Txapaperako tentaldiak
Aitor Renteria
Badator sartze politikoa. Edo hobe erranik, sartze politikoak bete-betean hartu gaitu. Aurtengoan, ordea, alderdi nagusien agendak bederen uzkailiko dituen berriaren eskutik eginen da halabeharrez. ETAk erasoko ekintza armatuak bertan behera utzi ditu, nazioarteko begiraleek eta ezker abertzaleak berak egindako eskaerari ihardetsiz.
Gogoz ala gogoz kontra, Euskal Herrian ireki daitekeen fase berriarekiko jarrera eta kokapena argitu beharko dituzte alderdiek. Arazoak konpontzeko ideia eta indar paregabeak omen dituzte alderdi guztiek eta bakoitzak, haien buruarekiko adierazpenei jarraikiz. Euskal Herriak pairatzen duen gatazka konpontzeko, gainditzeko aukera sortuko da, ordea. Eta nekez ulertuko da ostrukarena egitea une politikoak ausardia eskatzen duelarik.
Ipar Euskal Herriko alderdi politikoek, aldiz, ETAren agiria baino lehen abiatu zuten sartze politikoa. Euskal Herrian deus aldatuko ez dela sinetsiz, Frantziako egutegiari so, Sarkozyk paratu duen hordagoari erantzun nahi dio Frantziako ezkerrak. Etorkinen, ibiltarien eta ijitoen kanporaketak birrindurik eta sakabanaturik dauden ezkerreko indarren bilgune gisa baliatu dira, garai abegikorragoen menturan. Erretretaren aurkako borroka, zerbitzu publikoen suntsiketaren aurkako borroka pil-pilean egonen dira ikasturte politikoan.
Alderdi frantsesen iparra hauteskunde zikloan dago, zalantzarik gabe, 2011ko kantonalak, 2012ko legebiltzarrerako eta presidentziarako hauteskundeak eta azkenik, 2014an Europakoak. Berdeetatik PCFera, PStik NPAra, alderdi frantsesen iparrak ez du kontuan hartu Ipar Euskal Herriko errealitatea. Alta, ziklo berri baten abiatzeak, sakonki alda dezake agenda hori, batez ere Ipar Euskal Herriaren ezagutza ezbaiaren mami bihurtzen badute abertzaleek.
Nekez ulertuko da abertzaleen artean Hego Euskal Herrian jarrera bat hartzea eta Ipar Euskal Herrian bertze bat. EAJk bere iparra doitu beharko du, ABk hautatu beharko du Berdeekiko aliantza estrategikoaren eta indar abertzaleen indar metaketaren estrategien artean.
Batasunak ezker abertzale zabal eta pluralaren antolaketak suposatzen duen erronkari ihardetsi beharko dio. Gauza gehiegi, menturaz, ikasturte politiko bakar batean gainditzeko. Fase berri bat ez da abiatzen batek deliberatzen duenean, partaideen edo aurkarien onarpena dagoelarik baizik.
Horregatik da funtsezkoa indar abertzale eta progresisten metaketa. Espainiak eta Frantziak ez diote sekulan oparirik herri honi, eta oraingoan ere, berak eraiki beharko du itxaropenaren bidea. Pilotariek ongi dakite zer suposatzen duen etengabe pilotak txapa pera bilatzera. Herri honen historian gutxi izan dira txapatik gora joan diren pilotak. Eta garaiera hartzeko tenorea da.
















