Filosofiaz hartu

Aitor Renteria

Argitaratua: 2011-06-08 18:06:56

“Filosofiaz har zazu” erraiten omen da norbaiti egonarria edo pazientzia aholkatzen zaiolarik. Baxoa ate joka dagoen une honetan, azterketa filosofiaz harteko aholkatu beharko zaie euskaraz ikasten duten ikasleei. Euskal Herriko hezkuntza sistemarik ez dago eta eskubideen izenean frantsesez egiten da Baxoa. Halabeharrez baina doi bat eskuzabal. Historia-geografia azterketa euskaraz egitea onartzen baitu Frantziako Hezkuntza ministerioak. Baina lehen azterketa, filosofia, frantsesez burutu beharko dute ekainaren 16an.

Jakintzaren hausnarketa, arrazoien antolaketa, etengabeko erantzunak bilatzen dituen zientzia omen da filosofia, munduaren interpretazioa egiteko bide arrazionala den heinean. Eta hara! Jakintza horren interpretazioa egiteko bide bakarra eskaintzen du Frantziak, frantsesa.

Alperrik azalduko die euskaldun batek gorringoa jaune edo amarillo izan daitekeela. Alperrik erran mutxurdinaren biloak urdinak direla, bleu edo azul diratekeen bezala. Alperrik erraitea ubelak, beleak, beltzak edo belarrak erro bera dutela, kolore beltza alegia. Munduaren interpretazioa gordetzen da hizkuntzan eta itsasoa urdina dela ikasi duen ikasleak, ez dezala gogoetatu itsasoaren coloreaz. Edo gogoetatzen badu, bertzeen aitzinean ez dezala erran itsasoa bare delarik berde izan daitekeenik, haserre delarik txuri edo grisa eta ekaitzaren ondoren marroi. Hamaika ikusteko sortu ginela uste duten ikasleek, ez dezatela hamaika infinitoa dela erran. Ez bederen Frantziaren begiekin egindako filosofia azterketan.

Euskararen aldeko urrats anitz egin dira, ustez, Ipar Euskal Herrian. Baina errepublikako zaldun beltzak ez daude lo. Ustekabean, kolegioko azken urtean egiten den Brebeta frantsesez egin beharko zela erran zuen iaz Paueko Akademia Ikuskariak. Noiz eta azterketa egin baino hilabete lehenago. Azkenean gibelera egin zuen, zetorren oldarraldia ikusirik.

Euskara ekaia bailitzan kudeatzen duen Euskararen Erakunde Publikoaren eskuetara heldu da gaia. Eta lehen Max Brisson presidente ohiak bezala, Frantxua Maitia presidente berriak ere azterketen gaia “zuzendu” behar dela dio. Baina kargua hartu bezain laster jakinarazi du Maitiak hori ez dela aurten “zuzenduko”. Arrazoiak? Zaharrak berri. Hezkuntza munduko sindikatu eta funtzionarioen indar handia eta jarrera ezkorra, Frantzia mailan ikasle guztien arteko berdintasun irizpidea atxikitzen duen azterketa dela edo zergatik ez, Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa dela dioen konstituzioko bigarren artikulua.

Frantziaren borondate ona ikusi nahi dutenen begietara, Sarkozyren gobernuak urrats handia egin zuen iaz, herri hizkuntzak konstituzioko 75.1 artikuluan kokatuz. “Frantziako ondare” balioa aitortu die. Baina ametsak hutsik dakar sabela. Konstituzioko aipamenak hizkuntza eskubiderik ez duela sortzen jakinarazi zuen maiatzean Frantziako Konstituzio Kontseiluak. Hortik aitzina, kukurruku handiz goraipatzen duten hizkuntza politikari itsasoari bezala begiratu behar zaio eta urdina dela aitortu.

Urdina Frantziaren kolore delako, baina grisa, marroia, berdea edo bluia, edozein auzitegik legez kanpo utz ditzakeelako denmendreneko urratsak, bide seinale elebidunak edo eskola elebiduna bera. Aldeko eta kontrako, egoera aldatzen ez duten egoerari buruzko eztabaida luzeetan murgiltzen dira diputatuak.

Lege xedea zioten batzuek, lege proposamena diote bertzeek. Hurrup eta klik! Ez dago deus eskubideen edalontzian.

Eta zurrinbiloa ez gelditzeko esperantzak daude. Bat ezean, herri hizkuntzen aldeko bi lege proposamen aurkeztu dituzte diputatu batzuek Frantziako parlamentuan. Eta euskaldunentzat urtuta dagoen proposamen horretan kolore gorriegia ikusten duten senatariei lasaitasuna emateko, horira pasatzeko arramoldaketa egin diote, ekainaren 30ean eztabaida dezaten Frantziako senatuan.

Ekainaren 16an, ordea, ikasleak filosofia azterketa egitera joanen dira. Gertu edo hurbil dago data. Ikasleek gerturik edo prest daukate odola erronka horri ekiteko. Baina ez dute lortuko euskarazko gertu hori, prest edo hurbil izan daitekeena, certes edo cierto bihurtzea. Oroituko dira, bertze hainbatek orain artean egin duten bezala, azterketa euskaraz egiteko eskubidea eskatu ziotela Bordeleko Errektoretzari eta Frantziako Hezkuntzari. Ez zuten erantzunik ukan. Beraz, burua makurtu, axota hartu eskuan eta filosofiaz lotu filosofiari. Koloreak bezala, Frantziaren borondatea ere interpretatu behar delako.


Komentarioak

icon

ni

2011-06-08

Ona

icon

Haritz

2011-06-15

bikaina

icon

Mixel Aduriz

2011-06-16

Arrazoi osoa duk, Aitor. Urteak joan eta urteak jin eta euskaldunok beti berdin, frantsesen kolonizazioaren menpe.
Baxoa frantsesez egin beharra lotsagarria izateaz gain, klonizazio horren isla zuzena duk.
Segi aitzina hire luma ederraz!

icon

Allande E.

2011-06-16

Bai, gogoeta bikaina.

Komentarioa idatzi