plantan emana izan da ikastolan. Laburbildurik, ttikien jolastokia moldatua izan da, jangela handitu da eta egoitza berri bat eraiki dute. Egoitza berri horretan bost ikasgela eta motrizitate gela bat badituzte oraingoan Urruñako haurrek.

Lanak Omiasainduko oporretako bukatuak ziren. Bistan dena, lan horiek ordaintzeak luzerako joko du. Herriko laguntzaileen eta Goierriko ikastolen sostenguari esker, ekitaldi bina antolatuak izan dira. Lehena azaroaren bukaeran iragan da Lapurdiko herrian urtero antolatzen den kantaldia kari, eta bigarrena, Ordizian antolatu dute, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emanaldia eskaini dutelarik.

“Eraikuntzako finantziamendua laguntzeko, hainbat ekintza entsaiatzen gara antolatzen bereziki
burasoen bultzadapean sorturiko besta taldearekin” azaldu dute ikastolarik.

Izan ere, lanen diruztatzea bermatzeko bidean diru iturri gehiago xekatu behar dute burasoek. Udaberriaren denboran oso ekimen berezia antolatzekotan dira… Anartean, otsailaren 3an,
musika-gaualdia bat antolatu dute Urruñan. Lau talde - Unama, Narvalo, Les Hurlements
de Léo eta Xutik- etorriko dira ikastolara sostengua ekartzea xede duen kantaldi honendako.

( Otsailak 3. 20.00etan. Urruñako Pilota plazan, xapito azpian. Sartzea: aitzinetik 10 euro; tokian: 12 euro ).

II. Gaztezulo saria Arnaldo Otegirentzat

otsaila 2nd, 2012

Iragan irailaz geroztik eta abendurarte Gaztezulo.com webguneko Eztabaidagunean sailaren bidez hedabide honen irakurleek proposatutako izen guztien artean, Elgoibarko politikariak jaso ditu boto gehien. Gaztezuloko kideak Elgoibarrera, bere herrira, hurbildu dira Arnaldo Otegiren gertukoen iritzia hartzeko. Ondoren, bere etxera joan dira buruzagi independentistaren aurpegi pribatua gehiago ezagutzera eta  senitartekoen eskuetan garaikurra uztera. ( Hemen bideoa ).

Urte honetan zehar egin duen ekarpena (edozein delarik ere bere alorra) kontuan hartuta, nork merezi du II. Gaztezulo Saria? Horixe luzatutako galdera.

2011ko irailaren 5etik abenduko azken eguneraino, Gaztezulo.com webguneko Eztabaidagunean nahi zuen orok izan zuen aukera bere proposamena egiteko edota besteren batek aldez aurretik egindakoari boto bidez babesa emateko, baita iruzkinak uzteko ere.

Idazle, kirolari, musikari, dantzari, bertsolari eta besteren izen-abizenak izan dira baina, guztien artean, Arnaldo Otegi politikari elgoibartarrak jaso du babesik handiena. Besteak beste, “bakearen alde gizon honek adina” gutxik eman dutela aipatu dute bere alde egin dutenek.Aurreneko aldian bezalaxe, Monica Tort zeramikariak landu du garaikurra eta, hau hartuta, sarituaren herrira abiatu dira Gaztezuloko kideak, Arnaldo Otegiren alderdi ez publikoa gure irakurleei hurbiltzeko asmoz.

“Haren lagun, ezagun eta senitartekoen eskutik jakin dugu gehiago, eta haien eskuetan utzi dugu garaikurra, politikaria etxera itzultzen denean bertan topa dezan” azaldu dute.

Gaztezulo Saria ekimena 2010ean jarri zen martxan, aldizkariaren hamargarren urteurrenaren harira. Lehendabiziko hartan, Gorka Urbizu musikariak jaso zituen boto gehien. ( Hemen bideoa )

Seaska prest da Baxoko azterketak oztopatzeko azterketa hori euskaraz izan dadin lortzeko

otsaila 2nd, 2012

200 lagun inguru bildu dira gaur eguerdian baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko Baionan eginiko elkarretaratzean. Mobilizazioa Seaskak deitu du Bernat Etxepare lizeoko ikasleek emandako urratsa sostengatuz. Iaz bezala aurten ere baxoa euskaraz pasatzeko paradarik ez dute Seaskako lizeotarrek. Mobilizazioan nabarmendu dutenez, frantses legea ez da oztopo, berez frantsesa ez den beste hizkuntza batean azterketak egiteko aukera ematen duelako legeak. Berez, “nahikeria politikoa aski dela” eskubide hori bermatzeko nabarmendu du Seaskak euskalgintzako eragileen presentzian irakurritako agiri batean. Horregatik, Ipar Euskal Herriko ikastolen lehendakaria, Paxkal Indok hauxe iragarri du: “Seaska prest da Baxoako azterketak oztopatzeko, froga hori euskaraz izan dadin”.
Aurten beste behin ere baxoa frantsesez pasatu beharko dute Baionako Etxepare lizeoko ikasleek. Erranak erran, Frantziako Hezkunde Ministeritzak ez diola inolako baliorik eman nahi euskaraz ikasteari salatu du Seaskak.

