Kadira dantza
Aitor Renteria
Gogoan ditut ikastolako Uda Lekuetan edo herriko jaietan egiten ziren kadira dantzak. Ideia bihurri batetik abiatzen da jokoa, jende kopurua baino kadira bat gutxiago jartzetik alegia. Eta denak lasterka musikaren etena nagusitzean tokia ez galtzeko. Kadiraz jabetzean lasaitasun irriņoa erakusten dute irabazleek, larritasun adierazpena bilakatzen dena musika berriz abiatzean. Jokalari bakoitzak bere taktika hautatzen du, bertzeen hautuak aztertuz eta bere kokapena baloratuz. Okerrerako tarte txikia dago.
Badirudi berriz ezarri dela modan kadira dantza. Nabardura, oraingoan, haurren ordez helduak ari direla jokoan. Sentsazio hori nagusitzen zait hemerotekari adi, oroimenaren leihatila irekitzean. Poza edo tristuraren lurruna dario ikuskizunari. Aitortzen dut nire alde baikorrenak poztasunez hartu nahiko lituzkeela kadira dantzako aktoreak. Historia hurbilak eta eguneroko zuhurtziak, ordea, zalantza hobesten du.
Urrian Lapurdiko hiriburuan egindako bi manifestazio jendetsuak ditut gogoan. Bazen denbora ez nuela horrenbat hautetsi ikusten herritik sortutako aldarrikapen sakonak defenditzen karrikan. Defenditzen, edo bederen, herritarrekin batera. Zalantzak bide zabala dauka, erran bezala. Eta bi manifestazioen arteko alderaketa nagusi da herritarren artean. Zilegi bezain interesgarria dela iruditzen zait.
Bostehun hautetsi egon omen ziren AHTren aurkako manifestazioan, Mixel Hiriart Hego Lapurdiko herri elkargoko presidenteak adierazitakoaren arabera. Errepublikako garairik minberenetan hartzen den engaiamendu solemneak inarrosiko nau beti, aitortzen dut. Frantziako hautetsiek une jakin horietan baliatzen duten xingola urdin-zuri-gorria jantzi zuten. Gaiaren larriak horrela eskatu zukeen. Horretan oinarriturik, pentsa genezake euskararen gaia ez dela AHTrena bezain larri edo gordina. Hautetsiek ez zuen xingola errepublikarra janzteko beharrik sentitu. Mihi gaiztoak bertze interpretazio bat egin zezakeen: Hamarkada luzeetan euskararen alde aritu izan diren eta diharduten herritar anonimoek ez zutela begi onez ikusiko. Bakoitzak molda dezala iritzia.
Kontraesanen zirimolan eskizofrenia puntu bat ere ikusi da manifestazio horietan. Jean Jacques Lasserrek eraman zuen banderola AHTren aurkako manifestazioan. Guztiek jakin zezaten, zorrotz adierazi zuen ez zegoela manifestazioan kontseilari nagusi gisa, Hautetsien Kontseiluko presidente gisa baizik.
Politikak bere tenpusak ditu, gizartearen bilakaeraren araberakoa. 2006ko eztabaida publikoan hautetsi gehienek isiltasunez onetsi zuten Garapen Kontseiluak, edo departamenduak berak sustaturiko AHT xedea. Musika aldatu da oraingoan. Baina musikaren konpas bakoitzak nabardurak dituen heinean, Zirkoko kontorsionistak bezala (zein zaila den bihurrikatzaile hitzak euskaraz adierazten duena ulertzea), AHT bide berrien aurka ez zeudela adierazi zuen Hiriartek manifestazioko hitzartzean. Lapurdin egitea, ordea, gaitzesten dute.
Gironda urrutitik heldutako manifestariek gogorarazi zioten ez dela gustu oneko ariketa etxean nahi ez dena auzoari inposatzea. CADEk burdinbidea zabaldu dio AHTren kontrako mobilizazioari eta hautestsiek ezin dute tren hori pasatzera utzi. Eta tentuz aritu behar behin trenera igonik ez lerratzeko eta erortzeko.
Max Brissonek berak antzeko ariketa burutu behar izan du Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak antolatu zuten manifestazioan egoteko. EEPko buruak ezin zuen manifestaziora joan, funtsean Estatuaren ordezkaria delako. Estatua da, gobernuaren bidez, euskarari ofizialtasuna ukatzen diona eta hori ongi daki Brissonek.
Alta, euskalzaleen artean den mendreneko sinesgarritasuna lortu nahi badu, Brissonek ezin zuen manifestaziora joan gabe gelditu. EEPko buru gisa ezin zuena egin, Kontseilari Nagusi eta Miarritzeko hautetsi gisa egin du. Zerbaiterako balio du Frantzian hain kutuna den kargu metaketak. Hautetsiari nolabaiteko malgutasuna ematen dio ateka bihurrietatik ateratzeko, luma guztiak galdu gabe bederen.
Ofizialtasunaren alde ez dagoela jakinarazi zuen hala ere Brissonek. Manifestazioaren lelo nagusiari entzungor eginez, hizkuntza legearen alde dagoelako joan omen zen. Aldarrikapen zehatz bat onartu zuen, sakoneko beharrak ez onartzearen aringarri.
Menturaz, AHTren kasuan bezala, Herri Elkargo, Garapen Kontseilu, Hautetsien kontseilu eta abarrek erantzunkizuna hartu eta haiek deituko dute euskararen aldeko manifestaziora. Ardura politikoz beteriko urratsa litzateke. Baina badirudi hautestien arrangura ez dagoela oraindik hein horretan.
Kadiren dantzak aipatu ez dudan elementu bat ere badu, presente egon arren, abantzu anonimotasunean gelditzen dena, musikaria alegia. Funtsean, berak erabakitzen du noiz, non eta nola egin etena. Baita jokalari batzuk lagunduz eta bertze batzuk kanporatuz. Jokalariek badakite hori ongi, horregatik usu begiratzen diote musikariari.
Gizartearen gutizia aldakorra da eta neke da asmatzea noiz etengo edo indartuko duen musika. Hain aldakorra, non hautetsiek ere zuhurtziaz, errespetuz edo beldurrez egiten dioten so. Gizarteak jotako musika ahulegia delarik, ordea, Estatuarena nagusituko da. Orduan bertze dantza mota bat nagusituko da, orain artekoa alegia.














