Pikolo txikiak

Aitor Renteria

Argitaratua: 2009-03-25 13:53:22

Liburuetan agertzen zena egia zen aspaldian. Garaiko mitoa, batzuek, propaganda gisa baliatzeko trebezia daukate eta horretan bide erakargarririk baldin bada, literatura da. Gogoeta hori jin zitzaidan burura Baionako Elkar liburutegi euskalzalean nenbilearik, haurren ipuinen zokoan.

Irudi txukun eta erakargarrian osatua, Alberdania etxearen "Pikolo" izeneko liburua atzeman nuen, Patxi Zubizarretak eta Jokin Mitxelenak idatzia. Omen 8 eta 88 urte bitartekoentzat idatzia, baina haurrentzako formatoan. "Le Petit Nicolas" liburu ezagunaren estiloan idatzia dago. Ez noa erraitera haren plagikoa denik forman, baina antzekotasun ikaragarria duela ukaezina da.

Pikolo deitzen dute ipuineko protagonista. Idazleak argi baino argiago azaltzen duen bezala, Guardia Zibilei Pikolo edo Pikoleto deitzen zaie, eta noski, Euskal Herriko eskola batean dauden haurrek, aitaren ezizena ematen diote, Pikolo, alegia.

Pikoloa ez da historiarik gabeko pertsonaia Euskal Herrian eta eskola horretako haurrek baztertzen dute Pikolo txiki maitagarria. Zazpi urteko haurrak hainbat kezka ditu. Espainiako hegoaldeko herri txiki batetik jina Euskal Herrira, bideseinale elebidunek erakartzen dute haren arreta, bi munduren arteko lokia ezin ulertuz. Hala dio pertsonaia nagusiak, nahiz eta aitaren gerritik zintzilika dagoen pistolak kezka edo galderarik ez eragin.

Guardia Zibilaren kuartelean bizi da eta handik eskolara doa gaixoa. Eskolako haur euskaldun bihozgabeek zokoratzen dute Manolo-Imanol. Lehenik eta behin, Pikolo deituz. Baina Nicolas Txikia bezala, doatsua da Pikolo. Gauza batzutan egunduko ausardia eta bihozberatasuna erakusten du. Eskolako haur euskaldunak ez dira teilatura igotzera menturatzen. Hura bai. Bertzeek galdu dituzten pilotak itzultzen dizkie Manolo ausartak. Baina ordainean, gehiago baztertzen dute.

Eskolarako zubia zeharkatzeagatik egunero euro bat ordainarazten dio dio preso politiko baten semeak. Noski, ez hura bakarrik, bertze bi haurren laguntzarekin baizik. Ausardia eta gehiegikeria aiseago egiten direlako taldean, bakarka baino. Eta Pikolo gaixoari zerga hori ordaintzea ahazten zaionean, hiruren artean lotu, biluztarazi eta uzkitik bizikletako gurpilak puzteko punpa sartzen diote. Baita hiru aldiz eragin puzgailuari. Haurraren negar-txilioak itotzeko, komuneko papera ezartzen diote ahoan. Gela baten gakotzeraino heltzen dira, Pikolo gaixoa. Beldurraren beldurrez, etxerakoan kaka egiten du galtzetan.

Alta, eskolan badu lagun bat, Euskal Herritarrok legez kanpoko taldeko burkide baten alaba. Aita preso du arrazoi politikoengatik. Lehenik alabak, eta gero espetxetik aitak, erakusten dute lehenik pertsona dela eta gero funtzioa.

Azkenik, Guardia zibilaren gotorlekuaren aurka atentatu bat prestatzen ari den eskolako irakasle gogoangarriak, krudeltasunaren zirrikitutik, bizirik uzten du Pikolo gaixoa. Ipuinetako gaiztoen maltzurkeria erabiliz, aitaren ohitura eta ordutegiei buruzko idazlana egitea eskatzen dio irakasleak Pikolori. Horri esker, atentatua egiten dute egunean Pikolo baliatzen du, aita koarteletik ateratzeko eta bizirik uzteko.

Haurrentzako liburua izanik, kezkatu nau, haserretu nau eta nazka eragin dit liburuak. Egia erdiak erdi egiak bihurtuz, gertakari eta jokabideak helburuen ildora tolesten direlarik, hitzen jolasa ez da literatura, propaganda politikoa baizik. Eta haurrengan eragitea bilatzen delarik, bertze izen bat ere merezi du.