“Gure ikasleek 2 urtetik 18 urtera dena euskaraz ikasten dute, baina gero frantsesez pasatu behar dituzte Baxoko azterketak” azaldu du elkarteak. Urteak joan urteak etorri deus ez dela aldatzen salatzeko mobilizazioa burutu dute Seaskako ikaslek eta irakaslek eguerdi huntan Baionan.

Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Herrian Euskaraz eta Behatokia mobilizazio hofrri lotu dira deialdiarekin bat eginez. Orotara 200 bat lagun elkartu dira ” Baxoa euskaraz” aldarrikatzden zuen banderolaren aintzinean. Hortas gain “Euskaraz bidi nahi dut” leloarekin afitxak erakutsi dituzte ere.

Mobilizapena Etxepare lizeoan egin dute. Bertako ikasleek taldea antolatu dute baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko eta gaurko elkarretaratzearekin hasita hainbat ekintza eginen dituzte.

Protestan izan dira, besteak beste, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzenzaria, Garbiñe Petriati; Seaskako lehendakaria, Paxkal Indo, eta elkarte bereko zuzendaria, Hur Gorostiaga; Euskal Konfederazioko ordezkaria Sebastien Castet eta Kontseiluaren ordezkaria Ione Josie.

Elkarretaratzearen amaieran agiria irakurri dute. Idatzi horretan nabarmentzen denez, baxoa euskaraz egiteko orduan frantses legea ez da oztopo, berez legeak aurreikusten duelako frantsesa ez den beste hizkuntz batean azterketak egiteko aukera. Beraz, nahikeria kontua baizik ez dela azpimarratu dute.

Elurra kostara heldu da eta barnealdean tenperaturek 14 gradu zero azpira jo dute zonbait tokitan

otsaila 2nd, 2012

Europako ekialdetik etorritako hotza eta elurra giroa Euskal Herrira heldu da. Landa guneetarik kostara negu giroan sartuak gira. Baxe Nafarroan eta Xiberuan, baina baita Lapurdiko kostan ere, mendi kaskoak xuri-xuri dira eta goiz huntan bideetan arazo handirik ez bazen ere, eguerdian egoerak okerrera egin du. Lapurdin, Bidarte eta Hendaia artean elurra ari da etengabe gaur eguerditik. Baionan, ordea, egoera lasaia da. Hotza handia dago, hori bai. Barnealdean 7 eta 14 gradu zero azpira jo dute tenperaturek. Bistan dena San Martin Harrian edo Iratin eginiko neurketak dira. ( Tenperaturak eta eguraldi iragarpenak herriz herri )

Europa ekialdetik etorritako lurra eta hotza giroa Euskal Herrira heldu zaigu. Bazter anitzetan tenperaturek zero azpira jo dute eta zonbait eskualdetan elurra ari du.

Biarritzen 2 gradu zero azpitik markatu du barometroak eta Donibane Garazin -3. Izan ere barnealdeak hautsi ditu marka guztiak. Irati aldera, San Martin Harria aldera.. tenperatura oso baxuak zenbatu dituzte negu garaian oso tenperatura hotzak ohi diren eremu horietan: 7 eta 14 gradu zero azpitik neurtu dira.

Orohar bideak garbia dira hiru lurraldeetan. Sare nagusian aparteko arazorik ez, mementuz. Alta, egunak aurrera joan ahala egoera okerrera jo du. Amikuze aldera, Donapaleun, Baigurako bazterretan… elurra menditik herrira jautsi da eta litekeena da ondoko ordutan bigarren sarean oztopoak izan.

Alerta laranja piztu dute eta kasu egitea gomendaturik da. Autoz joan jinak murrizteko paradarik bada, askoz hobeto.

Izan ere, metereologia zerbitzuen arabera, elurterik ez da espero. Beraz zuhurtziaz jokatzea ongi da baina gehiegi larritu gabe.

Heldu den gauean hotza handia izanen dela oharrarazi dute. Iragarpenak bete ezkero, elurra ez bada izotzak arazo frango sortu ditzake ondoko ordutan Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko errepideetan.

Euskal preso politikoen aldeko bazkaria Donazaharren

otsaila 2nd, 2012

Intza Oxandabaratz, Julen Mujika eta beste euskal preso politikoen aldeko bazkaria izanen da datorren igandean Otsailaren 5ean Donazaharreko gelan. Zintzur bustitzea 12tiko goiti, arratsaldeko 2tan bazkaria Nat eta Watson alaiturik.

Gabonetan desagertu zen Baionako komertsantearen gorpua atzeman dute

otsaila 2nd, 2012

Poliziak baieztatu duenez, gabon gauean desagertu zen baionarra hilik atzeman zuten iragan asteartean. Bere etxetik gertu azaldu da Christophe Irabide komertsantearen gorpua. Autopsiak baieztatu zuenez, gizonak bere buruaz beste egin zuen.

Christophe Irabide abenduaren 25ean goizeko 01:30 inguruan desagertu zen. Haren emazte eta alabarekin afaldu ostean etxetik atera zen. Haren familiak desagertzea salatu zuen berehala Baionako komisaldegian.

Badira bi egunez facebooken bolo-bolo dabilen zoritxarreko albistea baieztatu dute komisaldegian. Poliziak azaldu duenez Baionako komertsantaren gorpua iragan asteartean atzeman zuten. Are, Christophe Irabide hilotza bere etxetik gertu azaldu da. Autopsiak baieztatu duenez gizonak bere buruaz beste egin zuen.