Hitzetatik dilingo

Aitor Renteria

Argitaratua: 2010-12-08 17:13:04

Hitza hitz dio erran zaharrak. Emandako hitzak balio sakratua duke. Alta, abiadura handiko gizartean, interneten zirimolan hedatzen diren kontzeptuak ulertzeko bat-bateko ezinak eragiten dituzte hitzek. Batetik emandako hitza ezagutzan, jabetzan oinarritzen delako, eta bertze alde batetik kanpotik heldu zaigulako, euri jasa itogarriak bezala, deplauki.

Berlineko harresia erori zenetik, kapitalismoak ez omen du etsairik mundu zabalean eta neoliberalismoaren kontzeptuak, eta haren kontrako xedeak, ideia berri gisa heldu zaizkigu, hausnartzeko denborarik eman gabe. Gaixo itzultzaileak.

Egia erran, zalantzak ukan ditut itzultzaile edo traduktore deitzeko. Etimologiari behakoa emanez, traduktore hitza traditoretik datorrelako, traizioari halabeharraren zilegitasuna emanez. Menturaz hori dateke tipia handiaren heinean ezartzeko bidesaria. Adibide xume batetik ikuspegi orokorragora abiatu nahi nuke, bidean deus konpontzeko ametsik gabe.

Gure neurona higatuei inarrosaldia ematea dateke, bertzerik gabe, xede nagusia. Gogoan dut azaro erditsutan Maulen egindako bertso jaza gaualdia. Herriko Etxeak, dirua bazuela eta, bat-bateko itzulpena egiteko parada eman zuen. Kaskoen bidez, bertso saioa frantsesera itzuli zuten. Ongia eta gaizkiaren arteko gudura eramaten gaitu hezkuntza judukristauak.

Ateoa izanagatik, ezin ihes egin tentaldi horri. Noiz legoke ongi eta noiz gaizki? Berria osoki frantsesera edo gaztelera itzuliko bagenu, gaizki ? Edo zuzen, erdaraz idatzi zabalagoa izateko ? Bertso saioaren adibidera itzulirik, lehenik eta behin, euskal herritar guztiek euskaraz mintzatzeko gaitasuna bagenu auzia ez litzateke horren minbera. Hizkuntzaren egoera hauskorra delako, borondate politiko batek edo bik, desagertzeko zorian ezarri dutelako pausatzen da arazoa den bezain gordin. Hori da beraz abiapuntua, gure ahulezia.

Bertso saioa itzultzearen funtzioa eta interesa zein diren galdetzen diot nire buruari. Kanpotarrei gure hizkuntzaren edertasunaren berri ematea ? Euskal herritar ez euskaldunei euskaldunengana hurbiltzeko parada ematea ? Ez dut erantzunik eta aitortzen dut kasu horretan hizkuntzaren kalitatea dela gutxien axola zaidana. Funtzioak, ordea, oilo ipurdia eragiten dit.

Bertze kasu batzutan, aldiz, itzulpenaren itxurazko zuzentasunak trenputxartzen nau, kontzeptu arrotzak barneratzen dizkigulako, gure hizkuntzan, gure kosmologian bertze interpretaziorik dagokeen pentsatzeko astirik utzi gabe. Igogailu hitza, adibidez. Gora zein behera joateko balio badu ere, auzoen hizkuntzan izen hori eman diote, eta gu euskaldunok, itsu itsuan gibeletik.

Kontzeptu ideologiko sakonagoek, ordea, burukomin edo samin sakonagoa eragiten didate. Descroissance, edo relocalisation kontzeptuak ahoz aho dabiltza mundu zabalean. Euskarara nola itzuli, gure arima saldu gabe ? Lehen bidea klasikoa litzateke. Hitzari ezkutuan datxekion zama ideologikoari garrantzirik eman ez eta hala-hola moldatzea estutasuna gainditzeko. Batetik des, bertzetik hazkuntza. Deshazkuntza ? Hori ez delakoan nago. Hazkuntza negatiboa? Bertze zerbait dela diote ekonomialariek. Hazkuntza doitu, egokitu ? Baliteke, baina hizkuntzalariek ez dute hori onartuko, politikoegia, ezkertiarregia delako. Funtsean, sakoneko arazo ideologikoen aitzinean gaudelarik, ihes egiten diotelako horri, anitzetan bertze aldera makurtuz.

