Sardina bat etekin

Aitor Renteria

Argitaratua: 2008-12-16 14:14:00

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako ikastetxeetan Darcos erreformaren aurkako mugimendu zabala izan da azken asteotan. Oldarraren aitzinean, baliabideen murrizketa gerorako uztea deliberatu du Frantziak, udaberrirako Darcosen hitzetan. Ikasleen garaipena, sardina xumea beharrak asetzeko. Txanpa baliatzea deliberatu dute ikasleek, erreforma behin-betirako bertan behera gelditzea lortzeko esperantzaz.

Hatzamarrak hilargia estaltzen du eta arbolak oihana. Garaipen txikia lortu dute ikasleek, baina bertze alde batetik, epe ertainera begira eta oharkabean, galtzaile dira hezkuntza munduaren hipokresian. Arrazoia jakina da baina isilpean gordetzen da. Kolegioek, adibidez, eskolatik atera diren ikasleen izenak helarazi behar dizkio Akademia Ikuskaritzari. Eta guztiek egin dute, ikastolak barne.

Ez dezala nehork pentsa garrantzirik gabeko gertaera denik. Akademiak mobilizatu diren ikasle guztien izenak delinkuentziaren aurkako batzordearen esku utzi behar dituelako. Sasi ezker edo sasi eskuin, auzapezek plantan ezarri dituzte batzorde horiek. Aste honetan berean Jean Espilondo Angeluko auzapez sozialistak azaldu du nola osatuko duen batzordea eta Baiona bezalako hirietan aspaldi da indarrean, «esperientzia pilotu» gisa. Delinkuentziaren aurkako legearen alde bozkatu zuen Jean Grenet Baionako auzapezak ikasleen arrautzak bildu zituen aurpegian unibertsitatearen irekitze ofizialean. Kolera gorrian ezarri zuen horrek auzapeza, ahantziz, sistemaren oinarrian dagoela, Borotra eta hainbat agintariren legez.

Izen bitxiek harridura eta axolagabekeria eragiten dute gehienetan. Benisti izena erranik, gutxik jakinen dute Euskal Herrian abangoardiako joko informatikoa den, filosofo ezkutu bat edo Italiako «repentistaren» bat. Baina ez. Frantzian indarrean ezarri den delinkuentziaren aurkako planaren oinarrian dago Benisti jaunak osaturiko txostena. Gizartea osotasunean hartu eta adinez adin, errepresiorik eraginkorrena baliarazteko filofia eta sistema osatu zuen, ama-eskolatik hasita azken gizarte eragileraino. Xedearen filosofia begi bistakoa da, denak dira/gara susmagarri. Eta guztiak zaintzeko, sailez sail, sistema osatu du Frantziak, alderdi eta sindikatuen isilean. 2008ko abendua hotza da, 1968ko maiatzaren esperantza beroetatik urruti.

Gizarte laguntzak, grebalariak, eskolan arazoak dituzten haurrak, drogazaleak, militanteak, sistema politikoari arrisku hipotetikoren bat sor liezaieketen guztiak daude horren menpe, fitxategi zentralizatu batean bildurik. Eta xehetasun guztiak poliziaren eta epaitegiaren esku daude. Otsoa artaldearen zaindari.

Eta Anaia Handia beti da gose, zenbat eta hantuago orduan eta urduriago. Michelle Alliot Marie Donibane Lohizuneko auzapez izkutu eta Frantziako barneministroak ere, Darcosek bezala, gibelera egin behar izan du Edwige plantan ezartzerakoan. Ez dituzte eragileen sexu joerak, osasun egoera eta hein horreko informazio «sensiblea» bilduko fitxategian. Baina nehor ez bedi tronpa. Dagoeneko bertze fitxategietan biltzen den informazioa legeztatzea zen Edwigen helburua.

Eta ororen isilik, Frantzia Benistiren ikuspegian aitzinatzen da. Dagoeneko 13 urteko gazteak preso ezar ditzakete. Nonbait ez aski eta zigorra 12 urtekoentzat ere indarrean ezartzea nahi du Sarkozyk. Baina fitxaketa eskoletan hasten da, oinarrian. Eta bakoitzak gure erantzunkizuna du/dugu. Edo gutariko norbaitek eskatu dio eskola edo ikastolari gure haurren izenik ez ematea Akademia Ikuskaritzari? Erreforma bat gibelatzea lortu bada ere, sistemaren oinarria gizendu da, ororen isilik.


Komentarioak

Komentarioa idatzi