Arrosaren (bide) orriak

Aitor Renteria

Argitaratua: 2011-12-14 11:58:46

Neguaren hurbilak ez du arrosaren hostorik inarrosi. Euskal Herrian burutzen ari den prozesu politikoaren berri ez balu bezala zabaltzen ditu hosto berriak edo nik bederen horrela ulertzen dut astelehenean Alain Rousset Akitaniako Presidenteak eta Patxi Lopez EAEko Lehendakariak Gasteizen izenpetu duten akordioa. Akitania-Euskadi Euro-eskualdeko Asanbladaren osaketa egin dute akordio horren bidez. Lehen bi urteetan Rousset izanen da egitura horren buruan eta egoitza Hendaian ukanen du. Euro-eskualdeak duen nazioarteko aitortza politikoa nabarmendu dute bi sozialistek, Rousset eta Lopezek.

Maialen Lujanbiok Euskal Herriko bertso txapelketaren finalean utzitako ale batzuk jin zaizkit burura nahi gabean. Euskal Herria euskaraz eta euskaratik eraikitzeko gutizia azaldu zuen Lujanbiok. Euskaldunen meza handi hartatik aparte, Gasteizera eta Bordelera begira, horrela ez delakoan nago. Lehenik eta behin, bi ordezkarietako bat ez delako euskalduna, Akitaniarra baizik. Akitaniar nortasunik existituko baldin balitz, ez litzateke euskalduna, hori argi.

Funtsean “bodeville” arraberritu bat baino ez da, Ipar Euskal Herria ordezkatuko duen erakundeak edo politikariak ez dituelako Ipar Euskal Herriko interesak ordezkatzen, Akitaniarenak baizik. No man land's eternala da Ipar Euskal Herria. Sorginak bezala, ez da existitzen baina hor dago, itzaletik gauza absurdoak eraginez.

Zeinen nortasunaren arabera egiten da ba naturala ez den Euro-eskualde hori? Ipar Euskal Herriaren aitortza politiko ezak behartzen du Frantzia zirkoko bihurrikatzailearenak egitera. Izan ere, erakunde ofizialek izenpetzen dituzte nazioarteko akordioak eta Frantziaren administrazioaren arabera, Akitaniaren eskumena da hori.

Ipar Euskal Herriaren nortasuna garatu eta haren interesen alde egindako urrats garrantzitsua dela azpimarratu dute sozialistek. Hendaiak ez du kulturalki edo historikoki administrazio izaerarik, baina “nazioarteko” interesek Euro-eskualde horren bihotz administratiboa bihurtu dute, nehork gutxik sinetsi arren.

Ulergarriagoa litzateke Baionan kokatzea egoitza, baina horrek kutsu “historiko” jasanezina eman ziezaiokeen. Zangomotz sortzen da akordioa, Euskal Herri osoaren interesetan egindako urratsa balitz Nafarroa falta delako. Zangomotz, Nafarroari atea ez ixteko “bertze eskualde batzuk” sar daitezkeela diolako akordioak, Biarnoa, Landak, Aragoia edo nor debru izan daitekeen zehaztu gabe. Zangomotz euskaltasunaren inguruan sortzen delako, euskaltasuna ekidinez. Zangomotz bertako biztanleek ez dutelako horrelakorik erabaki. Zangomotz, bertako biztanleei izena ematea ezinezkoa delako nire burmuin mugatuak.

Basko-Espańol edo frantses-euskalduna kontzeptuak ezagutzen ditut tamalez, baina basko-akitanoa urruti xamar gelditzen zait. Ez dut uste behialako Euskal Herri hura dutenik buruan akordioaren bultzatzaileek. Kolonialista izpiritutik urruti gabiltza, eta ordezkaritzari dagokionez ere, zangomotz sortzen da. Bi aldeetan sozialistek gobernatzen dute. Alta, ez han eta ez hemen, sozialistak ez dira nagusi. Ezker abertzalea legez kanpo uztearen ondorioz bihurtu zen lehendakari Lopez eta egoera hori ez da oraindik zuzendu. Ipar Euskal Herrian eskuin-zentroa da nagusi eta Akitania hautes-barrutia izanak itxuraldatzen du argazkia.

Sozialistek gerri politiko ona dute eta horrela frogatu zuten joan den larunbatean Baionan egindako manifestazio jendetsuan. Lau mila lagunetik gora bildu ziren konponbide politikoa eskatzeko eta horien artean nabarmena izan zen buruzagi sozialisten presentzia. Bertan izan ziren Marie Christine Aragon, Kotte Ezenarro, Frantxua Matia, Pierre Cheret eta Frederique Espagnac. Azken hau, Frantziako senatari eta ondorioz legegile, babes osoa eskaini zion Aurore Martini euroagindua dela eta.

Paradoxen herria da Euskal Herria. Legegileek euroagindua onartzen dute eta ondoren, haren ondorioek eragiten dizkiete kezkak. Lehen Borotrari, orain Espagnac-i. Hauteskunde garaian egindako urratsak izan daitezke eta 80ko hamarkadan Mitterrandi bezala ahantz dakizkioke Hollande-ri hartutako engaiamenduak. Baina arrazoiak arrazoi, urratsak dira. Hostoz hosto, konponbidearen (bide) orria zabaltzeko garaia da.


Komentarioak

Komentarioa idatzi