Hamaika lanpostu, hamaika galdera
Aitor Renteria
Frantziako Hezkuntzak agiri baten bidez jakinarazi du Seaskarekin akordio bat erdietsi duela. Horren arabera, hiru urtean hamaika irakasle gehiago emanen dizkio Seaskari. Horrez gain, “hizkuntza politika hobe burutzeko” Euskararen Erakunde Publikoari 120.000 euro gehiago emanen dizkio urtean. Akordioa indarrean sartzeko, Seaskako Ikastolen Kontseiluak berretsi behar du lehenik.
Lehen mailan hamaika irakasle gehiago izatea urratsa da, zalantzarik gabe. Ez bekigu ahantz ezin jasanezko egoera baten ondorioa dela akordioa. Frantziako Hezkuntzak beregain hartzen ez zituen 14 irakasle postu sakeletik ordaintzen zituen Seaskak. Ikuspuntu horretatik ikusita, zorretan dago oraindik Frantzia. Lehen urratsean hamaika lanpostu gehiago. Poza arrenguraz janzteko arrazoia ere badago.
Izan ere, bi urteko negoziaketen emaitza da. Ibilbidea bihurria izan da. Iazko udaberrian ahozko akordioa lortu zuela iragarri zuen Seaskak. Irailean, aldiz, Frantziako Hezkuntzak hitza jan zuela jakinarazi zuen. Geroztik mobilizazioak izan dira eta nola ez, EEPren bitartekaritzaz, korapiloa doi bat askatu da. Noski, ez da osoki askatu, baina bai hein batean.
Hamaika irakasle, hamaika galdera. Lehenik eta behin, hiru urteko epean lortuko direlako. Seaskak ez du azaldu oraindik zein den akordioaren mamia eta ezin argitu beraz epe horren arrazoia. Ezin jakin, gisa berean, zeinek ordainduko dituen errealitatean lanean ari diren irakasleak. Seaskak ordaintzen baditu pozerako arrazoiak doi bat epeltzen direla erratea ez litzateke sobera.
Erraten direnak bezainbat balio dute erraten ez direnak. Seaskak gutiziatzen zuen akordioa anitzez ere zabalagoa zen. Arazo guztiak mahai gainean jarri eta puntuz puntu erantzunak ematea eskatzen zuen. Alta, akordioan bigarren mailari buruzko hitz pilik ez da agertzen. Irakasleak kontratatzeko metodologia finkatzea bazen helburua, herren sortzen da akordioa.
Paxkal Indo Seaskako Lehendakariak dioen bezala murgiltze eredua egiazki euskalduntzen duen eredu bakarra bada, lurraldetasunaren ikuspegia funtsezkoa da. Hurbiltasuna premia da eta ikastolen kartari so eginez, argi dago ez dela nahikoa. Baina Frantziako legeak erakunde publikoei debekatu egiten die egoitzen eraikuntza edo arraberritzea diruz laguntzea. Lizeo bakar batek asetzen ote du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan murgiltzen ereduaren beharra? Ez ote du Brisson berak onartzen eskaintzak eskaria sortzen duela?
Eredu publikoan egia bada, murgiltze ereduan ere egia izanen da eta pentsa daiteke murgiltze ereduaren eskaintza zabalduko balitz, egiazko beharrei ihardetsiko balie, ukaezinezko eragina lukeela euskararen aldeko hizkuntza politikan. Arazo hori hor egonen da konpondu arte. Seaska laguntzeak borondate “ona” erakusten badu, hedapena sustatzeko erabakirik ez hartzeak ere borondatea erakusten du, baina bertze norabidean, erabat. Frantziak ez du euskararen normalizazioa burutzeko borondate politikorik.
Zentzuzkoa dirudi ikasle batek azterketak bere hizkuntzan egin ahal izatea. Alta, Seaskako ikasleek euskaraz ikasi eta frantsesez burutu behar dute baxoa. Ikasle guztiei eskubide berak aitortzen bazaizkie, zergatik hori? Zer gertatuko litzateke ikasketak eredu elebidunean burutu dituzten ikasleei inposatuko bagenie baxoa euskaraz egitea? Nehork gutxik gaindituko luke. Horrek berak erakusten du sistema osoaren ahulezia.
Baina eskubidea denez galdera pausatu behar da, aldarrikatu behar da eta sendo. Zaurian hatzamarra sartzea da eta EEPk badaki hor dagoela arazoa. Ikasleak baxoa euskaraz gainditzeko gai ez direno, Frantziako Hezkuntza sistemak ez du sinesgarritasunik ukanen. “Borondate onean” oinarritutako EEPren politikak egiazko froga hori gainditu behar du. Ereduaren garapena burutzen ari dela dio. Baliteke. Ordea, zenbat denbora beharko du hori bermatzeko? Mende erdia? Osoa? Euskara hori pairatzeko egoeran ote dago?
Bertze adibide adierazgarri bat ere badago, iragarritako akordio horretan. Mahaian egon direnei so egin dezagun. Seaska eta Frantziako Hezkuntzaz gain, Bordeleko Akademia eta EEP bera egon dira. Seaska eta Frantziako Hezkuntzaren artean bitartekari lana burutzea zen EEPren eginkizuna. Baina botere publikoek berek osatzen dute EEP, Frantzia barne. Ararteko edo bitartekaritza bitxiak hautatzen ditu Frantziak.
Negoziaketa guztietan bezala, agerikoa bezain garrantzitsua da gorderik dagoena. Ikastolen kontseiluak hautatu beharko du orain akordioa berretsi edo ez. Ikastola, guraso, irakasle eta langile gehienek egun hauetan ezagutuko dute akordioaren mamia, zein izan diren zailtasunak, zertan eman duen amore Seaskak.
Onartu edo ez, Seaskak ongi daki zein diren zailtasunak eta kontuan hartu beharko ditu murgiltze eredu osoaren beharrak. EEPri botatako politesiazko “loreak” ulergarriak dira arantzaz beteriko egoerak gogorarazten zaizkion ber. Urrats batek ez du bidea egiten.