Mundu bakarra daukagu baina hiru edo lau balira bezala kontsumitzen dugu. Badakigu hazkuntzan oinarritzen den sistema ekonomikoa errealitate horri egokitu behar zaiola. Pobretu hitzak beldurra eraginen luke. Apaltzeak berdin. Eta euskaldunok badakigu hazkuntza apaldu daitekeela, baina tipitzea ez dela haztea. Igogailuaren adibidea aterabide ? Relocalisation hitzarekin arazo bera genuke. Birkokatu ? Arrajin ? Bertaratu ? Mila bide nahietara hurbiltzeko, baina guztiak kanpotik barnerako ikuspegian eginak. Eta nik erantzunik ez.

Bertze garai bateko aldarriak jin zaizkit burura. 80ko hamarkadan herrietako murruak betetzen zintuzten tindaketak, adibidez. Herrian bizi, herrian lana, herriak bizi behar du. Edo ama lurra zain dezagun. Orduan ez zegoen developpement durable edo horrelako kontzepturik, eztabaida ez zen garapen iraunkor edo jasangarriaren artean kokatzen. Baina zeinek erranen luke Ama lurra zain dezagun aldarria ez dela inoiz baino garaikideagoa ? Instituzioen traizioa, barka, tradukzioa burutu aitzin, ezkerra ezkerra baldin bada eta euskaldunok munduari gure ikuspegia edo interpretazioa zor badiogu, itzulpengintzari zorrotzago ekin beharko diogu. Euskaraz pentsaturik eta gure begiradetan oinarriturik.

Norbaitek zalantzarik balu, saia bedi herri salatari kontzeptua itzultzen erdarara. Haien kontzeptua, beldurgarria haren arroztasunean. Edo arrotzkerian?


Komentarioak

icon

bertsuzalea

2010-12-09

errotik ados nauk hirekin txato bertsoak ez dik itzuli behar.
gainera zertara gan saio batera ez badugu entelegatzen.
Izan gaiten gure buruaren jabe bertzenaz aski diau frantsezez bertsutan aritzea.
Itzultzea hizkuntza hiltzea duk nahi ala ez.
errotik ados nauk.

icon

TXOMIN OLHAGARAI

2010-12-09

Itzultzea ez da beti kalterako, onuragarria ere izaiten ahal da, baina mintzaira baten ukazioaren eta ordezkapenaren sinonimo delarik, orduan biziki kaltegarria da. Eta aipatzen den kasu horretan itzulpenak euskararen heriotza dakar. Kolonizazioaren azken urratsa, azken finean.

icon

Maitena

2010-12-10

Berrian idatzi iritzi artikulu batean, Mauleko saioan burutu itzulpena goratzen zuen Allande Etxart Xiberoako Euskaraz Bai elkarte buruak. Bertan esplikatzen zuenaz, horri esker euskara ez dakitenei edo ikasten ari direnei ulertzeko aukera ematen zitzaien.

Euskara ez dakiena AEKra bideratu beharko litzateke nik uste, eta dena ulertu ez duen AEKako ikasleak, be ez, ez zuen dena ulertuko, baina, AEKan segituz pixkanaka-pixkanaka gehiago ulertuko luke. Itzulpena ematen bazaio ez du indarrik egin beharrik. Dena emana zaio. Ez da aitzinatuko. Bertso-saio batean dena harrapatzen ez badu ere, zerbait sartuko zitzaion, hitz berria entzungo zituen, espresio berriak, ondoko lagunari galdetuko zion ezin-ulertu hori esplikatzeko...

Baina Allanderen esplikazioa urrunago zoan. 150 ikusle "bakarrik" omen ziren (zinez guti dea bertso saio batentzat?) eta horietako batek hala erran omen zion : "Ontsa zian, baina erdia ere ez diat ulertu!" . Xiberotar horren arazoari hola erantzuten dio Allandek "beharbada, itzulpena izan balu gehiago ulertuko zukeen..."! Harrigarria bezain penagarria.

