Ingurumena, aldatzen ari

Bixente Vrignon

Argitaratua: 2011-03-16 13:44:26

Ainitz ari dira, aste honetan, beren bozkatzeko papera prestatzen, igandeko bozarentzat. Guttiago dira haatik, dudan direnak oraino. Zeren bozkatzeko erabakia aspaldidanik hartua da, bai eta ere hautagaia, hautatua. Zergaitik ote beraz kanpaina egin?

Mementu azkarrak dira horiek, herria eta mugimendu politiko baten artean harremanak estutzeko. Politika, ez da urtean 15 egunez egiten. Politika, egunez egun egiten da, eguneroko lan bat da. Politika eginez, abertzaleek ingurumena alda arazi dute. Euskarazko hitzak programetan, euskarari sustengua, herriaren zaintzeko ardura, hemengo eta kalitatezko ekonomia… Adar ainitz agertzen dira hautagai desberdinen programetan abertzaleek landu eta esplikatu eta zabaldu dituztelako. Lan hortaz harro dira.

Hori dute agertarazi joan den larunbatean, azken 30 urte horietako hautagai parrasta bat, Uztaritzen bildurik. Harro, politika egiteaz. Harro, herria hezitzeaz eta herriarengan heziketa eskuratzea ere. Sentido honetan, harro dira azkenean politika egiteaz.

Etxeetako ateetan jo dutenen artean, ainitzek diote eskua zabalik eta irriñoa belarrietaraino "bainan nik ez dut politikarik egiten" Politikarik ez egitea erran nahi du, hautatua denak uzten duela administrazioa bere lana egitea. Kasu egiten du eskaerak fite ala polikiago tratatuak izan diten. Politikarik ez egitea da sinestaraztea oraiko egiteko moldea, molde naturala, beti hala izan dela, eta ez dela aldatzeko arrazoinik, beti horrela izanen baita in saecula saeculorum.

Duela 30 urte, lehen batzuk sinetsi, eta gero sinestarazi dute aldatzea posible dela, oraiko leloa ber-hartzeko "beste mundu bat posible dela", mundu euskaldun bat, elkartasunezko mundu bat.

Entzunak izan direla frogatuko da martxoaren 20an.


Komentarioak

Komentarioa idatzi