Bai baina ez, ez baina bai

Aitor Renteria

Argitaratua: 2009-02-24 17:53:40

Icaroren antzera dira Ipar Euskal Herriko hautetsi handiak. Handiak diot, ez karguaren garrantziarengatik, herriaren iritzia kontuan hartu gabe erabakitzen dutelako baizik. Botere handia da hori.

Icarok bezala, Frantziako eguzki handiruntz egin zuten hegan eztabaida publikoaren garaian. Entzungor. Ez zuten entzun nahi Estatuak aurkezten zituen kopuruak faltsuak zirela, ibiltzen ez ziren 30 tren zenbatzen zituztela egunero, iragartzen zuten salgien kopurua puztua zegoela. Eta gainera funtsezko argudioa zeukan Frantziak: ezer egin ezean, 2020an saturaziora helduko zela oraingo trenbidea. Suitzako adituek frogatu zuten deus ez zela egia, baina haiei trufa eginez ihardetsi zuten Merkatal Ganbararen inguruko interedunek. AHT bide berrien aldeko parioa egin zuen Frantziak eztabaida hasi aurretik, eta Frantzia ezin da tronpatu.

Alta, tronpatu dituztela ikusi dute hautetsiek, ibilbidea ezagutu aitzin, geltokirik ukanen duten edo ez jakin aitzin, eskua sakelera sartu eta ordaintzea eskatu dietelarik. Eta ez poxi bat… BAMek, adibidez, 64 milioi ordaindu beharko lituzte. Lituzke, izan ere 64 milioi horiek, nahiz eta orain bozkatu, 2006ko balioan kalkulatu dituelako RFFk. Lotsarik gabe erraten dute orain gehiago litzaketeela eta dudarik gabe, Lapurdiko AHT egiten delarik, 2020a aldera, arras gehiago izanen dela. Geroa hipotekatu behar dutela ikusi dute.

Hautetsien larrialdia iratzarri du moltsak. Icarok beldurra hartu dio Frantziako eguzkiari, ikusten du erreko dela bertan. Baina ongizatearen doktrinan elikatu da icaro eta lurreratzeko zailtasunak ditu, sabela pisu eta zangoak motzegi. Ui, ui, uika ari da, beldurrez, lurra jotzearen beldur.

Lurraren kontrako talka ekiditeko eta eguzkiaren erredura saihesteko, Bai baina Ez, erantzun du Grenetek. Bai, Tours eta Bordele arteko atala ordainduko dute, baina ez, ez dute oraindik ordainduko Bordele eta Hendaia arteko atala. Ez bederen ibilbidea eta geltokia eginen ote den jakin arte.

Bai baina ez hori, ez baina bai bihur daiteke. Ongi dakite hori hautetsiek. Ingurumenaren aldeko elkarte eta gizarte zabalaren presioak eragin dezake ez hori, betirako eza bihurtzea. Baina ez dago hori hautetsien belarri artean.

Egalite:

Krisiak eta AHTren finantzamendua burmuinak inarrosten duten unean, bertze elementu batek bereganatu du errealitatea baimenik eskatu gabe, ekaitzak. Haize ufadek sekulako desmasiak eragin dituzte Euskal Herrian, bereziki Lapurdin. Alta, hainbat dira EEPrekin euskararen aldeko hizkuntza politika “ausarta” izenpetu duten herriak. Guztiak herritarren eta agintarien borondate onean, askatasunean, oinarriturik.

Ekaitzak bere tokian utzi ditu gauzak. Baionako auzapez eta diputatu ponpoxak agiri bat zabaldu zuen herritarren artean, ekaitzari buru egiteko. Hainbat neurri hartu zituen eta herritarrei aholkatu ekaitzaren berri ukaiteko France Bleu entzun zezatela

Bakoitzak nahi duena entzun eta irakur dezake, bertzerik ez zen falta. Baina nola onar daiteke Erakunde Publiko batek informazioa hedabide bakar bati bideratzea? Euskaldunok ez ote dugu eskubiderik informazioa nahi dugun hedabidean lortzeko eta bereziki, gure hizkuntzan?

Ekaitzak argi erakutsi du ezetz. Egalite ez da berdintasuna. Denak berdinak gara eskubidez, baina soilik Frantziaren meneko bihurtuz. Hortik kanpo dauden xenderetan ibili nahi dugunok, aski dugu debruillatzea. Euskarak bulegoetako mahaiak “euskara badakigu” txarteltxoekin apaintzeko balio du, baina bizia arriskuan dagoenean, legea lege eta egalite.. denentzako.


Komentarioak

Komentarioa idatzi