Keriatik Tasunera

Aitor Renteria

Argitaratua: 2010-02-21 18:04:31

Euskarak karga etiko handia atxikitzen du bere atzizkietan. Txar guztiak keriaren sakuan biltzen ditu eta onak tasunaren baratzean. Batetetik garbitasuna, zintzotasuna, kristautasuna eta askatasuna agertzen badira, bertze aldean zikinkeria, sorginkeria, sineskeria eta indarkeria agertzen diren ber. Horren berizketa zorrotza egitea zaila bada gehienetan, errepikapenak onilaren bidean murgiltzen ditu gogoak.

Hedabideek etengabeko burrunban bazkatzen gaituzte haiek edukin ideologikoak irensteraino ohituraren indarrez. Denboraren distantziatik, aldiz, gauzak ez dira horren uhargi. Horren gaiztoak ote ziren sorginak ukendo eta belarren erabilpena behar zuten herritarrentzat? Inkisizioa eskumakil gisa baliatu zuten eliza katolikoarentzat behar bada bai. Horren onak ote dira kristautasunaren uztak? Irlandan apaiz katolikoen bortxaketak hamarkada luzeetan pairatu dituzten haurrentzat seguruenik ez.

Eta indarra, noiz da ona eta noiz txarra? Bortxakeria edo indarkeria aipatzen delarik Euskal Herrian, alde batekoa baino ez da aipatzen. Hiztegi hori darabiltenek, ordea, ez dukete hitz hori baliatuko gaur egun Gerry Adams, Nelson Mandela, Arafat edo garai bateko Golda Meirren kasuan. Bigarren munduko gerran nazien kontra altxatu ziren erresistentziako kideak terroristak ziren egun batean eta lau urte beranduago askatzaileak. Noiz eta zergatik eransten dira orduan atzizkiak? Denborak eta ikuspegiak badute horretan garrantzia, indarrean dagoen ideologiak jorratzen dituelako hiztegiak. Hala ere, keriatik tasunerako jauzia edo ibilbidea haizu dela erakusten digu hizkuntzak berak.

Euskal Herriak luzez pairatu du sufrimendua askatasunaren eta burujabetzaren bidean. Hainbat sufrikario, non batzuek keriaren leizean ehortzi nahi duten betirako euskal sena. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun gutariko bakoitzak ondoko esaldia: euskaldunok bat eginen bagenu…

Hitza mamitzeko eta gogo hori partekatzeko urratsa abian dago. Nahi duenak aukera garbia ukanen du norabidearen parte bat egiteko, edo ibilbide guztia, oso osoan. Konfiantzaren eta errespetuaren zumeak ehundu etorkizunerako zubia osatzeko. Argiki zehaztu baita zubiaren bertze aldean autordeterminazio eskubidearen gauzapena egonen dela. Gurdi zabala da eta hartarik tiratu nahi duen orok eskutokia du zain.

Ezker abertzaleak egindako gogoetaren emaitzak eskuragarri daude, denen bistara. Milaka militantek goraki adierazi dute borroka politikoa eta herritarren sostengua direla politikoki aitzinatzeko tresnak eta aldi berean, horren bermea. Eguzki leinuru beroenak balira bezala piztuko dituzte anitzen ilusioak. Batzuei, ordea, atsekabea eta urduritasuna eraginen die;  bertze batzuei zalantzak beteriko interesa edo jakinmina piztuko dien bezala. Itsuenak ere ezin izango du ukatu sakoneko proposamena dagoela mahai gainean. Behingoz baliabide edo bitartekoen zepoa gainditu eta helburuen eta arazoen inguruko eztabaida pausatzen da. Euskal Herriaren autodeterminazioa bermatuko duen etxea osatu nahi da, hitzaren gainean oinarrituta.

Alde bateko indarkeriaren aitzakia baliatu ezinean, urratsak herritarren eta alderdien borondatean neurtuko dira, bozka ontzietan. Amets eroetarako betarik ez dago, botereak ez diolako inoiz inori independentziarako biderik irekiko. Botereak indarra baliatuko du. Herriak berak deliberatu beharko du boterearen indar hori keriaz janzteko urratsak zein diren. Irmotasuna, indarra eta delibero argia beharko du horretarako. Tasun eta keria guztien gainetik, aitzinamenduak lortu, neurtu eta teoriak praktikan jartzeko tenorea delako.


Komentarioak

Komentarioa idatzi