So eta iso!
Aitor Renteria
Hamarnaka hildako eta zauritu izan dira Moskuko metroan egindako atentatu batean. Egun berean Bruselan, Mundu zabaleko hainbat eragilek, zein baino zein garrantzitsuagoa, Euskal Herriari begira ezarri dute soa. Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoa gainditzeko proposamena plazaratu dute eta bide batez, ezker abertzaleak egindako urratsa txalotu. Ez da hutsaren hurrengoa, ez da egunero gertatzen den gertakari antzua.
Bortizkeriari iso erraiteko bidea irudikatu dute, larriki bada ere. Eta soa luzatzearekin batera, nazioarteko babesa eman diote gatazka politikoa gainditzeko ekimenari. Berriz ere, Euskal Herriak pairatzen duen arazoa eduki politikoetan kokatzen dela berretsi dute.
Ez da kasualitatea izenpetzaileen artean Toni Blair Erresuma Batuko presidente ohia egotea. Bere presentziak berebiziko garrantzia ematen dio adierazpenari. Irlandak mendeetan pairatu duen gatazka armatua gainditu eta konponbidea erabakiaren esparruan kokatzea onartu duelako.
Ez da kasualitatea gatazka nagusienetako eragile nagusi batzuk, Nelson Mandela Fundazioa edo Frederick de Klerk Hego Afrikako presidente ohia egotea izenpetzaileen artean. Edozein prozesuk bere ibilbidean dituen kontraesanak onarturik, nazio eraikuntzaren ateka ireki da. Mundu mailako hainbat Nobel saridunen bermearekin. Legez kanpo utzi duen Ezker Abertzalea legeztatu eta presoak Euskal Herriratzeko eskatu diote Espainiari, konponbiderako borondatearen adierazle.
Espainia eta Frantziako hedabideek bertze nonbaitera bideratu dute soa, prozesuari iso erranez geldituko delakoan. Espainiak zentzurik gabeko legeak moldatu ditu, herri erakundeetan ezker abertzalearen presentzia ekidin eta debekatzeko. Ustezko demokraziaren gabezia eta mugak ozka batez bihurtu dituzte. Geroan pairatuko dute horren ondorioa, baina espainiarrek konpondu beharreko afera izanen da hori.
Mundu zabaleko eragileek su etena eskatu diote ETAri eta hedabide anitzek hori nabarmendu dute. Baina gatazkaren konponbiderako urratsak, eta urrats zehatzak eskatu dizkiote aldi berean Espainiako gobernuari. Behia trenari bezala so egonen da Zapatero ?
Alde bateko erabaki politikoa hartu du ezker abertzaleak. Bide horretan urratsak egin ahala, nazioarteko presioa handituko da. Eta mezu hori da nazioarteko adierazpenean irakurri beharrekoa. Gainezka egiten ari den ontzian ur gehiago botata ere, gainezka egiten segituko du.
Euskal Herrian ere ausartagoak dira konponbidearen aldeko urratsak. Ohiko bide jorratuetatik atera eta independentisten topagunea osatzeko, indartzeko eta eratzeko gutizia ageri da. Engaiamendua. Eltzea sutan frogatzen den bezala, Aberri Egunak sukaldearen oparotasunaren printza utziko du euskal politikagintzaren ortzimugan.
Begiak itxi eta ondoko herrian haien txosna egitea erabaki duten abertzaleak, nire iritziz, ez dira egoeraren garrantziaz ohartu. Ez da txosna txikiak atontzeko garaia, herri baten geroa sailez sail eta oinarri sendoz irudikatzekoa baizik.
Bizian bezala politikan ere, ilusioak handitzen eta biderkatzen ditu urratsak. Eta behingoan apal, xume baina esperantzaz beteriko proposamena dago mahai gainean. Bakoitzak erabaki beharko du mahai horretan egon nahi duen, kadira nahi duen, sukalde prestakuntzetan partehartzeko gogoa duen edo ezkontzetan bezala, tokiz tronpatu eta ondoko gelan egon nahi duen. Denborak argazkietan ageri dira eta bertan ez agertzeko arriskua dakar unez eta tokiz tronpatzeak.
Epikuroren terrazatik so egoteko ohitura errotu zaie batzuei. Aldi berean, proposamenak daude mahai gainean. Partekatu, aztertu, sakondu, landu eta ekinaren bidean ezarri behar dira, denborak eta engaiamenduak zehaztuz. Garaian hain ospetsua egin zen blindaje hitzari gorputza emateko unea da. Ez da erraza izanen. Nola izanen da ba erraza, azken bake prozesuan mahaira jarritako eragile nagusi batzuk preso daudelarik ?
Espainia eroso dago gatazka armatuaren ingurumarian. Gatazkarako planteamendua besterik ez du eta horregatik preso atxikitzen ditu konponbidearen ildoan engaiatu direnak. Ezker abertzaleak politika egin nahi badu bere esku dagoela erran zuen Iņigo Urkullu EBBko presidenteak Donibane Lohizunen. Baina Epikurorenak egin du. Konponbidearen aldeko parioa eginez, horren aldeko indarrak presondegitik ateratzeko urratsak egin beharko lituzke. Ezker abertzalearen proposamena garatuz gero, euskal politikagintzak lurrikara biziko du. Sinesgaitza anitzendako, baina eguna bezain argi bertze anintzendako. Estatuaren urduritasuna agerian uzteraino.
Komentarioak
xabi
2010-04-05
hi so...
Miren
2010-04-07
Iepa,
Ez al du inork arre egin behar ? Erronka polita daukagu, garai eta ilusioak gauzak aurrera eramateko ... Igandeko jende uholdeak baieztatu besterik ez baitu egiten !
















- 