Euskaldunen artean elkar ulertzeko ere frantsesez edo espainolez aritu behar girea? hori dea gure hizkunza proiektua? euskara salbatzeko gure metodoa?

guhaur ari gira euskara kondenatzen!

icon

Jüje Bühamea

2010-12-10

Maitena eta Ximun O.-ri
Ez düt üste Allande Etxart kolonizatzaileen alde denik. Gizon eta eüskaldün handia da, eüskararen eta Eüskal Herriaren aldeko langile süharra. Haren eletan arrazuren bat izanen da.

icon

bertsuzalea

2010-12-10

Allende Etxart gizon haundi bat dela ez dut nehungo dudarik.Gainera aspalditik ezagutzen dut ta badakit zuberoarentzat ta herri osoarentzat zer lanak egin dituen ez dut duda izpirik.Gainera bere izena hola erabiltzea ere ez dut onatzen,zeren dudarik gabe gizon handi bat da.
Ni alere nerean nago ITZULTZEN DEN IZKUNTZA HILTZEN DA Nik Txatoren artikulua dut sustatzen,segur naiz Allendek ere bai.
Bihotzez agur allende!

icon

Ximun eta Maitena

2010-12-12

2 gauza :

-goikoa ez zen Allande Etxartek daraman lanari buruz kritika. Ez dakit zer lan daraman eta beraz, ez naiz gai ona edo txarra den errateko. Aldiz, Berrian idatzi zuen iritzi artikulua irakurri nuen eta ez zitzaidan gustatu. Bere erraner doakie kritika, ez ekintzei.

-Bertsuzaleari. Allande Etxartek bere izena agertuz publikoki iritzi bat plazaratzea erabaki du. Horregatik, ez zait kritika zuzena iruditzen "bere izena erabiltzearena". Kritikatzekotan nik nire izena ez agertu izana kritika liteke eta onartrzen dut, kritikagarria da.

Anekdotarentzat. Iruzkinak uztean "bug" bat bezela gertatzen da. Ematen du "ez [dela] egilerik". horregatik agertzen da iruzkin berdina 2 izenekin. Batekin onartu ez eta beste batekin entxeatu nintzelako.

Jainkoak barka nazala

icon

bitxikeria

2010-12-14

Nolaz ez da halako polemika, itzulepena BEC-en egiten delarik ? Han normala da eta Xiberoan ez ?
Eni ere min egiten daut bertso bat itzulia izaitea, hizkuntzaren egoera kezkagarria isladatzen baitu.
Baina zendako ez kritikatu Euskal Herriko Bertso txapelketaren finala eta bai Maulen pasatutakoa ?
Beti bezala gauza ttipiak jotzen ta handiak goresten (alta ber gauza egiten delarik...) !

icon

Ximun eta Maitena

2010-12-15

Jainkoak egun on, Bitxikeria,

EZ da bate berdina ez!
BECen itzulpena egin zen, baina atzerritik jiniko inprobisatzaile edo adituentzat.

duela zonbait urte topaketa batzuk egin ziren munduan zehar inprobisatzen aritzen diren artista ezberdinekin (Kubatik, Sardenatik,... leku anitzetatik jin ziren.)
etorri zirenean haien inprobisazioak euskarara itzultzen ziren, minimoki uler zedin ziotena.
Baina dudarik ez da apreziatuenak latino ameriketatik jindakoak izan zirela, itzulpenik gabe, ziotena (eta zioten moduan) ulertzeko parada bazelako. Geroztik behin baino gehiagotan entzun dugu Kubakoek zerabilten "Seguidilla".

Geroztik kontaktuak atxiki dira eta BECen egin ziren itzulpenak horientzako ziren. Ez zen deneri proposatua zen zerbait. Ez zen nehor aritu sartzean euskara ulertzen ez zuenari kaskoak eskaintzen. Saroi Jauregi ez zen aritu mikrotik galdezka ea norbaitek itzulpenik nahi zuen.
Maulekoan aldiz, tronpatzen ez banaiz, afitxan berean emana zen itzulpena eskainia izango zela. Hau da, promoziorako baliatu den argumentu bat da. Euskara ez zekien edonori eskaintzen zitzaion itzulpena, taula gainean zirenak atzerrikoak bailiran

Arrunt desberdinak dira bi egoerak eta beraz, ez dut uste konparaketa egokia denik.

Amen

icon

Bitxikeria

2010-12-17

Maulen zinezten ? Badakizue nor bazen ? Ez dut uste...
Gainera BECen nire aitzinean Donostiarrak nituen eta beharrietan kasko bat zuten ez zutelako ulertzen !
Beraz...

Komentarioa idatzi