Biba Pastorala !
Allande Boutin
Jean Fabien Lexardoi, pastorala errejenta eszenatokitik atzekaldera ateratzen da, ukabila gora, irri haundi bat ezpainetan. “Xiberoko jaunaren” azken kantua, erabat libraturik, antzesleek ozenki ematen duten unean. Beren parioa edo apustua irabazi dutela bait dakite. Horregaitik hain kontent eta harro ikusten dugu azken sei hilabeotan pastoralaren harat hunatak eta filosofia antzesle amateurreri irakatsi dizkien errejenta. Ezen Pettarra deitzen den Xiberoko beheko parte huntan, ez bait zen begibistakoa pastorala baten muntatzea. Alde batetik, baitzen ehun eta berrogei ta hamar urte eremu huntan ez zela pastoralarik egin. Bestetik, bertan, euskara galduz joan baitzen azken bi belaunaldiotan. Orduan pentsa, euskara hutsez obra baten taularatzea gai izanen ote zen Pettarra?
Uztailaren 27-ko igande eder eta eguzkitsu hartan, baietz frogatu dute Ainharbe, Ezpeize-Ündürein, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabile herriek. Lauek bat eginik “esküz eskü” bertakoek diotenez, orain dela bi urte t’erdi, erabaki baitzuten zerbait antolatu behar zutela; pastorala agian. Euskal kultura beraien baitan dutela frogatu nahian neurri batean. Pettarra “galdua” ez dela adierazteko. Hots Basabürüa (Xibero garaia alegia) bezain euskalduna eta xiberotarra dela ! Jean-Louis Davant euskaltzaina eta gure kasuan bereziki pastorala idazlea herritarra izanik (Ürrüstoi-Larrabiletarra) bide erdia ez bada, parte bat bederen bazuten egina ! “Xiberoko jauna” pastorala zutela taularatuko deliberatu zuten. Hau da: erdi aroan bizi izan zen Oier hirugarren Xiberoko bizkonde ospetsuaren historia antzestuko zutela. Nafarroako armada buru izan zena, Etxarri Aranatz nafar hiria sortu zuena zein zuberotar Atharratzeko hiria. Xiberoko fueruak defendatu zituenaren memoria berpiztuko zuten, hiru orduko ikusgarriaren bitartez, kantuz, koplaz eta dantzaz.
Joan den abendutik hasi ziren testuak ikasten eta antzesten, lau herrietako ehun ta ogei bat lagun. Apiriletik la nda, dendarien “esku ttipiek” Errenderriko Erramun Garcia estilistaren laguntzaz aktoreen jantzien sorkuntzari ekin zioten. Beste ber ehun ta berrogei ta hamar lagun baino gehiagok antolakuntzan parte hartuko zutelarik pastoralaren egunean den dena izigarri huntsa atera zedin.
Hau da pastoralaren magia. Beti obratzen dena. Lokarri soziala sortzen duena. Auzo lana berpizten duena. Eta euskal senaren adierazle dena. Ezen egia bada antzesleen artean erdiak edo ez dakiela euskaraz (besteek bezela -edo gehiago berdin!- bihotzez eta kemenez papelak edo rolak ikasi duena), egia da ere lau herrietan euskal nortasunari prestigioa berriz eman diotela. Euskaraz bizi, amestu eta ekin daitekela frogatu bait diete herriko erdalduneri euskaldunek (euskaradunek). Amankomuna daukaten Euskal kulturaren ondarea denen artean partekatu dute. Adin, jatorri, hizkuntz eta afiliazio politiko guzien gainetik. Herria egin dute. Eta Euskal Herriko lau haizetara zabaldu dute beren euskaltzaletasuna.
Zer emozioa euskaldun zaharrendako! Zer esperantza geroari begira. Eta herritarrek diotenez, abentura ez da hortan bukatzen. Pastorala iragan eta sortu giroa eta lokarriak ez bait dituzte desagertzen utzi nahi.
Komentarioak
Joseba Aurkenerena
2008-10-01
Biba Xiberoko Jauna pastorala!
Pastoralzale handia izaki nun den pastorala hor izaten naiz ni. Pastorala ez da antzerki hutsa, badu beste magia bat, eta horretaz gain, azken hamarkadetan Xiberoko gizartea euskaldun eta bizirik iraunarazteko balio izan du. Xiberotarrek lan handia egin dute pastorala eta maskarada biziarazten, eta beraiekin batera, eüskara eta euskal kultura arrapizten eta indartzen. Beste euskaldunon aldetik ongi merezitako laguntza beharko lukete. Aurtengo pastorala, ene irudikoz, Jean Louis Davantek idatziriko biribilena izan da. Lixardoi errejentaren eta arizale ororen lana ere biziki ederra izan da. Bihoakie nire aldetik, ene agurrik beroena.
Joseba Aurkenerena (Urruña)
Hegoaldetik
2008-10-01
Nire zorionik beroena bidali nahi diet "Xiberuko Jauna" pastoralean parte hartu duten herritar guztiei. Etxarri-Aranatzen ikusi nuen pastoral hau eta asko gustatu zitzaidan. Lehendabiziko aldiz ikusten nuen pastoral bat zuzenean eta gauza ikusgarria da benetan. Gainera, hemen irakurri ahal izan dudanez, Zuberoan euskara eta euskal kultura suspertzeko balio duen tresna da. Zorionak berriz ere eta biba Xiberua!
Olazti (Nafarroa Garaia)
ahozabal
2008-10-03
Xiberoko euskaldun bezala pastoral guzien ikustera noa eta aurtengoa ikusi dut ere, plazer handirekin. Lexardoi errejentak dinamika eijerrarekin eraman du ikusgarria baina pozgarriena da "pettareko" euskaldunak bildu direla elgarrekin euskal ikusgarri eder baten eraikitzeko, laguntasunean, auzolanean. Euskal atxikimenduan "pettarrak" badu bere lekua.














- 