Noski, Pikolo txikiak ez du ezagutzen Guardia Zibilak herri honetan daukan historia luze eta beltza. Noski, ez daki behin eta berriro tortura erabiltzen duela. Txikiegia da nazioarteko salaketak irakurtzeko. Eta harrigarria bada ere, euskaldunak dira bera torturatzen dutena, non eta eskolan. Ziegan sartzen dutena. Eta bizkotxak txapela behar balu, eskolako irakaslea ETAko ekintzaile bihozgabea bihurtzen du.

Gatazka dagoen aldi oro, bi aldeak dira gatazka horren biktimak. Gatazkak luze jotzen duelarik, gizarte osoa da egoera horren biktima. Gatazka gainditzea eta konponbide politikoa atzematea eskatzen duen gizarteak bertze ipuin bat merezi du, ez haurren manipulazioa.

Adierazpen askatasunaren aldekoa naiz erabat, debekuen kontrakoa. Krisialdi ekonomikoaren bidez milioika herritarren sufrikarioa eragin duten aditu neoliberalen idazkiak hor daude, irakurgai. Deitoragarria ez da pentsamendua, jokabidea baizik. Nahi dutena pentsatzeko eskubide osoa daukate Zubizarreta eta Mitxelenak. Pentsamendua adierazten duten liburu guztiak saltzeko eskubidea dauka Elkarrek. Baina, etikoa ote da horrelako liburu-manipulazio-propaganda ezartzea apaletan salgai? Batzuek oraindik holokaustoa ukatzeko gaitasuna daukate.

Liburua erosi dut iritzia eman ahal izateko. Eta lagunei utziko diet, erabat harritu nauelako erakusten duen duintasun falta horrek. Inarrosi nau. Ez dakit liburuen salmentatik diru anitz irabaztea espero duten. Menturaz, kokapen politikora itzuliz, Estatuaren Diru Berezien kutxatik harrera hobea eginen diote Pikolo gaixoari.


Komentarioak

icon

LURRIN

2009-03-26

Norberaren herriko erreferentziak dituen liburua idaztea ausarta dela pentsatzen dut, baina, hortik goiti, zein da liburu honen helburua eta mezua, probokazioa ez bada? Euskal Herriko edozein ikastoletako errealitatetik aski urrun senditzen dut, nik bederen. Elkarreko bezeroa izanki, bitxi atzeman dut liburua bertako apaletan topatzea.

icon

KIMA

2009-03-26

Artikulua irakurri dudanean, Paco Ibañezek kantatzen duen 'Un mundo al revés" abestia gogora etorri zait. Pikolo honen abenturek, Asterix eta Obelix moduan, jarraipena izango duela pentsatzen dut : kapitulu berrietan bere familia edo laguna bisitan joateko diru laguntzak nola kentzen dizkioten, erderazko ikastetxeak eta "El Pais" egunkaria nola hesten duten, telebistako albistegietan bere Herria ez duten aipatzen... Etorkizun handia duen proeiktua izango da. Elkarren horrelako liburu bat agertzea, oraindik inuzenteak diren eta errealitateaz ohartzen ez diren umeen sailan ezartzeak ere kantaren kopla bat izan liteke.
Errealitateko gertakariak kontatzeko modu ezberdinak badaudela ez da dudarik (egunkari kopurua ikustea besterik ez), baina errealitatea gogorra izan da ere bakarra dela iruditzen zait. Hain aldrebeski agertu nahi izateak ez ote du atzetik zerbait ezkutatzen ?

icon

u

2009-03-27

Ikaragarrixa Elkarrek holako zerbait argataratzia. Ipuina irakurtzeko kristoneko gouak etorri jatez, baina erosteko asmorik ez behintzat.Ia norbaitxek, eskanetu eta teknologi barrijen bitxartez zabaltzen daben.
On, dinot nik, Elkarrek be erantzunen bat emon birko dau ez? zintzotasun piskat baino eztotzat eskatzen nik!

icon

Jon

2009-03-28

Arraro benetan umeentzako liburu hau! Aproposa ez behintzat!

