Amaia eta Hasier
Aitor Renteria
Betiereko bikotea dira Amaia eta Hasier. Hilargia eta eguzkia bezala, bata bertzeari darraio eta lipar batez, bat egiten dute ortzian. Biziaren gurpila hozkaz hozka doa aitzina eta hilargiaren desagertzeak egunari utziko dio bide, egunak gauari utzi arte. Horrela etengabean, bizia bizia deino.
Euskal gogoetan, Amaia zerbaiten bukaera da eta Hasier, hasiera. Politikan, Amaia eta Hasier hemafroditak dira.
Aieteko nazioarteko adierazpenari ihardetsiz, ETAk borroka armatua behin betirako uzten zuela adierazi zuen, adierazpenaren lehen puntuari sendo eta zalu ihardetsiz. Agur ETA zioten anitzek horren modan dagoen Twiterean. Ongi etorri aro berria, zioten bertze mezu batzuk.
Alta, horren laua ez delakoan nago. ETAri dagokionez, erakunde horretako azken presoa atera arte, halabeharrez, ETA ez da deseginen. Azken presoa, azken iheslaria, azken deportatua itzuli arte, ETA ez da desagertuko, deseginen balitz ere. Amaia hor egonen da oraindik.
Oraindik Hasierren susmoa baino ez dago. Edozein gatazkari konponbidea emateko, ezin dira soilik ondorioak aztertu. Gatazkaren arrazoiak hor diraueno, ez da deus konpondu, gelditu baizik.
Gizarteak ETAren agiria igurikatzen zuen, laborariak euria gutiziatzen duen bezala idorte betean. ETAren adierazpena bezain interesgarria zen jendearen aurpegia, sentsazioa, hura irakurtzean. Guztia binomioetan eta kolore gamarik gabe irakurtzen ohitua dagoen gizartean, pozaren eta tristuraren arteko hautua egin behar zela zirudien.
Euskal Irratiek egindako elkarrizketa batek nabarmen erakutsi zidan. Gazte baten sentsazioa. Ez zekien nola adierazi barneko sentimendua. Poza ez zen betea, gatazkaren arrazoiak hor daudelako. Bertze aldetik, atsekaberik ez, gatazkaren konponbidean funtsezko urratsa izango delakoan. Kafea isilik hartu, zigarreta pentsakor erre eta hainbat egunkarik geroan ukanen zuten gogoeta zerabilen buruan. Eta orain zer?
Gatazkaren ondorioak aztertu beharko dira, nola ez. Arrazoiak ere bai. Gatazka mendeetakoa dela nabarmendu zuen ETAk agirian. Mendeetakoa delako, konponbideak politikoa behar du eta bi Estatuek dute gakoa. Untsa ulertu dute hori joan den larunbatean Bilboko karrikak txiki utzi zituzten milaka eta milaka manifestariek.
Agiria irakurri ondoren, itzuli txiki bat egin nuen Baionako karriketatik. Pirines ostatua, nola ez, bertan hil baitzuen Galek Baionako gazte bat. Berrikitan bertan babestu zituzten herritarrek lehenik Endika Perez, Europaginduaren mehatxupean zegoen Segiko gaztea, Frantziako poliziak ez zezan atxilotu. Eta handik gutxira Aurore Martin. Nola ahantz Pannecau karrikan izandako atentatuak, GAL, AAA, Batallon Vascoespanol. Ondoko karrikako murruetan ez da ezabatu Joxi, Josean eta Popo Larren gomuta. Jon Anzarekin zer egin duzue galdetzen duen afitxa ez da oraindik higatu. Plazan, agiria egon ala ez, senideek astebururo ehunka kilometrotara dauden presoak bisitatzeko prestaketak egiten dituzte.
Konponbideak, integrala izan beharko du, ondorioak eta arrazoiak kontuan hartuko dituena. Baliteke Estatuek pentsatzea ETAren iragarpenaren ondoren urratsen beharrik ez dagoela. Baina neke da sinestea Kofi Annan, Tony Blair edo Carter bezalako eragileek Estatuen baimena ez izatea Aieteko konferentzia antolatzeko. Gurpila ongi olioztaturik zegoen, Estatuen partetik ere bai.
Aieteko lehen puntua bete da eta orain egiteke gelditzen dira bigarren eta hirugarren puntua. Estatuek haien ekarpena egin beharko dute eta gizarteak berea. Hori bermatzeko egonen da Jarraipen Batzordea. Baina oroz gain, prozesu honetan gizarteak du protagonismoa. Haren esku dago konponbidea inposatzea.
Estatuek berehala egin beharko dituzte larrialdiko urrats batzuk, hala nola eri diren presoak askatzea, Parot dotrina bertan behera uztea, Sorturen legeztatzea. Epe laburrera ere, presoak Euskal Herriratzea, aske uzteko bidean. Baina oroz gain, ondorioei baino, arrazoiei erreparatu beharko diete eta horiei konponbidea eman.
Orduan izanen da Amaia iragan. Orduan Hasier nerabe bihurtuko da, heldu eta gero zahar. Gauzatu ez den ezenatoki demokratikora heltzea du helburu. Orduan Hasier Amaia bihurtuko da, eskaintza politiko guztioak garatzeko eta gauzatzeko bermeak egonen direlarik, baita independentziarena.
Baina orduan bertze Amaia eta Hasier bat egonen dira. Hemafroditak, herri baten nahia geldiezina delako. Denbora baino lehen Hasier Amaia bihurtzea, mendeetako gatazka luzatzea eta gotortzea baino ez litzateke.
Komentarioak
krisetxe
2011-10-30
Xuxena eta ederra. Biba zu Aitor
















- 