Izanaren burukominak
Aitor Renteria
Izanak ez duelarik izena betetzen, edo izanarentzako izena handiegia delarik ximurrak eta lotsariak agerian gelditzen dira. Eta jokutriaren zantzua, ustea edo susmoa mingotsa bilakatzen da euskarazko eta frantsesezko adierak ez datozelarik bat.
Frantziako administrazioak darabiltzan egituren izenetan nabaritzen da frango, eta maleruski, Euskararen Erakunde Publikoaren kasuan ere bai. Euskaraz erakundea dena Frantsesez Bureau baino ez da eta mamiari so eginez, izanari, elkarte baten egitura duela ikusten dugu.
Estatuak, Akitaniak, Pauek eta Ipar Euskal Herriko Hautetsiek osatzen dutena, baina 1901eko legean oinarritzen den elkartea baino ez da. Terminologiak ez duela garrantzirik adierazi zuten EEPren sortzaileek eta baita ere hainbat «hizkuntz adituk». Jardunak, aldiz, guztiz kontrakoa erakusten du egunero.
Urte beteko negoziaketen ondorioz Seaskak eta Frantziako Hezkuntzak aurre hitzarmen bat lortu zuten. Iragarpenak eragindako poza azkordina bihurtu da ordea. Eta duela aspaldian bezala, hitzarmena errespetatu ezean, mobilizazioaren bidea hartuko duela dio Seaskak. Abian dira protestak Baionako akademia ikuskaritzaren aitzinean.
Egileek soilik ezagutzen dute hitzarmena beraz nekez eman genezake horren inguruko iritzirik. Alta, prozedura bera adierazgarria da. EEPk Seaska eta Frantziako Hezkuntzaren arteko bitartekari lana egin behar izan du. Alta, Frantziako Hezkuntza ministerioa denez geroztik Estatuaren esku dago, Estatua EEPko kide nagusienetarikoa delarik. Nola izan daiteke Frantzia, ber denboran, aldea eta bitartekari? Izanak izena irensten du.
Deusik ez du bermatzen euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa. Aurten EEPren jarduna neurtu beharko dute botere publikoek, erabakitzeko ondoren jarraipena ematen dioten edo ez. Nola sinets, hori ikusita, hizkuntzaren normalizazioa dutenik helburu?
2009an hizkuntzaren legea osatzeko xedea du Frantziako gobernuak. Dagoeneko iragarri dute ez dietela onartuko ofizialtasuna herri hizkuntzei. Bai. Herri hizkuntzei diot eta ez hizkuntza gutxitu, eskualdeko hizkuntza edo politikoki jasangarriak izateko baliatzen ditugun hitz joko korapilatsuei. Frantzia, Espainia bezala, ez da zozoa eta ongi daki hizkuntzaren oinarrian herri bat dagoela, arazo politiko bat. Euskarari ofizialtasuna onartzea, nazio baten errealitatea utziko luke bistan.
Baina hizkuntzaren aldetik begiratuta, arazo guztiak konpontzen ez baditu ere, denok dakigu funtsezko urratsa dela ofizialtasuna. Negoziaketa guztietan «lumak» utzi behar direla entzuten dugu behin eta berriz. Susmo hori bazegoen, Seaska eta Frantziako Hezkuntzaren arteko hitzarmenaren inguruan, baina ezin erran deus mamia ezagutzen ez delarik. Baina hizkuntzaren legearen kasuan ez dago negoziaketarik. Lobiak egon edo ez, Parisek nahi duena inposatuko digute berriz ere.
Eta horren aitzinean zer egin? Pragmatismotik so eginez, legeak ematen duena hartu, lotsa izpirik gabe. Beharrak eta egoerak hala eskatzen dute. Baina gorputza sabela baino gehiago denez, buruak iritzia eman beharko du. Ez du arazoaren oinarria konpontzen eta beraz ofizialtasuna izan behar da aldarria, ateka, zurubia.
Norberaren buruan aldarrikatzetik, karrikan aldarrikatzera pasatu beharko da. Agian, euskalgintzak gaindituko ditu eguneroko kudeaketan dituen itolarriak eta gaitasuna izanen du erantzun bateratua emateko karrikan eta bilkuretan.
EEPk hizkuntza politika gauzatzeko plan mardula osatu zuen, euskalgintzak egindako ekarpenei esker. Borondaterik ote du hori egiteko? Argi dago ezetz. Lehenik, aztertu ere ez duelako egin plan hori gauzatzea zenbat balio lezakeen. Bigarrenik, ez dituelako berak hartzen erabakiak, Parisek baizik.
Iparraldea politikoki existituko balitz, berezko instituzioa balu, bertze bat litzateke indar harremana. Baina politikan, bereziki gurean, izanak ez du izena egiten.
