Patxi Zubizarreta jaiotzez ordiziarra da, baina gaur egun Gasteizen bizi da. Makina bat lan egin dut udaletxean nahiz umeentzako liburuak argitaratzen. Baina ez nuen entzunda horrelako libururik idatzi zuenik.

Benetan nazkagarria iruditzen zait gatazka politiko honetako gertaeren inguruan iritzi partidista bat erakustea umeei. Oraindik umeek sortu gabeko baloreak manipulatu edota bideratzen dituela uste dut. Lotsagarria benetan!

icon

Lur Ixilduen Olatuak

2009-03-30

Pikoloetaz barik, pikoloak egongo ez diren errepublikaz minzatu behar gara. Horrexeri buruzko liburuak argitaratu behar dira, etorkizuneko belanauldiek, liburuak, errepublika aske hortatik idatz ditzaten.Ez bakarrik, etorkizunekoetaz, baizik eta pikolo bako garai ederrataz ere bai. 2009 ez da euskararen amaiera ezta hasiera ere,ezta Euskaraz bizi nahi dugunon instituzio forma egikaritu bakarra ere.Dena den, Pikoloak aipatzerakoan gudariak ere aipatu behar dira, memoria kolektiboa eraiki nahi bada gaozen bada, denon artean idaztera.

icon

jon

2009-04-02

Aupa U,
ea ondo irakurtzen dugun. Liburua ez du Elkarrek argitaratu, Alberdaniak baizik.

icon

ibon

2009-04-03

ez zait batere egokia iruditzen umeen saileko liburu bezala argitaratzea, are gehiago! uste dut umeek ez dutela horrelako liburik ezagutu behar, ordea helduentzako liburua izan daiteke!

icon

Iñaki

2009-04-03

Ziur laster gaztelerara itzuliko dutela ... Aho bete hortz utzi nau artikuluak. Alberdania argitaletxe bikaina iruditzen zait baina liburu oraingo honetan (liburua oraindik irakurri gabe eta artikuluak diona sinesten dudalarik) hanka sartu duela uste dut.

icon

u

2009-04-15

eskerrikasko Jon, arrazoia! baina ahalan da be, bardina pentsaten jarraitzen dot.

icon

Nekane Antxia

2009-04-17

Zuetako zenbatek irakurri du liburuxka hau? Nik neuk oso bestelako irakurketa egin dut, oso erraza baita Tibet edo Saharari buruz idaztea eta hitz egitea, bertako kontuek, ordea, hazkura... Hala ere, ongi etorria eztabaida. Garako mugalarin ez zuten horrelakorik esan kritika egin ziotenean.

icon

Xa2

2009-04-22

Harrigarria zenbat jendek komentatzen duen irakurri gabeko liburu bat. Nik irakurri nuenean ez nuen Aitor Renteriaren interpretazioa ikusi; egia da ETAren indarkeria deitoratzen dela, baina baita estatuarena (dispertsioaren kontrako mezua, esaterako, ikus daiteke liburuan).
Bestalde haurrentzako liburu asko idatzi dira euskaraz ezker abertzalaren ikuspegitik (Txakurraren alaba, Pike eta Pitito, Tunelaz bestaldean,... hiru egile eta argitaletxe ezberdinetako tituluak jartzearren) eta inork ez du esan hori manipulazioa denik. Ondo dago ikuspegi guztiak presente izatea eta inork ezin du esan Zubizarretak eta Mitxelenak estatuaren diru berezietatik ezer jaso dutenik ez jasoko dutenik. Hori bai dela iraingarria!
Irakur ezazue liburua komentatu baino lehen eta irakurri jartzen duen guztia. Beste kontu bat da sufrimenduaren alde hori ikusi nahi ez izatea, zoritxarrez jende askok pentsatzen du herri honetan alde bakarrak sufritzen duela (beti bere aldea, edozein delarik).

icon

Olegario

2009-09-18

Onena ipurditik punpa sartzen diotenekoa da... jo, zelako barreak bota ditudan eszena imajinatzen... "baita hiru aldiz puzgailuari"... brutala komentarioa.

Egia esan, eta liburua irakurri gabe, eta idazlea eta argitaletxea ezagututa, nago kritikariaren ikuspegiak dexente deformatzen duela liburuaren izaera... susmo bat besterik ez da, momentuz. Erosi egin beharko da "Pikolo" famatu hori...

Komentarioa idatzi