Biba Pastorala !

Allande Boutin

Argitaratua: 2008-09-22 12:52:45

Jean Fabien Lexardoi, pastorala errejenta eszenatokitik atzekaldera ateratzen da, ukabila gora, irri haundi bat ezpainetan. “Xiberoko jaunaren” azken kantua, erabat libraturik, antzesleek ozenki ematen duten unean. Beren parioa edo apustua irabazi dutela bait dakite. Horregaitik hain kontent eta harro ikusten dugu azken sei hilabeotan pastoralaren harat hunatak eta filosofia antzesle amateurreri irakatsi dizkien errejenta. Ezen Pettarra deitzen den Xiberoko beheko parte huntan, ez bait zen begibistakoa pastorala baten muntatzea. Alde batetik, baitzen ehun eta berrogei ta hamar urte eremu huntan ez zela pastoralarik egin. Bestetik, bertan, euskara galduz joan baitzen azken bi belaunaldiotan. Orduan pentsa, euskara hutsez obra baten taularatzea gai izanen ote zen Pettarra?